Lola Iturbe Arizkuren, borrokalari eta ekintzaile anarkista

Lola Iturbe Arizkuren, borrokalari eta ekintzaile anarkista –

Badira, gauza batengatik edo bestearengatik, Euskal Herritik kanpora joan behar izan duten seme-alabak, lurralde berrietan habia egin behar izan dutenak. Horietako bat izan zen Mikaela Iturbe Arizkuren eloarra. Higa edo Elomendi deitutako mendiaren gerizpetik Kataluniara abiatu behar izan zuena. Lola Iturbe, haren alaba dugu artikulu honen ardatz.

 

1.- Lolaren haur eta gazte urteak

Ama, hasieran aipatu Mikaela Iturbe Arizkuren zuen, nafarra, Zangoza merindadekoa,  Elo herrikoa, eta gazte zelarik haurdun gelditu zelako, haren aitak etxetik igorri zuena. Haurraren aitaz ez dakigu ezer, Mikaelak sekretua berarekin hilobira eraman baitzuen. Pentsa daitekeenez, Eloko edo inguruetako beste herri bateko mutila izan zitekeen. Gauza da, Mikaelak, Elo utzirik, Kataluniako bidea hartu zuela, eta Bartzelonan bizimodu berria bilatu behar izan zuela.

Aipatu hirian sortu zen Lola haurra, 1902ko abuztuaren 1ean, eta jaioz geroztik amaren bi abizenak eman zizkioten, hau da, Iturbe Arizkuren. Mikaelak arazo ekonomiko handiak zituenez, haurra Valentziako senar-emazte batzuen esku utzi behar izan zuen. Senar-emazte hauek bazituzten berezko hiru haur gehiago, bi mutiko eta neskatxa bat. Cerdá izeneko herrian bizi ziren eta haiekin batera hazi zen Lola zazpi urte bete zuen arte. Orduan Mikaelak berriz jaso eta, berarekin batera, Bartzelonara eraman zuen.

Mikaelak lan egiten zuen gizon alargun baten etxean. Gizon honek bazuen alaba bat osasunez arras gaizki zegoena, eta Mikaelak zaintzen zuen. Etxeko sukaldaria ere bazen, hori dela eta, Mikalea eta Lola aipatu etxean bizi izan ziren zenbait urtetan. Horrela, bat-batean, pasatu zen Lola laborantza inguru lasai batetik hiri handi eta zaratatsu batera bizitzera. Denborarekin, eta sos batzuk eginik, pentsio bat zabaldu zuten Rossic kalean. Urte haietan, Lolak, pentsioaren lana egiteaz gain,  jostun eta galtza-egile lanbidea ikasi zuen, eskola erabat utzirik.

Lola Iturbe Arizkuren, borrokalari eta ekintzaile anarkista

2.- Ideia libertarioen bideetan barna

Amaren pentsioan langile jendea aterpetzen zen, ideia sozialista, komunista eta anarkistekin bat egiten zuten jendeak. Pentsio hura izan zen Lolaren egiazko eskola eta bertan bereganatu zituen hil arte bere-bereak izan zituen ideia libertarioak.  Hamalau urterekin CNT sindikatu anarkistaren adar batean sartu zen, beste neska jostun askorekin batera. Urte gogorrak izan ziren Barzelonako langileriarentzat, eta jazarpen handia izan zen anarkisten aurka. Lolak horietako batzuk pentsioan aterpetu eta lagundu zituen.

Horrela ezagutu zuen Manuel Molet kazetaria, liburutegi handi baten jabea zena, eta harekin batera Europako literatura  garaikidea ongi ezagutzera iritsi zen. Pittaka-pittaka Bartzelona eta inguruetako familia anarkistak ezagutu zituen: Arin, Dulcet, Pestaña, Barrena, Claramunt, Rodenas, Urales… eta abar. Orduan hasi zen presoak laguntzen, manifestazioetara joaten, eta mitin eta hitzaldietan parte hartzen.

Lola izan zen Germen talde anarkistan sartu zen lehen emakumea, lehena eta urte luzez bakarra.  Aipatu taldean Faustino Vidal ezagutu zuen, 1923an jaio zitzaion Aurora alabaren aita. Hurrengo urtean, hau da, 1924an Faustino Vidal hil zen tuberkulosiak jota. Hortik zenbait hilabetetara, Juan Manuel Molina –Juanel deitua— izeneko ekintzaile anarkistarekin elkartu zen. Gizon hau Murtziatik zetorren, eta soldaduskara ez joatearren paper eta nortasun faltsuak zerabilzkien. Berehala, CNT sindikatuan goi mailako karguak izatera iritsi zen.  Juanel izan zen, 1984an hil zen arte, Lola Iturberen bikotekide eta borrokakidea. Harekin izan zuen 1926. urtean, Helenio izeneko mutikoa. Urte berean, polizia lagunaren gibeletik zebilela, Granollers-etik oinez Ipar Kataluniara pasatu behar izan zuten. Geroago, eta Juanelen militantzia anarkista zela eta, Bruselara ihes egin behar izan zuten.

3.- Altxamendu faxistaren aurkako borrokan

1930ean, Espainian errepublika aldarrikatu zuten, eta Lola eta bere familia Bartzelonara bizitzera itzuli ahal izan ziren. “Tierra y libertad” eta “Tiempos nuevos”  izeneko aldizkarien erredakzioan bizi izan ziren.  Argitalpen horietan parte hartu zuen Lolak, artikuluak edota hitzaurreak idatziz eta Kyralina ezizenaz sinatuz. Bere idazlanak anarko-feministak zirela esan ohi da.  Zenbait ekitalditan parte hartu zuen bere testuak irakurtzen.  Horrelako ekitalditan Ascaso, Durruti eta Domingo Germinal anarkista famatuekin adiskidetasun handia egin zuen. Garai hartan oso ohikoa zen Lola Bartzelonako rambletan ikustea aldizkari anarkistak saltzen eta zabaltzen.

Lola Iturbe Arizkuren, borrokalari eta ekintzaile anarkista
Goardia Zibilak errepublikanoak afusilatzen. 1937ko prentsan agertutako irudia.

1936ko uztailaren 18an espainiar faxistak armetan altxatu ziren errepublikaren aurka. Lola izan zen lehena altxamendu faxistaren kontrako paskin edo esku-orriak idatzi zituena eta hegazkin batetik Bartzelona osoan zabaldu zirenak.  Ospitale batean aritu zen erizain gisa borroketan zauritutakoak zaintzen eta artatzen. “Tierra y Libertad” aldizkariaren korrespontsal gisa ibili zen Aragoiko frontean, gaixotu zen arte. 1937ko maiatzean CNT-ren bulegoan sartu zen eta anarkistek komunistekin izan zituzten kalapita eta gatazketan parte hartu zuen. 1938an frontera itzuli zen korrespontsal gisa eta bere aldizkarirako erreportaiak egitera. Katalunia faxisten eskuetan erori zelarik, Ipar Kataluniara pasatu zen bikotekide eta bi seme-alabekin batera. Frantziako Logiako Maisu Handia zen M. Romilance jaunari esker, gehiengo sozialista eta masoia zuen Nimes hirian bizitzen finkatu ziren. Geroago Montpellier-era aldatu ziren.

Lola Iturbe Arizkuren, borrokalari eta ekintzaile anarkista
Emma Goldman anarko-komunista lituaniar famatuarekin  Bartzelonan, gerra garaian.

4.- Erbestearen bukaera

1943tik aitzina Lola eta Juanelek Frantziako mugimendu libertarioa berrantolatzeari ekin zioten, eta baita nazien aurkako erresistentzian parte hartzen ere.

1946an, bikotekidea Katalunian mugimendu libertarioa  klandestinitatean berrantolatzen ari zela polizia espainiarrek preso hartu eta zazpi urtez presondegian izan zuten, hori dela eta, 1946tik 1952ra, galtza-egile eta jostun gisa aritu zen lanean Okzitaniako Tolosan. Garai hartan hasi zen zenbait aldizkari klandestinotan idazten eta Kyralina ezizenaz berriz izenpetzen. 1974an, “La mujer en el movimiento libertario español”  (“Emakumea mugimendu libertario espainiarrean”) izeneko liburua plazaratu zioten Mexikon.

Lola Iturbe Arizkuren, borrokalari eta ekintzaile anarkista
Lola eta Juanel Okzitaniako Tolosan

Franco diktadorea hil zelarik, eta 40 urte erbestean egin ondoren, Bartzelonara itzuli ziren. 1979 urtea zen, eta orduz geroztik, ideia libertarioak zabaltzen aritu zen Juanel bikotekidearekin batera. Bien artean, liburutegi-hemeroteka anarkista aberatsa bildu zuten, gaur Amsterdam-eko Historia Sozialeko Institutuan daukatena. Bost urte beranduago, hau da, 1984an, Juanel zendu zen, eta Lola Asturiaseko Gijon hirian bizi zen Aurora alabarekin bizitzera joan zen. Gijonen sei urtez bizi izan zen, 1990eko urtarrilaren 5ean, 88 urte zituela, zendu zen arte.

Hil zelarik, gorpua Kataluniara eraman zuten, eta Cerdanyola del Vallès herriko hilerrian ehortzi zuten, Juanelen ondoan, Lolak hil aurretik agindu zuen bezala. Goian beude bizitza osoa askatasunaren alde  eman zuten Lola eta Juanel borrokalari kementsuak! Kataluniako lurra haien ametsen betiereko gordelekua izan dadin!

Lola Iturbe Arizkuren, borrokalari eta ekintzaile anarkista  Lola Iturbe Arizkuren, borrokalari eta ekintzaile anarkista  Lola Iturbe Arizkuren, borrokalari eta ekintzaile anarkista

Lola Iturbe Arizkuren, borrokalari eta ekintzaile anarkista

Euskaltzalea eta irakasle-ohia