Guerrila gardening: lurra borroka esparru gisa

Guerrila gardening: lurra borroka esparru gisa

Desobedientzia zibila eta bestelako borroka moldeak pil-pilean daude azken urteotan, bai tertulianoen ahotan eta baita kaleetan ere. Bide horretan, borroka-leku berriak ere sortu dira (sarea, publizitatea…) eta ezagunak dira jada kontrapublizitatea edo komunikazio gerrilla gisako kontzeptuak. Lorezaintza edo nekazaritza bera ere izan daiteke borroka-bidea. Hainbat herrialdetan badira jada horretan diharduten taldeak, eta guerrila gardening edo gerrila lorezaintza gisa izendatzen dute euren jarduna.

Zer da?

Wikipediaren arabera, gerrilla nekazaritza edo lorezaintza indarkeriarik gabeko ekintza zuzena da, garapen jasangarriarekin loturikoa. Landu gabeko lur zati bat okupatzen dute aktibistek, dela erakunde pribatu batena, dela publikoa, eta landareak edo barazkiak landatu edo ereiten dituzte bertan. Horren bitartez, lurraren jabetza eredua zalantzan jarri eta gaizki erabilitako lurrei bigarren erabilera bat ematea dute xede.

Zenbait gerrillerok bere ekintzak gauez egiten ditu, inor konturatu gabe; beste zenbaitek modu irekiagoan egiten du lan, egunez eta bertako jende gehiagoren kolaborazioa bilatuz. Adibide gisa, hauxe da Madrilgo taldearen ekintzen berri ematen duen bloga.

Nendo Dango teknika

Gerrila gardening-erako oso erabilgarria den tekniketako bat jatorri japoniarra duen Nendo Dango (euskaraz hazi-pilota litzateke) deritzona da. Haziak konposta eta buztinarekin nahasten dira pilota modukoak sortuz, eta landarea ernetzeko probabilitatea handitzen da hala. Pelota horiek aproposak dira gero edozein lur-eremutara jaurtitzeko: bertan behera utzitako fabriketara, azpiegitura handiak eraikitzeko erabiliko diren lurretara…

Usurbilen, Argia egunean, Nendo Dango teknika erabiltzen hasteko ikastaro praktikoa eskaini zuten Pello Zubiria kazetariak eta Basoa Oinez ekimeneko kideek. Jarraian dagoen bideo honetan euren azalpenak ikus ditzakezu. Zubiriak dioen bezala, tailerrean sortutako pilotak erraustegia eraiki behar zen lurretan baso bat sortzeko erabili dira.

Guerrila gardening: lurra borroka esparru gisa

Lander Arretxea

NIRE KONTRA ESANAK

Zer duzu buruan “Guerrila gardening: lurra borroka esparru gisa”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude