Iruzurra al da spotify?

spotify5

Le Parody musikari andaluziarraren hitzak dira.

Le Parody, 2013ko datuak

Sole Parody –Le Parody– Granadako musikari bat da. 28 urte ditu eta urriaren 15ean blogean (Números) kontatu du zenbat diru irabazi duen azken urtean musika munduan. Eldiario.es egunkarian egin dioten elkarrizketan lerroburu hau aukeratu dute: Le Parody: Spotify es un timo.

Elektronika, punk-a eta flamenkoa nahasten ditu Le Parody-ren musikak eta urtebete inguruan diru hau bildu ei du:

Bandcamp: 523 euro 34.309 erreprodukzio eta 1.429 deskarga (prezio askea). %15a plataformarentzat eta %7a PayPal. Azkenean, 407,97 euro garbi.

Spotify: Love me kantaren 3.607 erreprodukzio, 26,49 dólar. 11 euro pagatu behar izan dizkio Record Union agregatzaile digitalari kantak Spotify-ra igotzeko. Azkenean, 15 bat euro artistarentzat. Adi: agregatzaileak eta Spotify-k zenbaki ezberdinak ematen dizkiote erreprodukzioei buruz.

Diskoa: 300 ale atera ditu eta bakoitza 7 eurotan salduta, 700 bat euro lortu omen ditu otsailetik urrira bitartean. Erdiak promozioa egiteko erabili ditu eta urriaren 15ean 50 ale zituen etxean.

Kontzertuak: 25 zuzeneko eman ditu eta 5.500 bat euro jaso ditu bide horretatik. Sarrerak 5-10 euro bitartekoak.

Meteosat, 2002ko datuak

Beherago azaltzen diren Sole Le Parody-k ateratako ondorioak irakurriz, gogoratu nintzen “Mesedez, pirateatu nire kantak” ( Por favor, pirateen mis canciones artikuluarekin). Ignacio Escolar, Eldiario.es-eko zuzendaria, musikaria ere izana da eta 2002an Meteosat taldean ari zen garaian publiko egindako hainbat datu dira:

Meteosat: lehen diskoaren 10.000 ale saldu zituzten.

Lehen diskoa hiru urteko lana izan zen eta 3000 eurotik gora irabazi zuen Escolarrek diskoak saltzeagatik eta egile eskubideetatik. Hau da, 90 euro eskas hilean.

Lokala, hilean 35 bat euro pagatzen zituen.

Teklatu berri bat erosi zuen 2001eko gabonetan: 1500 bat euro.

Kontzertu bakoitzagatik, 90-360 euro garbi irabazten zituen.

Beraz, Escolarren ondorioa zen: “errentagarriagoa da kontzertuetara datozen 100.000 zale pirata 10.000 originalak baino”.

Le Parody-ren ondorioak

Artistari gehiago gustatzen zaio Bandcamp: ez du publizitaterik eta zure lanei buruzko estatistika gehiago ematen dizkizute. Le Parody-rentzat, diskoetxe batean egotea bezalakoa da, baina berak nahiago du bertan egon, diskoetxe batekin baino. Orain Management agentzia batekin hasiko ei da lanean.

Bandcamp-ekin jarraituz, positiboa dela uste du bertan dauden kanta gehienak musikari independenteenak direlako, ez dago publizitaterik eta zure lanari buruzko estatistika gehiago eskaintzen dizkizute.

Prezio askearen aldekoa da Le Parody: “Ez da errentagarria, baina zure musika hedatzea lortzen duzu. Pirateriaren aldekoa naiz, uste baitut horren ondorioz kontzertu asko atera zaizkidala niri”. Prezio askeak ekartzen du, bere ustez, gehiago entzutea eta deskargatzea diskoa.

“Ezagutzera emateko orduan formatu digitala ondo dago, baina lortzen den etekina sinbolikoa da. Agian galdetu beharko litzateke noraino duen errentagarritasunak zentzua. Nik kontzertuak egiten ditut eta bertan saltzen ditut diskoak. Polita da eta, gainera, hori da beti egin dena”.

Spotify-a iruzurra da, nik banekien, baina bertan egon beharra duzu, ikusgai egon behar zarelako. Jende askok galdegiten dit ea Spotify-n nagoen nire musika entzuteko”.

Gardentasun gutxiko zerbitzua dela irizten dio: ez dago modurik jakiteko ea benetakoak diren zure kantek ustez dituzten erreprodukzioak eta ez dakizu zenbat diru eramaten duten beraiek.

“Spotify erreferentziazko plataforma bat da”. Lapurtzen diotela uste du, baina bertan egon beharra dagoela, hedapena beharrezkoa baita.

Mikel Iturria

(Jatorrizkoa Harrikadak blogean)

mikel iturria, musika, Spotify

ZuZeu-ko editoreek sarean aurkitzen dituzten artikulu interesgarriak, CC-BY-SA 3.0 lizentziapean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude