Pirinioetako Bake Hitzarmenaren Txanpona

Pirinioetako Bake Hitzarmenaren Txanpona – 

Pirinioetako Bake Hitzarmenaren Txanpona

1659. urteko uztailak 22.an Jules Mazarin kardinala, Frantziar errege Luis XIV., eta ondorioz Nafar errege Luis III. aren lehen ministroa, Bidaxuneko Printzerri sobiranora iritsi zen. Han, egunaren bukaeran antolatutako afarian, Antoine III. Bidaxuneko Printze subirano, Agaramonteko konte, Frantziako marexal, Biarno eta Nafarroako erregeorde eta Baionako alkateak ohoretu eta lausengatu zuen bere Bidaxuneko gazteluan… Agaramonteko kontea, hona hemen non aurkitzen dugun nafar banderizoen agramontarren adar kimu emankorretako bat. Familia honen gorabeherak, Pernando faltsuak gauzatutako konkistaren ondoren, liburu oso bat idazteko ainakoak dira; eta gorabehera hauen iragatean pilatu zituzten ohoreen artean, Baionako alkate eta buruzagi izatearena izan zen.

Uztailak 23.ean, Baionako hiriak prestatutako ontziei esker, Mazarin kardinala Baionara iritsi zen Atturri ibaian behera. Gure alkate eta printzea beraren ondoan zen. Baionako apezpiku etxean egun gutxi batzu pasa ondoren, Jules Mazarin Donibane Lohitzune-ra iritsi zen uztailak 28.an. Ipar Euskal Herriko herri hau izango zuen bizileku hurrengo hilabeteetan zehar. Historialari askoren iritziz, Mazarinek Daskonagerre etxean hartu zuen ostatu, arik eta azaroa erdialdean herria utzi zuen arte. Bere etorreraren zergatia, Don Luis de Haro Espainietako erresumaren lehen ministroarekin bukatu beharreko negoziaketak ziren, bi erregetxeen arteko bake hitzarmena akordatuko zuten negoziaketak alegia. Hasieran Mazarin-ek Donibaneko errekoletuen komentua eskeini zien espainiarrei bake negoziazioen egoitzatzat, baina espainiarrek mesfidantza zioten frantziar lurraldean negoziatu beharrari. Ondorioz, mugan bertan, Bidasoa ibaiaren erdi-erdian zen Konpantzia uhartea aukeratu zuten bake elkarrizketa hauetarako. Konpantzia uharteaz gain, uharte honek Faisai uharte edo Ospitalaren uharte izena jaso izan du.

Abuztuaren 5.ean berrogei zurgin eta bospasei arkitekto abiatu ziren Donibane Lohitzunetik Konpantzia uhartera, bake elkarrizketetan erabili beharreko pabiloia eraikitzeko xedearekin. Bi egun beranduago, uharteko langileen kopurua berrehunera iritsi zen. Bitan banatu zuten, frantsesak eta espainiarrak bereizten zituen marra eta eraikinen arteko hesi eta guzti. Pabiloiaren barnean, elkarrizketa gela bi erditan banatzen zuen marrak, ordezkaritza bakoitzaren aldea mugatzen zuen. Bilera saloiaren ondoan, gela pribatuak prestatu ziren, Luis de Haro, Mazarin eta haien laguntzaileentzat; gela oro, partaide bakoitzaren bere muga alderdian noski.

jarraitu irakurtzen…

Pirinioetako Bake Hitzarmenaren Txanpona

Pirinioetako Bake Hitzarmenaren Txanpona

Euskal Txanpongintzaren Historia