Madrilerako bidean diren euskal politikariak

Madrilerako bidean diren euskal politikariak

Madrilerako bidean diren euskal politikariaEspainiako presidentea hautatzeko hauteskundeak izango dira abenduaren 20an eta, beste behin, kanpainan sartuak gara. Data heldu eta botoak kontatu aitzin, CIS-ek inkesta bat argitaratu zuen atzo, eta ElDiario.es hedabideak egindako aurreikuspenetan aurki Madrilerako bidea hartuko duten Hego Euskal Herriko hautagaiengan jarri dugu atentzioa.

Espainian, orain arte, biren artekoa zen demak, Partido Popularraren eta Partido Sozialistaren artekoak (lehenek 120-128 aulkiko aurreikuspena dute eta bigarrenek 77-89koa), hirugarren protagonista bat du aurten, Ciudadanos (63-66 aulki bitartean). Eta dezente atzerago izango ei da Podemos (23-25 aulkirekin).

 

Hego Euskal Herria

Hego euskal Herrian baina, jokaleku berezia izanik, alderdi horiek apenas dute ordezkaritzarik. Guztira 23 politikari izango dira Madrilen, eta EH Bildurena izango da talde nagusiena, 6 edo 7 lagunekoa -Gipuzkoan aulki bateko tirabira baitute PSOErekin-, 6 ordezkari izango dituzten jeltzaleekin batera. Podemosek 5 eta Partido Popularrak 4, Nafarroako UPNko biak kontatuta. Gipuzkoan gertatzen denaren arabera, PSOEk 2 edo hiru kide baino ez ditu izango Kongresuan.

Edonola ere, deigarria da oso diputatu guztietatik bospasei baino ez direla emakumezkoak (guztiak Podemos eta EH Bildu alderdietakoak); gehien-gehienak gizonezkoak dira (EAJ, PSOE eta PPko euskal ordezkaritzan ez du izango emakume diputaturik).

 

Madrilgo 23ak:

 

ARABA

Lau alderdi ordezkari banarekin, guzti-guztiak gizonezkoak:

  • Mikel Legarda (EAJ) 1956an Indautxun jaioa, Bilbon, Gasteizen hiru bizi da orain dela hiru hamarkada. Jurista ezaguna, profil teknikoa du eta ibilbide luze eta zabala egin du euskal administrazioaren baitan. Bi semeren aita da.
  • Iker Urbina (EH Bildu) 1977an Gasteizen jaioa, Donostian zuzenbide ikasketak burutu zituen EHUn eta abokatua da egun. Gaztetatik izan da herri mugimenduko kidea eta diputatua da 2011 geroztik. Mutiko baten aita da.
  • Juan Antonio López de Uralde (Podemos) 1963an Donostian jaioa, ekologiaren aldeko ekintzaile ezaguna da; hamar urtez Greenpeace Españako zuzendari izan eta Equo alderdiko partaidea da. 2010ean “El planeta de los estúpidos, propuestas para salir del estercolero” liburua plazaratu zuen.
  • Alfonso Alonso (PP) 1967an Gasteizen jaioa, Filologia Erromaniko eta zuzenbide ikasketak burutu zituen eta abokatu lanak egin. Gasteizko alkate izan zen 1999tik 2007ra eta EAEko Alderdi Popularreko lehendakari izateaz gain Espainiako Osasun ministroa da egun.

 

BIZKAIA

Zortzi ordezkari izango ditu Bizkaiak Kongresuan, bina EAJ, EH Bildu eta Podemos alderdietatik, eta bana PSOE eta PPtik.

  • Aitor Esteban (EAJ) 1962an Bilbon jaioa, Deustuko Unibertsitatean Zuzenbide Doktore egin zen eta bertako irakasle izana da. EAJren Bizkaiko zerrendaburua Diputatuen Kongresuko Euzko Abertzaleak taldeko kide da 2004a geroztik eta bozeramailea 2012an Erkoreka ordezkatu zuenetik.
  • Pedro Azpiazu (EAJ) 1957an Deustuan jaioa, Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatu zen EHUn eta Herrialde eta Hiri Ekonomian espezializatu. Madrilgo Euzko Abertzaleak taldeko ekonomilaria da. Athletic zale amorratu, 2000. urtetik diputatua da Espainiako Kongresuan.
  • Onintza Enbeita (EH Bildu) 1979an Muxikan jaioa, bertsolaria eta kazetaria da, Berria eta ETBn lan egindakoa. Agroekologian eta Euskal Kulturgintzaren Transmisioan graduondoko bana du egina. Espainiako diputatu izan da 2011tik Amaiur koalizioaren izenean.
  • Jon Inarritu (EH Bildu) 1979an Leioan jaioa, legelaria da, Nazioarteko eta Europako zuzenbidean aditua. Arrazakeria, xenofobia eta diskriminazioen aurkako militante, 2011tik Madrilgo Kongresuan izan da, Amaiur koalizioko ordezkari.
  • Eduardo Maura (Podemos) 1981ean Valladoliden jaioa, soziologia ikasketak burutu zituen eta filosofian doktorea da. Eskolak eman izan ditu besteak beste Madrilgo unibertsitate Konplutensean, eta Podemos alderdiko arlo kulturalaren ardura du. J. J. Rousseau eta Walter Benjamin editatu ditu.
  • Maria Rosa Martínez (Podemos) 1975ean Leonen jaioa, Equo alderdiko bozeramailea da 2014a geroztik. Zientzia Politikoak ikasi zituen eta Aranzadi elkartean egin du lan, besteak beste memoria historikoaren gaineko hezkuntza proiektuetan. Ekologista eta feminista da. Bi haurren ama da.
  • Patxi López (PSOE) 1959an Portugaleten jaioa, Bilbon bizi da egun. 1987an izendatu zuten lehen aldiz diputatu eta Eusko Legebiltzarrean aulkia izan du 1991etik hona, etenik gabe. PSEko idazkari nagusi izan zen Idoia Mendiak ordezkatu zuen arte. Eusko Jaurlairtzako seigarren Lehendakaria izan zen.
  • Leopoldo Barreda (PP) 1960an Bilbon jaioa, zuzenbide ikasketak egin eta egun abokatu da. Zazpi legegintzaldiz izan da Gasteizko Parlamentuan PPko ordezkari; 1996an Jaime Mayor Oreja ordezkatu zuenetik taldeko bozeramailea da. PPko Bizkaiko lehendakari ere izana da, 1987 eta 1995a bitartean.

 

GIPUZKOA

Podemosek ordezkaritza lortzen du Gipuzkoan, eta bina dituzte ziurtatuak jeltzaleek eta EH Bilduk. Azken hauek hirugarren bat ere lor dezakete, PSOErekin tira-biran baitute bat. Odon Elorzak eserlekua galduko balu, Patxi López izango litzateke EAEko sozialisten ordezkari bakarra Madrilen.

  • Marian Beitialarrangoitia (EH Bildu) 1968an Legazpin jaioa, oso gazte zela hasi zen euskal komunikabideetan lanean, ingeniari ikasketak egiteko asmoa zuen arren. Egun Hernanin bizi da eta bertako alkate hautatu zuten 2007an. Egun legebiltzarkidea da Gasteizen.
  • Rafa Larreina (EH Bildu) 1956an Gasteizen jaioa. Ekonomia ikasketak egin zituen EHUn eta Enpresen Goi-mailako ikasketak Nafarroako Unibertsitatean. Eusko Legebiltzarkidea eta azken lau urteetan Amaiurreko ordezkaria Madrileko Kongresuan. Opus Deiko kidea da.
  • Joseba Andoni Agirretxea (EAJ) 1966an Ondarroan jaioa, duela 25 urte Donostian bizi da Gipuzkoako EAJren zerrendaburua. Euskal Filologia ikasi zuen Deustun eta ibilbide luzea egin zuen komunikazio munduan, ETBn. Bi alabaren aita da. Egun diputatua da Madrilen.
  • Iñigo Barandiaran (EAJ) Donostian orain 56 urte jaioa, EAJko kide da 1977tik eta era guztietako karguak izan ditu organigrama jeltzalean. Kutxako kontseilari izana da. Bi alabaren aita da, Agirretxea bezala.
  • Nagua Alba (Podemos) 1990ean jaiotako donostiarrak psikologia ikasketak egin zituen EHUn eta master bat hezkuntzaren psikologian. Gizartetik baztertze arriskuan diren taldeekin egin izan du lan beti, umeekin bereziki.

 

* Bi hauetatik batek baino ez du izango aulkia Madrilen:

  • Maite Sarasua (EH Bildu) 1959an Zarautzen jaioa, idazkaritza ikasketak egin zituen. Udaltzaina izan da jaioterrian 1999ra arte eta Udalaren Gizarte Zerbitzuetan harrezkero. Bi seme-alaban ama da.
  • Odon Elorza (PSOE) 1955ean Donostian jaioa, bertako alkate izan zen hogei urtez, 1991tik 2011ra. Aurretik Eusko Legebiltzarreko kidea izan zen, eta egun diputatua da Madrilen.

 

NAFARROA

Unión del Pueblo Navarroren eskutik bi nafar ordezkari izango ditu PPk Madrilen, eta EH Bildu, Podemos eta PSOEren bana.

  • Sabino Cuadra (EH Bildu) 1949an Amurrion jaioa, lau hamarkada daramatza Nafarroan. Abokatua, internazionalista eta ezkertiarra da. Azken lau urtetan Madrilgo Kongresuan Amaiurreko parlamentaria izan da eta parte hartze sonatuak izan ditu Madrilen.
  • Ione Belarra (Podemos) 1987an Iruñean jaioa, Psikologia ikasketak burutu eta hezkuntzan egin du lan. Mugimendu sozialetako kide, bereziki etorkinen alde egin izan du; migrazioari buruzko dotkore tesia egiten dabil.
  • Jesús María Fernández (PSOE) 1957an Iruñean jaioa, PSOEko kide da orain hiru hamarkadatik. Lanbidez medikua da eta eskarmentu handia du kudeaketan, erantzunkizunak izan baititu bai Nafarroako Gobernuan bai Eusko Jaurlaritzan; azken honetan osasun sailburuordea izan zen 2009-2012 artean.
  • Iñigo Alli (PP) 1973an Iruñean jaioa, Biologia ikasketak egin zituen. Nafarroako Unibertsitatean irakasle izana da, enpresa handietako aholkulari eta Nafarroako Kutxako Civicaneko zuzendari.
  • Carlos Salvador (PP) 1966an Iruñean jaioa, zuzenbide ikasketak egin zituen Nafarroako Unibertsitatean eta abokatua da egun. UPNko kidea diputatua da Kongresuan. Lau seme-alaben aita da.

2 pentsamendu “Madrilerako bidean diren euskal politikariak”-ri buruz