Elebakarraren arrazoia (edo arrazoiketa falta)

Elebakarraren arrazoia (edo arrazoiketa falta)

Bezeroak beti du arrazoia, zer esanik ez elebakarra bada. Valentziako gertakari bat irakurtzen nengoela Kataluniatik heldu zaidan mezuak bultzatu nau sarrera hau idaztera; espainiar elebakarrek Estatuko gainontzeko hizkuntzei dieten ezin ikusiaren bi adibide agertzeko asmoz.

Lehena, joan den igandean Alacanteko Ondaran, Portal de la Marina merkatalgunean gertatua. Saltzaileak bezeroari “valentzieraz” egin dio –hau da, katalanez-, eta hauxe izan da bezeroaren aldetik jaso duen erantzuna: “Aizu, polita, japoniarrez egiten badidazu ez dizut inoiz ulertuko”. Saltzaileak sare sozialetan idatzi duenez -hemen duzue kontakizun osoa-, ohikoegiak bihurtu zaizkio horrelako egoerak. Iaz, esaterako, “ez txineraz hitz egin” oihukatu zioten Elxeko udalbatzan “valentzieraz” mintzatu zen zinegotziari; ez nuke sekula esango katalanak Asiako hizkuntzen doinua duenik!

Alacanteko gertakizunera bueltatua, saltzaileak eta bezeroak izan zuten eztabaidan, “zure hizkuntzak ez du zertan izan espainiera ez den beste bat, Espainian gaude-eta”, ihardetsi ei zion bezeroak, eta toki turistiko batean zeudela-eta,“hemen guri esker bizi zarete, beraz, errespetu bat zor diguzue”, jarraian.

Euskaldunak izanda, horrelakoak aditzeak ez gaitu asko harritu, ez eta La Marina Plaza agerkarian -bertan irakurri dugu berria- irakurleek utzitako iruzkin saldoak ere, katalanez hitz egitearren saltzaileari kargu hartzen, asko eta asko –@valencianofobia Twitter kontuan ere irakurgai dituzuenak-.

Askozaz larriagoa, agertzen duen gizatasun faltagatik, iruditu zaigu bigarren adibidea, gaur bertan jasoa.

.

Espainiar poliziak Mossoei

Bartzelonan hildako bat eta 32 zauritu izan dira, gutxienez, furgoneta batek harrapatuta. Mossoek, agudo adierazi dute gertakaria eraso bat izan dela, eta ez istripu bat; lau hizkuntzatan adierazi ere, azpiko hau bezalako txioen bitartez.

 

Espainieraz egin duten txioari, jada ezabatu duten erantzuna eman dio Espainiako polizia ezberdinen mezu eta lanak sare sozialetan zabaltzeaz arduratzen den @Policías.es-ek: “Mezuaren zabalkundea interesatzen zaizuenean, azkar idazten duzue espainieraz. Oso ondo!”.

Elebakarraren arrazoia (edo arrazoiketa falta)

Elebakarraren arrazoia (edo arrazoiketa falta)
Bartzelona, hizkuntza, katalana, mespretxua, Mossoak, polizia, turistak, valentzia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude