Palindromoak

PalindromoakPalindromoak. Ziur naiz ZUZEU inguruan zabiltzatenon artean asko eta asko zaleak izango zaretela. Ni amorratua naiz, baina eskas xamarra sorkuntzari dagokionez. Palindromoak eskuinetik ezkerrera nahiz ezkerretik eskuinera berdin irakurtzen diren hitzak edo testu simetrikoak dira. Batzuk hizkuntzarekin jolasteko daukaten gaitasunaz gozatzen dut, eta palindromoak egitea jolas horien gailurra iruditzen zait kasi.

Euskal Herrian badugu diziplina ederki kontrolatzen duen maisu bat, Markos Gimeno. Markosek astero planteatzen ditu erronkak aurre egiteko dagoen edozeinentzat, Zerorajasoa webgunean. Aste honetan topatu dut sarean txoko hau. Bere azken perla etxe honek sailkatutako txio onenen artean daukagu: Oro zen uneoro zoroen une zoro.

 

Sarean arakatzen hasi eta wikipedian bertan badaude eder batzuk:Palindromoak

  • Ze nekeza inori atea irekitzea eztikeria eta ironia zekenez.
  • Esanik erruz egi bat ta bi gezurrekin ase.
  • Nik enara neraman amaren aranekin.
  • Animatuta bazen, ezabatuta mina!
  • Alu hauxe sexu ahula?
  • Utzi penak Ane, piztu.
  • Orea ore, eroa ero.
  • Autore erotua.

 

PalindromoakBada palindromoekin atzera eta aurrera dabilen Euskal Herrian jaiotako beste artista bat. Julio Medem zinema zuzendariak beti egin die tokia palindromoei bere filmetan, abizenetik abiatuta. “Los amantes del círculo polar” pelikulan daukagu adibidea. Protagonistak Otto alemaniarra eta Ana dira. Medemen aita germaniarra zen, eta Ana auto istripu batean hil zitzaion arreba.

Palindromoak propagandarako ere erabili izan dira, adibidez, Panamako kanala egin zenean: A MAN, A PLAN, A CANAL: PANAMAPublizitateak ere ez dio muzin egin, eta badaude palindromoak diren marka ezagunak, adibidez, Sugus; Audi auto enpresak ere palindromo batean oinarritutako kanpaina bat abiatu zuen: Somos o no somos.

Euskal Herrian ere ezagutzen ditugu Inoren ero ni taldea edota Zarataraz musika irratsaioa.

Neroni ere aritu naiz garuna zukutzen, eta otu zait zer edo zer. Ez dakit balizkoa den ala ez, baina beno, oraingoz hau da eman dezakedana. Alaba zeken, neke zabala. Hemendik aurrera Markosen webgunera sartzen hasiko naiz, ea hizkuntzarekin hobeto jolasteko gai naizen.

Pakito Ganbelai

Ganbelai, jolasak, Markos, Pakito, Palindromoak

Zer duzu buruan “Palindromoak”-ri buruz

  • Eskerrik asko aipamenagatik, Pakito. Zatoz duda barik, etorri denak, hitzjokalariak beti dira ongietorriak eta!

    ETORRI, EZ?
    JOLASTU NAHI BADUZU
    EZ GALDU AUKERA.
    EKARRI ARKATZAK.
    BESTELA,
    ARKATZAK EKARRI-AUKERA GALDU.
    EZ BADUZU NAHI JOLASTU
    EZ ETORRI.
    😉

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude