Maiatzak 1

Maiatzak 1 manifestua –

Maiatzak 1 manifestua

CGT-CNT-ESK-STEILAS-SOLIDARI

Maiatzak 1

Albisteen arretagunea beste nonbait egonik eta lan erreforma eskasaren oihartzunak urrun dabiltzan honetan, erabaki dute COVIDa gripe bat dela eta langileen eskubideak bigarren mailakoak. Azken bi urte hauetan, amestu genuen une batez beste mundu bat posible zela, uste genuen hobeak atera gintezkeela sistema kolokan jarri zuen osasun eta gizarte krisitik, eta ia behatz puntekin laztandu genuen bizitzak erdigunean jartzearen kontu hura. Une batez, eztabaidaezina iruditu zitzaigun funtsezkoak ginela. Baina pozak gutxi irauten du pobrearen etxean, eta sistema kriminal horrek berehala markatu ditu egonguneak; haren logika da heriotzarena, gerrarena eta interes ekonomikoena, eta guk ordaintzen ditugu ondorioak.

Hamarkadak daramatzagu salatzen langileen prekarizazio laborala eta soziala. Lan-harremanen ereduetan islatzen da prekarietatea; ertz asko ditu baina, batez ere, emakume aurpegia, gu garelako beti okerren ateratzen garenak, eta errealitate bat delako pobreziaren feminizazioa. Kristalezko sabaiez mintzo zaizkigu, baina zoru likatsuz gaude nazkatuak, sistema patriarkal eta heteronormatibo honetaz: hil egiten gaitu, eta bizitza miserablera kondenatzen. Prekarizazioak eta pobreziak gazteei eta migratzaileei eragiten diete gehien.

Sistemaren arrakalak agerian geratu direnean eta zerbitzu publikoen garrantzia; osasuna, hezkuntza, gizarte zerbitzuak edo zaintza lanak, gobernuek, bai hemengoak bai Madrilgoak, herritarrak eta diru publikoa esku pribatuetan jartzearen alde egiten dute.

2022a sirena kantuekin hasi genuen: garai hobeak iragartzen zizkiguten. Baina Ukrainako gerrak lehengaien espekulazioa eta kontsumorako prezioen gorakada nagusi diren agertokian jarri gintuen berriro ere, gehiago daukatenentzat metaketa handiagoa suposatzen ari den espekulazioa. Eta gobernatzen gaituztenek erantzukizuna dute balantza behingoz orekatzeko eta gehiengo sozialen txirotzea geldiarazteko. Izan ere, batzuk beste alde batera begiratzen duten bitartean, faxismoak, bere gezur eta oportunismoarekin, aurrera eta aurrera doa.

Batzuek berriki konturatu dira planeta mugatua dela, eta ekologismoari eta trantsizio energetikoari buruzko irakaspenak ematera datozkigu. Guretzak ez du balio edozein trantsiziok, ez du balio berdez margotutako Iberdrolarenak, ekoizpen aldaketa finantzatzeko soldata eta lan eskubideak murrizten baititu. Eraldaketa produktibo bat behar dugu, non pertsonen beharrak eta ongizatea erdigunean izango diren. Trantsizio bat, zeinetan guk izango dugun ekonomiaren kontrol demokratikoa, kapitalaren interesetara makurtu gabe, eta saldu nahi diguten kapitalismo horretatik urrun.

2021ean 9.925 lan istripu gertatu ziren Nafarroan; aurten 14 langile hil dira Euskal Herrian. Nafarroa gora doa lan-istripuen ranking beldurgarrian, eta Estatuan hirugarrena da istripu kopuruari dagokionez. Noiz arte jasan beharko dugu hau? Noiz arte joan behar dugu lanera jakin gabe etxera itzuliko ote garen? Langileok eskubidea dugu lanean osasuna izateko baina, batez ere, lanera joaten garen bakoitzean bizitza jokoan ez jartzeko.

Eskubideez ari bagara, ezinbestekoa da Etxeko Langileez ere hitz egitea, ordua baita langile horiei gainerako langileei aitortzen zaizkien eskubide berberak aitortzeko. Eskatzen dugu gobernuak berehala onar dezala haien langabeziarako eskubidea, Europar Batasuneko Justizia Auzitegi Nagusiak agindu bezala.

Orain, inoiz baino gehiago, erantzuten jarraitzeko unea da, argi uzteko patronalari eta eskerrak ematen dizkietenei, ez garela apurrekin konformatuko, eta gu, langileok, gaudela haien gerren, onuren eta interes ziztrinen gainetik.

Gora langileon borroka!

Gora maiatzak 1!

Manifestua sinatzen dute:

Iratxe Álvarez (ESK)

Edurne Arandigoyen (Solidari)

Juan Hualde (CNT)

Maura Rodrigo (CGT)

Raul López (STEILAS)

Maiatzak 1 manifestua