Gaztagintzaren bide urratzaileak

Gaztagintzaren bide urratzaileak –

Gaur ardi batek sasia ekarri du kateatuta artiletan. Maiz gertatzen da; izan ere, gure ardiek bidezidorrak maite dituzte; zenbaitetan besteren batzuek urratutakoak izango dira, eta bestetan haiek beraiek egindakoak, ibiliaren ibiliaz. Bertan, sasiez gain zaingorriak, sorgin-belarrak eta zuhaixken hostoak–besteak beste– topatzen dituzte. Topatu eta jan; gustura, gainera.

Nik ere maite ditut bidezidorrak, aberatsak direlako eta altxor txiki asko eskaintzen dituztelako. Era berean maite dut ardien joan-etorriak ikustea halakoetan. Batzuetan sastrakaren artean aurrera doazela, galdetzen diot neure buruari bidexka hori nork eta noiz ireki zuen, zer nolako urratuak egin zituen bere bide hori eginez… Mendia sasiek hartuta dagoenean beldur naiz ez ote diren trabatuko edo zaurituko –batez ere errapeetan dago arriskua–, baina ardiek aurrera egiten dute, beldurrik gabe, hurrengoa goxoagoa izango delakoan.

Eta egunez egun eta urtez urte bideak ireki egin dira –dituzte–, eta guk horietaz gozatu, nahiz eta hainbatetan hankak urraturik eraman etxera –urratu arinak, halere–. Akaso, bakarren bat bide zabala bilakatuko da, denok ere erosoago joateko. Handik gutxira, alabaina, kostata irudikatuko dugu bide zabal horren hasiera, haren sasi eta guzti.

Gaztagintzaren bide urratzaileak

Gaur, ezinbestean, ardien lan isil horrek gaztagintzaren bidezidorrak ekarri dizkit gogora.

Euskal Herrian gaztak bide garbia eta zabala du: baditu Jatorrizko Izendapenak, badu errekonozimendua, badu babesa, badu kalitatea, badu eroslea… badu. Eta bada munduan. Horregatik da oso zaila azaltzea zergatik aukeratzen den bide itxia. Horregatik da oso zaila azaltzea zergatik bilatzen diren altxor txiki ezkutuak. Eta horregatik da oso zaila besteek onartzea hurkoaren erabakia, bestearen bide-urratze hori.

Aitzindariari, orduan, bidezidorra irekitzen ari dela, bestelakoak ere urratzen zaizkio –bihotza, tarteka– eta une batean zirt edo zart egin behar du: aurrera jarraitu ala atzera egin eta besteen bidetik jarraitu. Atzean dituenen artean, denetarik egongo da, batzuek zirt eta besteek zart; baina berak aurrera egiten du, hurrengo mokadua goxoagoa izango delakoan. Hurrengora heltzeko, aztarna zaharrak probestuko ditu orain; gero, aldiz, berak asmatuko ditu ondorengoentzako aztarna berriak.

Goxoagoa topatzen du, eta hala ere aurrera, hurrengo mokadu goxoaren bila. Horrela, bilduma ezin aberatsagoa osatzen du: ahuntz gaztak, behi gaztak, ardi gaztak, denen esneerekin egindako gaztak…; gazta laktikoak, entzimatikoak, pasta bigunak, pasta egosiak; azal garbidunak, azal lizunduak; erruloa, urdina, Morbier, Stilton, Crotin, Blue, Camembert, Comté…

Konturatzerako, irakurle, hemen, Euskal Herrian bertan, gazta izatetik gaztak izatera pasatu gara. Gaztaren mundua bizitzetik, gazten munduak bizitzera pasatu gara. Hemen ditugu mokadu goxo horiek; asko Euskal Herriko baserrietan eginak, beste asko beste herrialdetako baserrietan –utzidazue, arren, gaurkoan industriaz ahaztea–.

Bide-urratzaileak eskuzabalak dira, oso; eta isilak, inor asko ez da euren lanaz konturatzen, ez baitute nabarmendu nahi. Bide-urratzaileak ausartak dira –beharko!–, baina inoiz ez dute harrokeriaz jokatuko. Haiek gertu izatea opari handia da, eta eurek utzitako bidezidorrak ibiltzea baino ez dugu, itxiko ez badira.

Gaztagintzaren bide urratzaileak

Zorionekoak gu Ramon Lizeagak irekitako bideak ezagutzeko aukera izan dugulako, bere altxor goxo horiek gozatu ditugulako.

Bazatoz? Urraturen bat edo beste baino ez da izango… eta mokadu goxo asko…

Gaztagintzaren bide urratzaileak Gaztagintzaren bide urratzaileak

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN

2 pentsamendu “Gaztagintzaren bide urratzaileak”-ri buruz

  • ganbaratxotik 2017-05-10 15:56

    Ze ona Josebe.
    Gu ere gertu zuen aldamenean bide berriak urratzeko.
    Segi holaxe.

  • Earra.
    Mendian sendak pistak baino askoz politagoak dira, nahiz eta pistak ugarituz joan. Eskerrak zuen ardiei. Gu bidetxurrean atzetik joango gara