Kazetari serieak

Iaz jakin zenean Aaron Sorkin handiak kazetaritzari eta kazitarioi eskainitako serie bat estreinatu behar zuela, erne jarri genituen begiak eta belarriak xut.  Newsroom seriea bolo-boloka ibili zen gure twitterretan eta abarretan, eta ez zen falta izan esan zuenik kazetaritzari buruzko serierik onena zela bera. Ni bat etorri nintzen, lehen atalak ikusitakoan, baina orain ez naiz iritzi berekoa.

Oroitzen zara Lou Grant deitzen den serie hartaz? 70/80 hamarkaden gurutzaketan ezagutu genuen eta esaten da kazetari askok eta askok huraxe ikusi izanari zor diotela bokazioa. Memoria freskatze aldera, haren atarikoa ekarri dut hona:


Lou Grant

Lehen begiratuan, zahar kutsua eskaintzen du gaurko egunean, baina egia da mugarri izan zela serie hau eta derrigorrezkoa nuela bera aipatzea kazetaritzari buruzko serieei eskainitako sarrera honetan. Baina noan, nindoanera, Newsroomera, alegia.

the-Newsroom_nueva-temporada_laenecontecho

 

Esaten hasi naiz, Aaron Sorkin handiaren eskutik etortze hutsa, sekulako bermea zela serie honentzat. Sorkini zor baitzaio, besteak beste, Etxezuriko mendebaldeko ertza serie politikoa. Eta hori gutxi bailitzan, The social network filmaren gidoiarekin Oscar saria irabazitakoa ere bada. Hasi ere, bikain hasten da seriea. Bertan ezagutuko dugu tele-albistegietako gidari errepublikar bat, egiaren alde eta Tea partykoen kontra egiten duena, besteak beste. Kazetari handien ofizioak dituen tentsio eta kontraesanak dira gai eta, baita ere, bere taldeak lan egiteko dituen erak.

Baina kazetaritza diodanean, agian telebistako kazetaritza behar nuke esan, desberdina baita besteetatik. Aste honetan bertan, lankide beterano batek ziostan izango ote den amaren semerik serie honen gora beherak osotasunean ulertuko dituenik. Izan ere, bere ustez, telebistetako albistegien tripak behar dira hurbiletik ezagutu seriearekin behar bezala gozatzeko. Hala ere nik ezin, ordea: lehen denboraldiaren hastapeneko atalekin egundoko atsegina hartu nuen bezala, bigarren aldia amaitu ezinik nabil.Hemen dituzue bi denboraldiak gaztelaniara bikoizturik eta hemen, ostera, hizkuntza berean azpidatzirik.Behin gauzak esaten hasita, inozoagoa den arren gehiago gozatu dut BBCren The hour bikainarekin. Hemen bai direla benetako heroiak kazetariak! Harriturik geratuko zara The wire serieko lagun zahar bat aurkitzen duzunean hemen, beste lan bat egiten: Dominic West.
Gainera, parada izanen duzu abizen euskalduneko antzezle eder bat atxemateko, Romola Garai du izena eta BBCko teleserie askotan agertzen da. (Ez du kazetaritzarekin zerikusirik, baina The Crimson and the Petal and White izeneko honetan, esaterako, bera da protagonista nagusi.)The-HourSari eta aipamen  ugari irabazi ditu miniserie honek, baina ez dirudi hirugarren denboralditik egiteko asmorik dutenik. Domaia da.

(Bigarren denboraldia hemen  aurki dezakezue gazteleraz azpidatzirik, eta lehenengoa, ostera, neuk ere ez dakit nola eskuratu nuen eta nondik. Sorry.)

.
AIPATUTAKO SERIEAK PUNTUAKETA GUZTIZ APETATSUAREN ARABERA:

  • Sopranotarrak (9/10)
  • Borgen (8,5/10)
  • Breakind bad (8,5/10)
  • The Wire (Entzuketa) (8,5/10)
  • The killing (8/10)
  • Bron-Broen (8/10)
  • The hour (7,5/10)
  • The lake (7,5/10)
  • Broadchurch (7,5/10)
  • Millenium (7,5/10)
  • Southland (7/10)
  • The shield (7,5/10)
  • The newsroom (7/10)
  • Wallander (7/10)
  • Orange is the new black (6,5/10)

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Kazetari serieak”-ri buruz

  • The Newsroom-eko 2 denboraldien arteko aldea oso handia da, txarrerako, bai. Romola Garaik ez du abizen euskalduna, hungariarra baizik (Lee angloak, korearrak eta txinatarrak dauden bezalaxe…). Jane Austen-en serie-adaptazio batean ezagutu nuen Garai nik: Emma.