Errege txiroa

Errege txiroa –

[Normalean ez bezala, asteburu hau oparoa izan da, eta Euskalerria Irratirako biharko predikurako bat ez, hiru testu idatzi ditut. Hau baztertzea erabaki dut, baina gaur langileen eguna izanik, egokia iduritu zait hemen argitara ematea, poliki eta lan handia eginez bi milioi euro aurreztu duen langile nekaezin horren omenez].

Pobreek, mundu guziak ongi dakien bezala, ez dute deus, edo ia deus, baina zoriontsuak dira, eta onak. Espainiako erregea zoriontsua ote den ez dakigu, baina ona da naski, pobrea baita. Tira, beharbada pobre-pobrea ez, baina, egun hauetan Espainia aldeko telebista eta irratietan ez sobera sotilki iradoki diguten bezala, ez du diru anitz. Bi milioi euro eskas. Eta duen sos guti hori, telebista eta irrati horietan iradoki ez, hitzez hitz erran diguten bezala, bere lanari zor dio gure Felipek, urte haueten poliki-poliki aurreztuz joan baita. Beraz, entzule, badakizu, kontu korrontean oraindik bi milioi euro ez badituzu, zerbait gaizki egiten ari zaren seinale.

Bi milioi horiek ez dakigu nahiko diren pobreen zoriona erdiesteko, baina, antza, erregea ona dela erakusten dute. Zertan den ona, berriz, aski kontu enigmatikoa da, baina politikan, bistan dena, ez dabil bereziki fin: Errege etxeak Estatu espainoleko alderdi konstituzionalistei baizik ez die Feliperen nekearen nekez pilaturiko lau sos horien berri eman, bortz alderdi –EH Bildu, BNG, CUP, Esquerra eta Junts per Cat– ontasun monarkikotik kanpo utzita. Horrela, berez neutrala behar lukeen erakunde goren horrek markatu du zein diren alderdi onak eta zein gaiztoak, eta, hedaduraz, zein diren espainol onak eta zein gaiztoak.

Ni kontent nago espainol gaiztoa izanik, eta espainola izatera behartuko ez banindute, kontentago egonen nintzateke. Baina hori bertze kontu bat da. Oraingo kontua zera da, ezagun dela Felipe Borboikoak ez duela ongi ulertu zer den demokrazia, ezta monarkia parlamentarioa ere. Agian aitak gaizki azaldu zion etxean. Hori ere ez litzateke harritzekoa, aintzat hartzen badugu aitari politika nork azaldu zion.

Errege txiroa

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.