Denis Itxaso, lehendakari bilakatu zenekoa
Denis Itxaso, lehendakari bilakatu zenekoa –
Egun berezi hauetan gertakari andana suertatzen ari dira, hurrengo urteetan hamaika ikerketa eta liburu argitaratzeko modukoak. Ez da harritzekoa, birus honek gure bizitza, sinesmen, usteak eta erreferenteak hankaz gora jarri baititu.
Aspaldi-aspalditik biologoek eta bestelako zientzialariek ohartarazi bazuten ere, denok ezustean harrapatu gaitu, batzuek South Parkeko “a posteriori” kapitainaren mozorroa jantzita azaldu nahi badute ere.
Hori dela eta, ni, soilik, gertatutako eszena txiki bat aztertzera ausartuko naiz. Etxe ondoan gertatutakoa, baina nahikoa adierazgarria.
Zatitutako gure herri honetan, erakunde-sarea oso konplexua da. Larrialdi baten aitzinean konplexutasun horrek arazo bereziak sortzen ditu.
Martxoaren 12an Euskal Herriko mendebaldeko hiru herrialdeetako erakunde nagusiak elkartu ziren: Eusko Jaurlaritza, EUDEL, Aldundiak eta “gonbidatu” berezi bat, Espainiako Gobernuaren Ordezkari berria, Denis Itxaso jauna. Bilera ondoko agerraldia eguerdirako aurreikusita zegoen, baina atzeratu zen. Gonbidatu berriak, Espainiako Koroaren ordezkariak, mahaigaineratu zituen Espainiako Gobernuaren aginduak. Ustekabe ederra hartu zuten Jaurlaritzan kide diren jeltzaleek, “Alarma Egoera” ezarriko zen eta Eusko Jaurlaritzaren eskumen gainetik Pedro Sanchezek aginte bakarra hartuko zuen.
Martxaren 12an Denis Itxaso lehendakari bilakatu zen. Mahai gainean jarri zituen argudioak: 78ko konstituzioa, polizia, Guardia Zibila eta militarren pistolak. Ez dakit objetorea ala intsumisoa izango ote zen, baina, orain behintzat, oso eroso ikusten dugu pasaitarra uniformedunen buru.
Urkullu Lehendakariak, adierazkortasunean uzkur baino uzkurragoa izan arren, egun hartan ezin zuen bere haserrea ezkutatu. Europako “Autonomia garatuena” segundo batean ezabatuta geratu zen. Catalunyan ikusi eta ikasi genuen, 155 zela eta, boureau fax baten bidez Estatutua indargabetu zuten, gatazka politiko itzela zen. Ezin irudikatu ere egin, mikroskopioan nekez ikusten den DNA multzo txiki batek EAEren eta Nafarroako Gobernuare egituraketa iraul zitzakeenik.
Agindua Urkulluren esku geratu izan balitz, agian okerrago egingo zukeen, PNVrentzat umeak etxean utzi eta langileak “metroetan” pilaturik ikustea bateragarriak direlako. Baina ez hori kontua. Gakoa beste toki batean zegoen. Bilera hartan Espainiako Gobernuaren ordezkaria botere osoa zeukan, ez EUDELek, ez Aldundiek, ezta Eusko Jaurlaritzak ere. Ez zuten “EZ” esateko eskubiderik eta horrek argi eta garbi erakusten du (berriz ere) euskal erakundeak menpeko egoera daudela. Balizko aldebikotasuna, alegia.
Aldundiek adin txikikoen gaineko eskumena dute, baita menpetasun egoera dauden agureekiko; Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak osasun arloko eskumen guztiak dituzte, baita hau bezalako izurrite bati erantzuteko baliabideak ere. Aginte bakarra ez zen beharrezkoa, aldiz, Sanchezen gobernua larrialdi egoeraz baliatu da indar erakustaldi baterako.
Bistan da, birus honek eta gero eta arazo gehiagok muga guztiek gainditzen dituzte, bitxia Sanchezek argudio hori erabili izana Ipar eta Hego Euskal Herri arteko muga “manu militariz” berrezartzeko.
2008ko krisia ondoren Estatuek “Merkatuekiko” boterea galdu zuten. Dirudienez, oraingo honetan, Estatuek boterea berreskuratu nahi dute. Menpeko erakundeen gainetik daudela azpimarratuz, militarrak kalera ateratzeko baimena beraiek dutela irudikatuz eta herritarren eskubideak murrizteko gaitasuna dutela erakutsiz.
Salbuespen egoera oro beti arriskutsua da. Susmoa dut salbuespen egoera honetan probatzen eta entsaiatzen ari direna hurrengo baterako erabili ahal izateko egiten ari direla. Erabaki batzuk muturrera eramanez, herritarroi neurria hartzeko. Ziurki beste irtenbide batzuk bazeuden, baina espainiar nazionalistek ezagutzen duten metodoa aukeratu dute, autoritarismoa, zentralizazioa, militarkeria, sekretukeria eta eguerdiko “El parte” telebista guztietan.
Era Planetarioan arazoek gero eta gehiago muga guztien gainetik pasako dira. XX.mendeko Estatu-Nazioen egiturak motz geratuko dira sarritan. Estatu-nazio zaharkituen tresnak mahaigainertzea orain (autoritarimoa, herritarrak subditu eta ume gisa ikustea, isunak eta militarrak…) tokiz kanpo dago. Denboraz kanpo dago.
Paradoxikoki, nire ustez, Aro Planetarioan sortutako arazoak tokian tokiko erakunde eta sare herritarretatik hobeto kudeatu daitezke. Herritarrei informazio osoa emanez, herritarrengan konfiantza jarriz, herritar sareak hornituz eta denok ardura hartuz.
Denis Itxaso, lehendakari bilakatu zenekoa
Oso azterketa egokia, bete betean asmatu ere!
Dennys-ek, lerdejarioz, zabaldutako txio batean ertzain talde bat ikusi genuen koartel bateko atarian zeuden berdez jantzitakoak besarkatuz, maskarilla eta eskularrurik gabe, gainera. Beraz, “aldebikotasun balizko” horri aurre egin beharrean, menpekotasun hori argi irudikatzeko prest daude jaurlaritzako ordezkari hauek. Baita horretarako, beren bizia arriskuan jarri behar badute ere. Todoporelaberri!