Lurrikara mediatikoa

Nire buruari behin eta berriro egiten diodan galdera da: zer da albiste? Zerk bilakatzen du gertakari bat titular? Azken urteotan, bi albiste mota gailendu da besteen gainetik: politika eta kirola. Politikaren baitan, jakina, politikariek dute lema; haiek esaten dutena da albiste. Egunero-egunero agertzen dira hedabideen aurrean, albiste faktoria elikatzeko. Albiste ez dena, eurek bilakatzen dute esangarri, kontagarri. Behin eta berriz agertzen zaizkigu lelo berdinekin, baina, nola haiek esandakoak diren, orduan hedabideek kontatu “egin behar dute”.

Bada idatzi gabeko lege bat horren inguruan. Akaso idatzita ere badago, politikariek eta hedabideek adostua; ezer ez da kasualitatez gertatzen gure mundu honetan, dena da interes, dena da truke.

Baina bada hirugarren albiste sail bat, gertakariena, zeina oso modu irregularrean jorratzen den hedabideetan. Jarri dezagun adibidetzat aste honetan Lorcan (Espainiako Estatuan) gertatu den lurrikara. Bederatzi lagunek galdu dute bizitza, drama handia. Baina zerk bilakatzen du Lorcakoa guretzat albiste? Dramaren tamaina ote da? Ez dirudi hala denik, halako dramak Espainiako Estatuko mugez haraindi gertatzen direnean, drama horiek gugan izaten duten isla ikusita. Albistegietako hamargarren albiste izaten dira, izaten direnean. Lorcakoak, aldiz, gure albistegietako minutuak erruki gabe hartu ditu. Pentsa, egunotan irratietako orduroko albistegietako lehen albistea izan da, lehena! Zer ez dakigu, dagoeneko, Lorcaz? Badakigu zeinbat eraikin izan diren kaltetuak, badakigu zenbat lagunek utzi duten etxea, badakigu zeintzuk diren arazo gehien dituztenak aterpe berria aurkitzeko, badakigu zer erabaki duen gobernuak, zer esan duen presidente jaunak, zer esan duen lehendakariak, zer esan duten suhiltzaileek, zein iritzi duten kaltetuek ere, baita haien aldeko hileta nork gidatuko duen ere!

Horrenbeste xehetasun, horrenbeste gora-behera, horrenbeste kontu… zergatik? Tragedia da, ados, baina egunero-egunero gertazen dira halakoak han ete hemen, gure albistegietako arreta piztu gabe. Lorca ezberdina da, antza. Eta orduro gogaitzen gaituzte hango berri txatxuekin, eraikinen %33 dela kalteturik geratu dena, 18 mila euro arteko laguntzak izango dituztela, kanpalekuak jarriko dituztela, eta abar, eta abar, eta abar. Zaila da, ez bada gure espainiartasunagatik, hots, barru-barruraino espainiar garelako, albiste eta sasi albiste uholde horren zergatia ulertzea. Nolanahi, neuk nahikoa izan dut, hil dira, pena da, baina ez nazatela etengabe hango kontuekin gogaitu, arren, jada ez zaizkit interesatzen.

Lander Garro

GURE ETXEKO KONTUAK