Lehentasuna
Lehentasuna –
Oraindik ez dut gidabaimenik. Ezta momentuz hau lortzeko intentziorik ere. Eta agian, oso agian, hori da ibilgailu pribatu motordunak lehenestetik immune egiten nauena. Izan ere, beti-beti, baina batez ere erremediorik ez dudalako, garraio publikoz, bizikletaz edo oinez mugituko naizen lehen pentsamendua dut.
Kontrakoak dira gure etxean auto-gizon deitzen ditugun pertsona horiek —gizon aldatzeke dago, noski—. Funtsean, hauek autoz edo motoz soilik mugitzen direnak dira. Beti. Salbuespenik gabe. Berdin du nora. Berdin du zertarako. Ezagutzen dut Egiatik Amara Berrira enkargu bat egiteko autoa erabiltzen duena eta Parte Zaharretik Antiguara motoz soilik mugitzen dena ere. Donostiak mugikortasun arazo larriak ditu eta badakit hauek ez direla —soilik— bertokook egiten dugun ibilgailu pribatuen erabileragatik, baina tira, bereziki arraroa egiten zait Donostiako pilaketak egunerokoak diren honetan, jendeak, hala ere, hirian zehar mugitzeko ibilgailu pribatu motordunak lehenestea.
Arazoak arazo, duela gutxi jakin dugu Donostiako Udalak luzapen bat eskatu diola Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioari, epearen aurretik Emisio Txikiko Eremuak ezartzeko dituen zailtasunengatik. Izan ere, Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Legeak jasotzen duenez, 50.000 biztanletik gorako udalerri guztiek beren hiriguneetan Emisio Txikiko Eremuak sartu beharko dituzte 2023ko abenduaren 31 baino lehen. Antza, gurean oraindik gertatuko ez dena.
Honek guztiak agerian uzten du ibilgailu pribatu motordunak hartzen duen espazioa gehiegizkoa dela, are gehiago, banaketa hau %70-80 bueltan dagoela esan zuen Kalapiek IRUTXULOKO HITZA-n. Egoera honek garraio publikoaren mugikortasun funtzioan kalte handiak eragin ditu, izan ere, azkenaldian Donostia erdialdean sortu diren auto ilaretan Dbusen autobusak ikustea ere oso ohikoa izan da. Eta horregatik, autobus konpainiak bere zerbitzuak moldatzeko hautua egin du, batzuetan ibilbideak aldatuz eta beste kasuetan, maiztasunak luzatuz.
Hirian zirkulatzen dauden auto kantitatea jaitsiko balitz, espazio gehiago irabaziko genuke eta ziurrenik horrekin mugikortasunaren alorrean erraztasun handiagoak izango genituzke. Baina hau gertatzeko, gure partetik ere aldaketak gertatu behar dira, eta horretarako, ibilgailu pribatu motordunen lehentasuna gainditu behar da. Nire gomendioa: hartu autobusa. Ez. Hartu bizikleta; hobe.
…
Ziur naiz zerorrek Tailandian ibili zarela oporretan. Nerau ez, eta neronen auto erabilera, auto gizona, barka, oka egitera noa, urte osoan zerorren oporraldi bakarrean baino anitzez gutxiago… Goitika ari natzaizu…