Lekeitioko Euskal Zine bileraz
Lekeitioko Euskal Zine bileraz
Duela urte bi klaserako egindako erreportaje bat publikatzea otu zait oraingoan, ene aitak aurrea hartu eta bere blogean argitaratu duen arren. Azaroaren 24tik 30era Lekeitioko 36. Zinema Bilera ospatuko denez gero, 34.aren inguruan egin nuen lan honekin uzten zaituztet, espero dut zuen gustokoa izatea.
34 urte euskaraz ikus-entzuten
XXXIV.a izan da aurtengo Bideo eta Zinema Bilera eta hogeita
hamahiru izan dira guztira aurkeztu diren laburmetraiak
Lekeitioko Bideo eta Zinema Bilerak 70. hamarkadan du jatorria, 1978an hain zuzen, eta urtean behin ospatzen den ekitaldia da berau. Euskarazko ikus-entzunezko lanak sustatzeko proiektu bezala jarri zen martxan eta hainbat dira urtero bilera honetara aurkezten diren laburmetraia, film eta dokumentalak. Gainera, parte hartzaileak ez dira lekeitiarrak bakarrik izaten eta profesional zein amateurrak hartu dezakete parte. Euskara hutsean egiten den zinemaldi bakarra izanik, hain gurea den hizkuntza horretan eginak izan behar dute lan guztiek, beraz, Euskal Herrira mugatzen den lehiaketa dugu.
…
Hogei eta hamalau urte dira, jada, Lekeition Euskal Bideo eta Zinema Bilera ospatzen dela. Euskara hutsean egiten den mota horretako ospakizun bakarra da. Hasieran Euskadiko Zinema Bilera deitzen zitzaion, baina IX. Edizioan gaur egungo izena hartu zuen. Horren arrazoia, 1986an bideo-kamera agertu izana da. Ordura arte super 8 formatuko film laburrak bakarrik egin zitezkeen, hortik zetorkion izena, beraz, bilerari, kameren asmakuntzatik aurrera bideoak egiteko aukera zegoen eta.
Hiru mailatan banatzen dituzte antolatzaileek aurkezten diren lan guztiak, alde batetik argumentuzkoak, bestetik erreportajeak edo dokumentalak eta azkenik, sormenezkoak, maila bakoitzean amateurrak eta profesionalak bereiziz. Sariei dagokienez, lehen urteetan ez zegoen horrelakorik, filmen agertoki hutsa zen, ez ziren lehiatzen. Jaialdia sortu eta hiru urtetara, ordea, 1981ean sariak banatzen hastea erabaki zen, modu horretan jaialdiaren eta errealizadorearen onurarako izango zen lehia sustatuz.
“Zilarrezko Antzarra” dute izena ordutik banatzen diren sariek, Lekeition irailak 5ean ospatzen den egun handi horren omenez. Dokumental onenarentzako eta argumentudun film onenarentzako saria ezarri ziren, eta horietaz aparte, soinu onenari eta fotografiarik onenari. Dena den, horrek ez du esan nahi lehentasuna eman zitzaienik garaile irteten zirenei, lehiatzeko pizgarri huts bezala ezarri zen, parte hartzea indartzeko, batez ere. Izan ere, jaialdia sortu zenean euskarazko ikus-entzunezkoen mundua nahiko urria zen; afizionatu sutsuek 8 eta Super 8 formatuetan eta 16 m/m-tan egiten zituzten film amateurrak baino ez zeuden.
Beranduago bideoak agertu ziren, baina egoerak lehengoan jarraitu zuen. ETBren agerpenak hau guztia erabat aldatu zuen, ordea, hari esker euskarazko ikus-entzunezkoek euren merkatua zeukaten, txikia baina merkatua azken batean. Jaialdiak joko horri ekin behar ziola erabaki zen, eta horregatik, 1995ean merkatuan lehiatzeko asmoz egindako bideoak onartzen hasi ziren.
Hurrengo berrikuntza edizio bakoitzerako hautatutako lan guztiak interneten jartzea izan zen. 2003ko edizioan ekin zitzaion lan honi hain zuzen ere, “Nontzeberri” aldizkari digitalarekin izenpetutako hitzarmenaren bitartez. Orain urte batzuk hitzarmen hau bertan behera gelditu da baina bileraren antolatzaileak lanean ari dira aurkezten diren pelikula guztiak internet bidez ikusi ahal izateko.
Sortu zenetik hona
Lehenengo 21 edizioak Antzoki zineman egin ziren, azken urteetan lkusgarri zine areto berrian egiten dira. Hainbat ekintza antolatu dira urteetan zehar, zinemari buruzko hitzaldiak, horren inguruko liburuen eta zinemagintzako tresnei eta makinei buruzko material etnografikoaren eta hainbat herrialdetako film-kartelen erakusketak, gai zehatzen inguruko zikloak, Katalunia, Galizia, Levante edota Murtziako zinemagileekin topaketak eta abar.
Sortu zenetik 2008ra arte, herritarrek antolatzen zuten jaialdia, antolatzaileen taldea zeritzon pertsona talde bat arduratzen zen horretaz. Ordutik hona, ordea, Udala izan da horren arduraduna, Udaleko Kultur Erakundea hain justu. Hala ere, lehengo antolaketa taldeko partaide batzuk Zine eta bideo Bileraren antolaketan parte hartzen jarraitu dute, puntu hau ezinbestekoa zen eta alde biak akordio batera heldu ziren.
2009an zenbait hobekuntza egin ziren; adibidez, hasieran, filmen proiekzioaz informatikari amateurrak arduratzen ziren eta batzuetan akatsak egoten tiren (etenaldiak …. ). Akats hauek zuzentzeko, lan hori profesionalek (Audiomic) egingo zutela erabaki zen eta horrela egin da ordutik.
Benito Anzola 83 urtetako gizon lekeitiarrak sortu zuen Bideo eta Zinema Bilera. Lekeition Don Benito bezala ezaguna dena, herri horretako abadea izan baitzen hogeita lau urtetan zehar. Lekeition jaio zen 1928ko abuztuan, baina zortzi urte zituela Bilbora joan zen bizitzera. Hamahiru bete zituenean, aldiz, Bergarako apaiztegian sartu zen eta ondoren filosofia eta teologia ikasi. Zinematografiako irakaslea izan zen Markinan eta baita zine-forumen zuzendaria ere Euskadiko leku askotan. 1978an Euskal Zinema Bilera antolatzen hasi zen hainbat ikasleren laguntzarekin eta hainbat laburmetraia egin ditu.
Bileraren finantziazioaren inguruan, lehen urtean lagundu zien instituzio bakarra Bizkaiko Kutxa izan zela baieztatzen du Benitok, eta horretaz aparte herri mailako laguntzen bidez asetzen zituztela gastuak. Jaialdia martxan jarri eta urte batera, aldiz, Eusko Jaurlaritzatik, Bizkaiko Foru Aldunditik eta apur bat beranduago Lekeitioko Udaletik hasi ziren laguntzak jasotzen, “baina beti ere eskaleen antzera ibilita” argitzen du euskal zinema sustatzeko hainbeste egin duen gizon honek.
“Betidanik izan dut parte hartzaile zein herritarren laguntza” dio Lekeitioko abade ohiak bilera antolatzearen inguruan mintzatzean, “Lekeition badakizu, gehienok ezagutzen gara eta ahoa ireki baino lehen beti dago norbait laguntzeko prest” argituz. Gainera, 2008. urtean Lekeitioko Udala hasi zen antolatzaile lanak egiten, eta horrek erraztasun asko ekarri dizkio bilerari profesionaltasun eta material aldetik.
Benito Anzola Bekak
Bideo eta Zinema ospakizun honetan, sortzailearen izena duten bekak banatzen dira sariez aparte, hau da, Benito Anzola Bekak. “Ikus-entzunezko produktuak sortzeko diru laguntzak dira, horren atzean hainbat esfortzu egoteaz gain, inbertsio handia ere izaten da eta” mintzatzen da Anzola 2010ean banatzen hasitako beka horien inguruan. Beka hauen helburua euskal kultura zabaltzea eta zinemagile gazteei laguntzea da. Bi dira urtean banatzen direnak eta bakoitzak 4000 eurotako laguntza eskaintzen du. Laguntzen irabazleak jaialdian bertan izendatzen dira eta lortzeko proiektuak aurkeztu beharra dago.
“Ez dago etorkizunaz zertan pentsaturik, 34 urtetan egindako ibilbideari begiratuz nahiko argi ikusten da arrakasta duela” erantzuten du Benitok bileraren etorkizunaz galdetzean, nahiz eta etorkizunean jende gehiago animatuko denaren aurreikuspena egin, urtetik urtera hazi egiten baita parte hartzaileen kopurua.
Euskal zinemaz gogoeta
Orain irakurriko duzuen hau, Euskadiko Filmategiko zuzendaria izan zen Martin Ibarbiak euskal zinemari buruz egindako gogoetaren zati bat duzue, elkarrizketatutako Benito Anzolaren ekarpena, hain justu, Martinek 1992an Benitori idatzitako gutun bat baila. Honela dio:
“Benito adiskide handia:
Gogoan edukiko duzu, zelan, zorioneko 1975 urteko egun hartan, diktadorea hil zen egunean, hain zuzen, esperantza mota guztiei, leiho bat ireki zitzaiela. Askatasunaren atarian, zentsura hautsirik, nazio-kontzientziari erantzun egokia emateko sasoia heldua zela pentsatzen genuen, eta, horietan oinarrituz, gure zinearen, euskal zinemaren ezkil hots deigarriak entzuten hasiak ginela. ( … )
Baina zein egoeratan geunden desafio horri aurre egiteko? Non ziren baliabide eta artistak? Non azpiegitura? Non ofizioaren jabeak? Non teknikoak? Non idazle-gidoi-lariak? Non aktore-aktoresak?
Eta garbi al zegoen zer egin? Euskal zinemarik ba al da? galdetzen genuen. Inoiz izan al da? Edo, apaltasunez, definizio baten blia hasi behar ote genuen? Eta definizio horren ezaugarriak izan zitezkeen, hizkuntza mintzatua eta berezko estetika aztertuak al zeuden?
Begi bistan zegoen bada ametsa baino ez zela euskal zinema. Eta gu, Benito, ameslari izaki. Horregatik ekin genion guk Zestoan eta zuk Lekeition, euskaraz egindako zinemari. Noski, hau guztia neurri apalean eta formatu ez profesionalean, baina, bideari hasiera emango zion zerbaiten atzetik genbiltzanez, zer beste gauzarik egin zitekeen egitura profesionalik ezagutzen ez zen toldan?
Eta urteen poderioz emaitzak ere badira. Ia 200 filme aurkeztu dira, eta Zestoa eta Lekeitiotik amateur gisa igarotako hogeitaka lagunek profesional gisa dihardute orain. Bada zerbait. ( … )
Ikusten duzu, Benito, hainbeste urte ez duela, amets huts zirenak gaur errealitatearen ildotik, bidean aurrera doazela. Eta pozik aitortu behar dizut, Lekeitiotik zuk zerorrek baduzula, eremu honetan, merezimenduz irabazitako tokida.
Laster ikusi bitartean, har ezazu besarkadarik zintzoena.
Agur t’erdi.”
*Interneten ANSOLA s-z agertu arren, Benitok z-rekin erabiltzen duela argitu beharra daukat, horra hor beraz, nik ere z-gaz.