Maiatz gazi-gozoa

Maiatz gazi-gozoa

Konturatu orduko, maiatza atzean geratu da, eta burua biratzea kostatu egiten zait. Izan ere, ez da samurra izan, nahiz eta gozotik ere ekarri. Bizitzaren laburpen ezin errealagoa, azken batean. Jarraian, gure etxeko kronika.

Hasiera eman genion lagun baten agurrarekin; eta askotan gertatzen den bezala, galera horren aurrean ikusten dugu zenbat jaso dugun, zenbaterainoko eragina izan duen pertsona horrek guregan.

Ramon Lizeagak egindako eta ekarritako gaztekin bidaiatu egin ginen Asturiesera, Erresuma Batura, Alpeetara, Iparraldera, Aiara… Bidaia goxo horietan guztietan amets berriak pizten zitzaizkigun, eta geure burua irudikatzen genuen gazta horiek egiten, gure ardien esnearekin.

Gazta urdina
Gazta urdina geotricum candidumekin

Gazta urdinarekin ausartu gara, Malen Sarasua bidelagun dugula. Hasierako egunetako gaztak goxoak ziren, baina ai azken bi eginaldikoak…! Geotricum candidum izeneko lizunak –gazta urdinaren amets-gaiztoa– kendu egin zion tokia penicilium roquefortiari eta gazta urdina izan beharrean, zuria. Frustrazioa… itzela; negargura, geldiezina. Bi hilabete emaitzaren zain eta… alferrikakoa Anaïsekin gaztak zulatzen egindako lana, –ez denbora, ordea, plazera baitzen berarekin izatea–. Kontsolamendu bakarra hauxe: Montxori gertatzen bazitzaion, guri nola ez…

Belar garaiak ere heldu ziren, eta aurten, iaz ez bezala, negurako belarrak egin ahal izan ditugu, moztu genuen azkena busti bazen ere. Benetan usain goxoa du aurtengo uztak… Belarretan aritzea bada gustatzen zaidan lan bat, dena den, aurten gehiago tokatu zait etxeko martxari heltzea –jetzi, gazta egin…–. Zorte apur batekin, eguraldiak laguntzen badu, bibelarretara joaterik izango dut…

Maiatz gazi-gozoa
Belarra moztuta, etxera eramateko prest

San Ixidro eguna modu berezi batean ospatu genuen. Lehendabizikoz herrian, bost baserritako ateak ireki ziren maiatzaren 15ean, tartean gureak. Astelehena izanik, ez genuen jende asko espero, baina 30 bat lagun gerturatu ziren gurera. Poz handia izan zen gure lanarekiko eta bizimoduarekiko interesa ikustea eta gure lanaren berri eman ahal izatea. Batzuk ziren estreinakoz etorritakoak, sekula santan honaino heldu gabeak; eta eurentzat aukera paregabea izan zen ezagutzeko gazta horien atzean zer dagoen, nortzuk gauden… Nahiko nuke, beste edozein santuren eguna izanik ere, jendea animatzea baserrietara etortzera. Eta ez hori bakarrik, nahiko nuke jendea jaten ari denaz arduratzea eta ekoizleari azalpenak eskatzea. Nik horrelakoak ez ditut gaizki hartzen, juxtu kontrakoa: poztu egiten nau jarrera horrek. Gainera, uste dut gure erantzukizuna badela gure lana azaltzea eta erakustea. Gardentasunak eta konfiantzak ezinbestean behar dute tokia gure harreman horretan.

Maiatz gazi-gozoaUrtero bezala, ile-moztailea etorri da –aurten hilabete lehenago–. Etxe askotan egun alaia da; nik, ordea, ez dut horrela bizi, artilea moztutakoan biluzik eta babesgabe ikusten baititut ardiak. Hasieran ez dute elkar ezagutzen –ezta ama-alaben artean ere– elkar usnatu behar dute ezagutu ahal izateko. Oso bitxia da artaldean gertatzen den aldaketa, ikusgarria. Aurten, halere, egun hori berezia izan da oso. Izan ere, gure arkumeak erasotu zituen txakurraren jabea izan dugu laguntzaile eta bazkaltiar. Behin arkumeak sendatu ziren, hitz egin genuen kalte-ordainaz, eta proposatu genion beharra zegoenean laguntzera etortzeko. Berak onartu egin zuen. Ikusten genuen aukera polita zela –egun batez bazen ere– gure bizimodua ezagutzeko eta ardien maneiua ulertzeko; eta horrek lagunduko ziola –zigula– etorkizunean, erasoaldiak saihesten. Egun horretan jakin genuen txakurra hezten ari zela aditu batekin, lotuta eramaten duela… Gertaera latz batetik sortu da egoera aberasgarria guztiontzat.

Hortxe geratzen da gure maiatzeko kronika gazi-gozoa. Ekainean gara bete-betean, eta horri heldu behar oraingoan. Ekainari eta beldurrei… Bai, beldurrei ere bai; izan ere, beldur diot gazta urdina berriz egiteari eta kamaran gertatu ahal denari; beldur diot geotricumari, hobe esanda. Kamaran egin ahal nuen guztia egin dut, ausardia baino ez zait falta. Ostegunean egon nintzen urdina egitekotan, eta ezin. Ea bihar…

Maiatz gazi-gozoa Maiatz gazi-gozoa Maiatz gazi-gozoa Maiatz gazi-gozoa Maiatz gazi-gozoa Maiatz gazi-gozoa

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN