Lurra bakarra omen
Lurra bakarra omen –
1972ko ekainaren 5ean Nazio Batuen Erakundeak, lehenbizikoz, Ingurugiroan zentratutako Konferentzia ospatu zuen Estokolmon. Erakundeak handik gutxira erabaki zuen, egun hori, ekainaren 5a alegia, Ingurugiroaren Nazioarteko Eguna izendatzea eta handik aurrera, urtero ospatu izan da.
Egunaren aitzakiaz baliatzen dira, nahiz erakunde nahiz eragile edo enpresak, ingurugiroaz hitzegiteko, sentsibilizatzeko, ekintza politikoak aldarrikatzeko eta gizartearen arreta bereganatzeko. Batzuk, zintzotasunez egingo dute, beste batzuk heuren kontzientzia zuritu eta kontraesanak estaltzeko eta, azkenik, izan era badira, moda social hutsagatik ospatzen dutenak.
2022ko ekainaren 5ean, Estokolmon ere, 50 urte beranduago, Nazio Batuen erakundeak beste konferentzia bat ospatuko du “Lurra bakar bat” lelopean. Ospakizunaren arrimuan bizitza jasangarria eramateko beharra azpimarratu nahi dute ospakizunaren sustatzaileek, argi utziz, horretarako ezinbestean bultzatu beharrezko oinarrizko aldaketaz gain, gure egunerokoan bizitza jasangarriagoa egikaritzen duten jarrera eta ekintza txikiek direla, tamainaz haratago, gure esku daudenak. Gutako bakoitzaren eskutan daudenak.
Aurtengo leloarekin, Lurra bakar bat, hausnarrean hasi ahala bururatu zait, baserri mundutik somatzen dugun paradoxa, lurra bakarra izanik, gizarte bakarra izanik, bi trataera zeharo ezberdinak jasotzen bait ditugu.
Hiriak gero eta gehiago zabaltzen ari diren unean, azpiegiturak gero eta erraldoiagoak sustatzen ari direnean, gero eta nekazal lurra gehiago artifizializatzen ari denean, orduan eta estuago hartzen gaituzte, landa ingurunean bizi garenak. Hau da, orain dela hamarkada gutxi arte lur hiritarrezina zena behin hiritartatu ostean, nahiz eta erdi utziak egon, lur gehiago okupatzen ari dira, egun eta etorkizuneko nekazaritza eta elikadura arrisku bizian jarriz, landa ingurunean aldiz, gure Euskal Herriko bailaretako goiko partean, beheko pekatuen barkamena irabazi asmoz edo, gero eta araudi estuagoa dugu eta ez naiz ari, etxebizitzak edo aireportuak egiteko aukeraz, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzaz baizik.
Lurra bakarra omen gara dio Nazio Batuen erakundeak, geuk ikusten eta bizitzen duguna ordea, guztiz kontrakoa da. Ingurugiroa eta jasangarritasuna neurtzeko erregelaren tamaina oso ezberdina baita, erraz ulertzeko moduan esanda, goiko edo beheko gauzak neurtzeko garaian.
Baserritarrok, sarri askotan esan ohi dugun bezala, lurraldearen ia %90 kudeatzen dugu gure jarduerarekin eta uste dugu, inor gutxik aitortuko duela, Euskal lurraldea, landa ingurunekoa behintzat, gaizki kudeatuta dagoenik. Beraz, lurra eta gizarte bakarra garen heinean, egin ditzagun gauzak eta sustatu ditzagun arauak, logikaz eta zentzuz, goikoak museoko pieza batzu bezala tratatu gabe eta, beheko barrabaskeriak eta gehiegikeriak, goikoei ordainarazi gabe.
Lurra bakarra omen