Euskal Errepublika helburu

Euskal Errepublika helburu –

Euskal Errepublika helburuEuskal Errepublikaren gogoa ez da abertzaleon asmo berria, gaur goizean asmatutakoa. Tradizio historiko luzea duen aldarrikapena baizik. Sabin Arana jaio baino 130 urte lehenago, XVIII. mendean, hau idatzi zuen Aita Larramendi andoaindarrak: “Zergatik euskarak ezin du bere hiztun guztiak elkarrekin ikusi, Nazio bakar batean bildurik, aske eta beste hizkuntza eta nazioen menpekotasunetik at? Zergatik egon behar dute Espainiako hiru lurraldek (Gipuzkoak, Arabak eta Bizkaiak) Gaztelaren menpean (eta zer ez nuke esan behar Nafarroako erresumaz?) eta beste hiruk (Lapurdik, Zuberoak eta Nafarroa Behereak) Frantziaren menpean?”. Eta beste pasarte batean, bere proposamen independentista zehazten zuen: “Pirinioetako Probintzia Batuak izango gara…. Eta baskongadoz osatutako Errepublika sortuko dugu

Larramendiren ostean, eta Arana jaio baino lehenago, Dominique Garat lapurtarrak eta Agosti Xaho zuberotarrak antzeko proposamenak ere plazaratu zituzten. Horiek guztiek Frantziatik eta Espainiatik at zekusaten Euskal Errepublika.

Geroago, XX. mendean, abertzale eta independentista gehienentzat ezezagun samarra den pasarte historiko interesgarria gertatu zen: 1931ko apirilean, Espainiako errepublika ezarri eta egun gutxitara, Hego Euskal Herriko hainbat udalek, autodeterminazio eskubidea aipatuz, Euskal Errepublika bat aldarrikatu zuten mozio baten bidez. Ez ziren gutxi izan mozio hori onartu zuten Gipuzkoako eta Bizkaiko udalak, mozioa onartu eta gero telegrama bat Espainiako errepublikaren presidenteari bidali ziotenak, Euskal Errepublika bat eskatuz.

1931ko apirilaren 14ko data Espainiako errepublikaren ezarpenari lotuta dago euskaldun askoren oroimenean. Ohituta gaude data hori Euskal Herrira ekartzean Eibarko udalaren aldarrikapena irudikatzen, bertan biltzen baitira urtero ezkertiar espainiarrak urteurren hori ospatzeko. Inork gutxik daki, ordea, egun batzuk geroago Euskal Herriko beste udalerri batzuek Euskal Errepublikaren aldarria egin zutela, berezko errepublika bat eskatuz gure nazioarentzat. Azpeitian, Zumaian, Bermeon, Mundakan, Errenterian, Bergaran, Markinan, Lazkaon, Oñatin, Orion edo Hernanin, besteak beste, Euskal Errepublikaren aldeko aldarrikapena onartu zuten udalbatzek, kasu gehienetan aho batez. Bada garaia gure historia hurbileko pasarte hori jakiteko eta bere indarraz ohartzeko.

Izan ere, berezko errepublika bat eskuratzeko nahia ez da gure gutizia hutsa, premiazko behar gordina baizik. Euskaldunok Euskal Errepublika behar dugu gure etxe propioa izateko, eta gure etxe horretan guk agintzeko, ez espainiarrek edo frantsesek. Euskal Errepublika behar dugu gizarte justuagoa eta demokratikoagoa eskuratzeko. Eta Euskal Errepublika behar dugu gure hizkuntzari, gure kulturari eta gure identitate kolektiboari eusteko, eta Herri bezala bizirik irauteko frantziar eta espainiar asmo asimilazionista aseezinen aurrean. Txillardegik zioenez, “estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; gabe, ziur ezetz”. Euskal Errepublika lortu ezean, Euskal Herria desagertzera kondenatuta dago, ezinbestean.

Horregatik guztiarengatik, maiatzaren 7an Euskal Errepublikaren Eguna ospatuko dugu Azpeitian. Alde batetik, gure memoria historikoa berreskuratzeko eta gure historia hurbileko 1931ko pasarte hura gogorarazteko, baina baita Euskal Errepublikaren beharra sozializatzeko ere, eta duela 91 urte Azpeitiko Udalak eta Euskal Herriko beste udal askok aldarrikatu zuten mezuaren gaurkotasuna agerian jartzeko. Katea ez da eten. Izan zirelako gara, garelako izango dira. Gora Euskal Errepublika! Maiatzaren 7an, euskal independentista guztiok Azpeitira!

Euskal Errepublika helburu

Euskal kontzientzia nazionala lantzen duen taldea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude