Irakurle baten aburuak

 

Ez dakit oso xuxen esaten zer eskatzen diodan liburu on bati irakurtzen hasten naizenero, baina maitale handi bati eskatzen zaion zerbaiten antzekoa dela esango nuke: lehenengo lerrotik harrapatu eta eduki nazala erabat bahiturik berarekin nagoen denbora guztian, eta berarekin ez nagoen denboran ere bai. Nire eguneroko bizitza normal hau, estal dezala, gaindi dezala, leher dezala, ez diezadala beste ezer erabakitzen utzi, ez bada bere lerroetara behin eta berriz sartzearen deliberoa, nolaz eta txepetxak duen sasiaren estalpea bilatzen. Horixe.

.

Oso gutxi dira esan dudan hori eragin didaten liburuak, nirekin erabat asmatu dutenak. Gainera horrek ez du esan nahi ezer, baldin eta ez bada izan direla oso niretzakoak, iragan bizitzaren une batean edo bestean. Gaur beldurra ematen dit liburu horiek eskutan hartzeak, uste baitut ezinezkoa dela joandako urak errota hau orduan bezala mugitzea. Batzuk aipatze aldera, Plataforme, 86 cuentos, El mal de Montano, Pailazo baten aburuak, 2666, La casa del rojo, Lur bat haratago, Obabakoak, Lagun izoztua, Martutene… dira adibideetako batzuk.

Aipatuak baino askoz gehiago ere badira, jakina, baina irakurri izan ditudan milaka liburuen artean, ni bahitzen asmatu dutenetakoak ez dira ehun izatera ere iritsiko, seguruenera.

Behin, berak idatzitako eleberri batek eragin zidan gaitzagatik, putakume handi bat zela esan nion Paul Austerri eta hastapeneko harridura aurpegiaren ostean, zergatia argitu nionean, ederki ulertu zidan guztia. Areago, poztu egin zen irakurle inozo naizen hau bere idazkuntzaren menpe jartzeagatik nolaz eta Etxepare zaharrak jartzen zuen emaztekia gizonaren petik abandonaturik:

.

Munduian ez da gauzarik hain eder ez plazentik

nola emaztea gizonaren petik buluzkorririk;

beso biak zabaldurik dago errendaturik,

gizon horrek dagiela hartzaz nahi duienik.

.

Ba, halaxe ibiltzen naiz ni guztiz andraturik liburu on bat kausitzen dudan bakoitzean: beso biak errendaturik, idazle horrek dagiela nitzaz nahi duienik. Edo antzeko zerbait.

Egia esan, halako gertaerarik izan gabe ere, tonaka liburu irakurtzea egokitzen zait, batez ere euskaraz argitaratzen direnetarik, baina ez bakarrik. Izango da zahartzearen ajeagatik edo ibiliaren baldarraz, ez dakit xuxen, kontua da oso tatian potian baizik ez zaizkidala gertatzen halako pozak. Gainera, liburua ona izateaz gain, horretarakoxe aldartea izatea ere behar da, eta, jakina, hori ezin da erraz gobernatu.

Hala bada, zain egoten naiz liburu batek noiz harrapatuko, berdin zaidalarik den narratiba edo saiakera, poesia irakurtzen ez baitut oraino behar bezala ikasi, nahiz eta ene birjintasuna umetan galdu nuen Isturitzetik Tolosan barru liburuarekin.  Eskutan hartu berri dudan liburuaren orrialdeetan nahi izaten dut barneratu, bestetzuk oihanean edo itsasoan bezala. Itxaropenez hasten naiz beti…, baina, bai zera, aitortu dudanez, oso gutxitako zoria izaten da hori. Eta bakan izate horrek preseski, handitu baizik ez du egiten nire irakur-gose hori.

Ez nuke inorenik baztertu nahi, baina oraintxe bertan jartzen naiz atzera begira eta azken denborotan oso liburu gutxiren zoriona datorkit gogora. Baina zaude, zerbait esan nahi nizun artikulu hau idatzi aitzinetik, alegia, badela gurean oraintsu argitaratu duten horietako liburu zorion ekarle bat, berrikitan irakurri eta zeharo harrapatu nauena, ederra, sakona, dotorea, bikaina eta beste gauza on asko batera dituela iruditu zaidana. Airean harrapatu nau eta amaitu artean, bera izan da ene bizitzan jaun eta jabe eta neu haren menpeko. Hango hitzek bizi izan naute egun eta aste osoetan, errealitate honetakoek baino gehiago. Badakizu zertan ari naizen, ez da?

Egia esan, artikulu ganoragabeko hau baino, liburu horren aipamena eta gorazarrea egin nahi nizun Durangoko ugaritasunean gal ez zaitezen, baina okertu egin naiz bidean eta, honez gero, nire aholkuak berdin dio. Hainbesteko aukeraren artean erraz aurkituko duzula esan nahi nizun, begiratzeko ondo eta hantxe duzula zain, bere dirdira propialarekin, zeure-zeuretzakoa den liburu hori, zeu ere harrapa zaitzan eta xantza apur batekin  dagiela zutzaz nahi duienik, neurekin egin duen bezala. Amen.

Derrick Tyson - Irakurle baten aburuak

Irakurle baten aburuak

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)