Maiatzean zehar irakurriko dituzun 10 titular
Maiatzean zehar irakurriko dituzun 10 titular –
Itxialdia arintzearen faseak ondo ulertzea etorkizuna asmatzea baino zailagoa denez, guztiontzako maskarak eta testak heldu bitartean, maiatzean zehar irakurriko dituzun hamaika titular aurreratzen dizkizugu hemen, irakurle.
-
Nekane Murgaren ekimenez, Osakidetza gutun-sorpresak bidaltzen ari da etxeetara. Batzuk testak eta maskarak dituzte barruan, eta beste batzuk… ezer ere ez.
-
Hemendik aitzina, udaltzain izateko lan eskaintza guztietan, talent-show-etako epaimahaikideek zuzenduko dituzte frogak.
-
Athleticek eta Errealak uko egin diote gizonezkoen Kopako finala jokatzeari, “zertarako, zaleek jada ospatua dute garaipena!” argudiatu dute Oyarzabal eta Muniainek.
-
Etxean Goxo elkartea sortu eta pegatinak banatzen hasi da egunero ordu bete irtetzeari uko egin nahi dion ume talde bat, “txango- telebista+” leloarekin.
-
Kronometroak eskuan, hemendik aurrera ertzainek bi minutuero emango diete irteera zikloturistei bide gorrietan, Tourreko erlojuz kontrakoetan bezala.
-
Ospitaleak betetzen hasi dira berriro, honakoan min hartutako korrikalariez. “Kirola aukera bat da -gogorarazi dute medikuek-, eta ez derrigorrezko jarduera”.
-
Herrietako elkartasun sareak nola, Barne Sailak salatari sarea antolatu nahi du oraingoan. “Diru asko aurreztuko dugu bideozaintzarako kameratan”, esan du ertzainen buruak.
-
14 urtetik gorakoen legez kanpoko ‘rave’-ak antzeman dira Euskal Herriko soto eta garajeetan. “Lurrazpian kriston martxa dabil!” onartu dute nerabeek.
-
Elizak bete (%30ean bada ere) eta festetako erromeriatan elkarrengandik bi metrotara dantzatu beharko dela-eta, pozik agertu da Munilla, “aspaldiko garaietan legez, aizue!”.
-
Diskoak erosten dituen balkoietako DJ bat aurkitu omen dute; bihar 20.00etan berarentzako izango dira leihoetako txaloak.
-
Uda hurbil dela-eta, herritar asko hasi da balkoiak munduko toki ikonikoetako irudiekin margotzen, “oporretako argazkietarako, badakizue”.
Maiatzean zehar irakurriko dituzun 10 titular