Azokatik zintzilik

Durangoko Azokaren aldeko azken aldarriak, liburugintzarekin gurean ikusi ditugun politikei buruzko gogoeta ekarri behar luke, ezer baino lehen.

liburuak

Ez dugu hemen aipatuko testu liburu eta bestelakoentzat dauden politikak, euskarazko literatura liburuaz ariko gara bereziki, eta,  nik dakidala, Iparraldean eta Nafarroan ez da sekula gauza handirik egin izan administrazioen aldetik. Aitzitik,  EAEko Jaurlaritzak beti izan du kezka (euskarazko) liburuari nola lagundu erabakitzeko orduan, eta, oro har, agintea ukan duten EAJk eta PSEk euren ahalegintxoa egin izan dute. Zer lortzeko, baina?

Azken urteetan gauzak apur bat aldatu badira ere, Kultura Sailak beti jokatu izan du berdintsu: liburuaren ekoizpenari eta egileari lagundu izan zaie, batez ere. Lehenago liburu kopurutxo bat erosiz (300ale edo) eta orain argitaldariek duten urteroko egitasmoaren zati bat ordainduz (511.800€).

Ez nuke esango halakorik ez dugunik behar, ez eta gutxiago ere, baina nolabaiteko perbertsioa sortu dute politika horiek guztiek konponbidea ez baita jarri benetako arazoa dagoen tokian: irakurle gabezian.

Aipatu laguntza horien bidez argitaletxeen ekosistemari eutsi izan zaio, nolabait. Administrazioak erositako liburuekin edo liburu bakoitzeko emandako sosekin, argitaratzaileen kezka nagusia ez da izan kalitate handiko liburuak soilik argitaratzea, baizik eta euren negozioa ahalbidetuko duen adina liburu argitaratzea. Latz esanda,  beharrezkoa den gutxieneko kantitatearen bila joanez, liburu txar askoak ere argitaratu izan dira “tailerra” zabalik eta martxan edukitzeko arrazoi bakarragatik. Eta hala, produkzioaren saturazio moduko bat gertatzen ikusi dugu maiz.

Egileentzat ere errealitate lanbrotu bat baizik ez zen lortzen hala jokatutakoan. Egilearen zenbat liburu saldu dira “benetan”? Zenbat jendek irakurri du? Argitaratuko al zen bere liburua argitaldariek kopuru baten premiarik izan ez balute? Etc.?

Beraz, liburuak badaude, behar baino gehiago, seguruenera. Idazleak ere baditugu trumilka… Baina irakurleak, non daude irakurleak?  Nork argitaratzen ditu gaur egunean mila alera hurbiltzen diren tiradak? Zein egilek gainditzen du mila ale baino gehiagoko muga? Etc?

Liburugintzak aurrera egingo badu, logikoena dirudi politikak aldatu eta liburuaren kontsumoa bultzatzen egitea ahalegina. Irakurle kopurua handituko balitz, berez joango lirateke urak euren tokira. Zentzuzkoa dirudi galdetzeak zertarako behar ote ditugun orain kalitatearen galbahetik pasatu gabeko hainbeste liburu, inork irakurriko ez baditu. Zertarako plazaratu kontrastatu gabeko hainbeste egile…

Irakurlea da lehenik lortu behar dena, hortxe dago koska. Horretan asko dago egiteko, guztia ez bada: heziketa, publizitatea, dibulgazioa, irakurtzea bera prestigiatzea, irakurle klubak laguntzea…

Eginkizun horretan guztian, gustatu ala ez, akats eta guzti, Durangoko Azoka  bizkarrezur bihurtu da urtez urte egindako lanarekin. Eta Jaurlaritzak, ederki baino hobeto daki hori. Edo behar luke jakin.

Azokatik zintzilik
liburuak
Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)