Lehen besarkada
Lehen besarkada –
Bateragune auzian jarri zioten zigorra osorik beteta, sei urte eta erdi luzez preso izan duten Rafa Diez, LABeko idazkari nagusi ohi eta bakegilea, gaur irten da kartzelatik.
Irrika handiz espero zen Diez Usabiagaren askatzea Euskal Herrian, eta jende andanak egin dio ongi etorria, El Duesoko espetxe atarian zein Muskiz eta Lasarte-Orian, hedabideek ere jakinminez jarraitu dituzten ekitaldietan.
Senide, burkide eta hurbilekoen artean besarkadaz besarkada ibili da sindikalista, gorputz orori ondo dagokion jantzia baita besarkada, gaitasun handikoa, arazoak desagertarazten ez dituen arren, zauriak ixten lagundu eta pairamenak arintzen dituena. Besarkada batek gutaz kezkatzen den norbait dagoela esaten digu, maitasun adierazgarri da-eta.
Isil-isilean asko adierazten du besarkadak, eta ematen den bakoitza, lehenengotik azkenekora, hunkitzeko gai den zorion une bat dela ahantzita, @eitbAlbisteak kontuak Diezek askatasuna berreskuratu berritan lehena nori eman dion azpimarratu nahi izan du gaur:
Lehen besarkada Iñigo Iruin abokatuari eman dio #RafaDiez?ek, gerora etorri da @ArnaldoOtegi?ri emandakoa https://t.co/KZRK1Y5COa pic.twitter.com/VTaHQthB51
— EiTB Albisteak (@eitbAlbisteak) August 17, 2017
Hodei Otegik, Arnaldoren semeak, erabili duen lerroburua aurpegiratu dio ETBri –hemen kargu hartzea eta jasotako erantzuna-, akaso asmo makurrez idatzi dutela iritzita. Eta zuri, zer begitantzen zaizu?
.