Kontuz txakurrekin, mesedez (I)

Kontuz txakurrekin, mesedez

Kontuz txakurrekin, mesedez

Gaur izan da hirugarren eguna, ardiak eta hazarkume handienak –18 zehazki– mendira joan diren hirugarren eguna. Eta ezin esan gaurkoan arratsalde ederra pasa dutenik…

Quim abiatu da arditara –wwooferra, gaur bere lehendabiziko txangoa ardi bila–, eta bidean ardi bat, bakarra, topatu du. Ez da sintoma ona izan…

Handik gutxira, 17:30ak aldera, jezteko makina prestatzen ari nintzela, Quim etorri da ardiekin, mendian txakur batek arkume bati eraso egin diola, lepoan. Artegira joan, eta artaldearen lehen inpresioa txarra izan da, ardiak beldurrez ziren, arnasestuka… eta hantxe ikusi dut txikia, odoletan. Beste bati odola zerion buztanetik eta hirugarren bat herren zebilen.

Lehendabizikoa ikusita, Quimi esan diot etxeko autoa hartu eta txakur horren jabearen bila joateko, eskatzeko etxera etortzeko, ikus zezan zer gertatu den. Topatu egin du. Bitartean, nik besteak artatu.

Beranduxeago etorri dira txakur-jabeak, lehen arkumearen zauriak garbitzen ari ginela. Jabea begira-begira genuen, tarteka galderaren bat egiten zigun –osatuko ote ziren, zer egin zezakeen txakurrarekin…–, behin baino gehiagotan sentitzen zuela esan… Eta guk arkumea garbitu eta garbitu, nik ezin nion eutsi begiradari, negar malkoak zetozkidan begietara. Lepo-azpia handituta dauka arkumeak. Besteak ere artatu ditugu, ez du larri ematen haienak.

Tarteka, albaitariari deitu egin diogu, telefonoa hartu ez. Hortaz, egin ahal duguna egitea tokatzen da.

Eta ez da hor geratzen kontua… 20:00ak aldera, ardi bat azaldu da, arkumea odoletan zekarrela hura ere. Primavera da arkumea, umeen kuttuna. Lepoaldean dauka haginkaden arrastoa, bakarren bat sakon samarra; zauriak desinfektatu egin dizkiogu.

Kontuz txakurrekin, mesedez (I)
Primaveraren zaurietako bat

Gaueko 21:00etan lortu dugu albaitariarekin hitz egitea, antibiotikoa eman behar diegu larri zauriturik dauden bi arkumeei, hiru egunez. Eta hala ere ez dago ziurtaturik sendatuko direla. Txakurren haginkadak ez baitira beti osatzen…

Gaur hirugarren eguna 18 hazarkume koxkor horiek amengandik bananduta egiten zutela lo eta belarra eta pentsu piskat ematen genizkiela. Baina gaur ez, gaur elkarrekin egingo dute lo ama-alabek. Nahiko izan dute gaurkoz, goxo-goxo egon daitezela. Eta bihar ikusiko dugu.

Gaur jota bukatu dugu eguna, zeharo triste, gogorik ez ezertarako. Ardiei begiratu eta pena izugarria sentitu dut.

Halakoetan ere alde onak egon badaudelako, hona hemen gaurko nirea: txakur horren jabea etxera etorri da, ez da ezkutatu, bere ardura hartu du; eta uste dut benetan sentitzen duela gertatutakoa. Horregatik eskerrak eman dizkiot, neuk ere benetan.

Inork irakaspenik atera nahiko balu, badu non… Nik gaurkoz ezin dut gehiago.

Kontuz txakurrekin, mesedez

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN