Le Pen familia eta eskuin muturraren estalkia
Marine Le Pen-ek hiru urte eman ditu lanean, inmigrazioaren aurkako diskurtso sendo baina moderatuarekin, Frantziako herritarrak konbentitzeko. Lortu duela dirudi, Europako Hauteskundeetan lehen indarra izan baitzen. Marine Le Pen bera da horrenbestez, Europako hainbat herrialdetan piztu diren eskuin muturreko alderdien adibide. Diskurtso faxista edo naziekin ez dute bat egiten, eta forma zein mezu moderatuagoekin, arrakasta ari dira izaten. Espainian ere, FE de las JONS alderdiko buruaren hitzok adierazten dute jarrera hori: “Arrazismoa eta kanpotarrekiko gorrotoa arbuiatzen ditugu, gure oinarri moralaren kontrako jarrera dira, baina aldi berean, inmigrazioa kontrolatua eta antolatua izatea nahi dugu” Le Pen-en kasuan aldiz, Ana Pastorrek egindako elkarrizketa da bere diskurtso neurtuaren erakusle.
Baina Marine Le Pen-ek etxean du etsaia: Fronte Nazionaleko sortzaile eta bizi-osoko presidente den aita, Jean-Marie Le Pen. Ez da lehenengo aldia halako adierazpenak egiten dituela, baina azkenekoz bota duenak, tentsioa sortu du aita-alaben artean. Judua den Patric Bruel artistari buruz hitz egiten ari zela, “hurrengoan labetik pasako dugu” adierazi zuen.
Marine Le Pen-ek aitaren adierazpenak gaizki ulertu zirela argitu badu ere, akats politikoa izan zela ere esan zuen, lehen aldiz aitari aurre eginez. Baina Jean-Marie Le Pen-ek, akatsa onartu beharrean, gogor erantzun ditu Marine Le Pen eta FNeko alderdikideen hitzak: “Beste alderdi politikoen antza izan nahi dute. Hori bada Fronte Nazionaleko zuzendari batzuen asmoa, lortu egin dute”.
Marine Le Pen-en estrategiari kalte egiten diote nabarmen aitaren hitzek, eta baliteke Europako Parlamentuko itunak zein datozen hauteskundeetako emaitzak baldintzatzea. Gainera, inork zalantza egiten bazuen, eskuin muturreko alderdi ustez moderatuen estalkiaren atzean, betiko jarrera arrazista eta xenofoboak daudela erakusten digute.
Begira honako argazki zahar hau. Koadrodun korbata jantzita, Jean-Marie Le Pen; honekin hizketan ari den antiojuduna, Jon Mirande euskal idazle nazia.
http://farm1.static.flickr.com/213/468316318_6e963c3002.jpg?v=0
Oso interesgarria, baina nora iritsi nahi duzu horrekin?