Utzi bakean positiboak!

Utzi bakean positiboak! –

Azken bi asteotan mundu-mailan bizitzen ari garen pandemia, birikoa ez beste, informatiboa ere bada: medioak, kazetaritzak berez duen birus ekonomikoak jota, etengabe ari dira gure bila, notizia txarrena nork sartuko, uzten ez diguten denbora-tartea periodikoa erosteko erabil dezagun. Askoren mina, zoroen atsegina.

Utzi bakean positiboak!Ni ez naiz egunkariak erosten uztearen aldeko (komunikazio-irakasle izanda ez litzateke eredugarri, medioei informazioa bildu eta sistematizatzea zor baitiegu, hein handi batean). Alta, gogoz edango nuke informazio zientifiko apur bat, egunero datorkigun kupel sasi-informatiboa baino.

Egunerokoei zientzia pixka bat eskaintzearren, gomendatuko nieke kazetariei estatistika-etxeen tabernara gehiago joatea, eta datuekin ez mozkortzea. Araka bezate adibidez Worldometers.info datu-basea, Dadax® iparamerikarrak sortutakoa eta Johns Hopkins Coronavirus Resource Center®, Financial Times, The New York Times, Business Insider® eta beste batzuk elikatua koronabirusari buruzkoak jasotzeko.

Worldometersen arabera, mundu osoan ia 700.000 Covid-kasu positibo dago gaur. Horietatik 32.000 lagun pasatxo eraman dizkigu birus deabruak. Baina osasun-sistemek ia 150.000 sendatu dituzte. Hots: sendatutakoak hildakoak baino bikoitza gehiago dira. Eskema bera errepikatzen da Europako estatuetan, baina prentsa espainiarrak behintzat beti jartzen dizkigu kutsatuak hildakoen aurretik, eta hildakoen ondoren osatuak. Modu honetan, burutik positibo ibiltzea nekeza bezain ezinezkoa da.

Halaber, gora-behera dabilen kutsadura-kurba positibo guztiak hartuta kalkulatzen dute hemengo medioek, momentuz tontorrera noiz helduko garen ez dakigula. Baina zera badakigu: pandemiak, pertsona-kopuru osoak hartuz ez beste, herrialdeen populazio osoa dutela konparazio-puntu. Analfabeto batek ere errez ulertzen du ez dela berdin bi patata soro batetik ateratzea soroak 10 patata baditu, edo 100. Hemen ere, beste horrenbeste.

Covid-kasu guztien zakua hartuta, une honetan Ameriketako Estatu Batuek dute positibo gehien; Italia gero, Txina ondoren, eta horien segidan Espainia eta Alemania. Frantzia, Iranen atzetik dago, zazpigarren. Har ditzagun orain hildakoen kopuru osoak, non 60 milioi laguneko Italia den garaile, 11.000 zendutakoekin. Espainiak segitzen dio a 7.000rekin (45 milioi lagun baino gehiago bizi dira zezen-larruan), eta ondoren datoz Txina (ia 1.400 mila-milioi) eta Iran (80 milioi). Hau bakarrik jakinda, aski dute italiarrek desesperazio pandemikorako, eta espainiarrek ia beste horrenbeste.

Baina pasa ditzagun orain datuok indize proportzional batera, ezen pandemiekin kasu osoak ere kontatzen baitiren milioi biztanlerekiko. Hara! Vatikanoak ditu orduan kasu gehien, San Marinok, Andorrak, Feroe Uharteek eta Luxenburgok segika, mikro-estatuak denak, 10 patatako soroak. Hildakoekin ariketa bera eginda, San Marino da berriro garaile, ia Tuterak bezainbesteko populazioa duena. Hari segika datoz, orain bai, Italia eta Espainia, eta zein eta Andorra laugarren eta Holanda bosgarren. AEB eta Txina, populazio erraldoietakoak, Top5 delakotik kanpo.

Irakurleak nahi beste jolas dezake zifrekin, baina begi-bistakoa da segun zein den ikuspegia datuekiko, optimistago edo pesimistago izan gaitezkeela, eta informazioa modu batean edo bestean emanda, biruseko gaitzek ez beste populazioa tristurak jota akabatu dezakegula.

Komeni zaio euskaldun bakoitzari, hor zein estatutan bizi den, halakoak ikuskatu eta kontrastatzea. Nire kasuan Espainiar Erresuman bizi naizenez, non konfinamendu bortitzenetakoenean (esp)etxeratu gintuzten, kontagioak %12 jaitsi dira hasi ginenetik, eta Italia baino lehenago hartu zen neurria (Lonbardia gaixoa salbatuz).

Ah! Eta datu guztiak plazaratzen omen ditu estatu honek, horra non holandarrek bakarrik ospitale eta erresidentziatan zendutako jendea besterik zenbatzen ez duela. Datuak nondik eta nola bildu, hori ere bada interesgarria jakiteko. Baina hori, beste artikulu baterako.

Utzi bakean positiboak!

Aitor Gastañeta

EHUko komunikazio-irakaslea. Margolari eta diseinatzailea. Pozik bizi naiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude