Langile sutsuaren plantak egin
Unibertsitateko liburutegian lanean nengoela, ikasle batzuek liburuen artean ematen zuten ordu kopuruak liluratzen ninduen; egun osoa klaseko beharrei ekiten baitzieten. Miresgarria zen lanean jarduteko zeukaten grina eta inbidia ematen zidaten, denbora xahutzeko maixua bainaiz. Eurak bezalakoa izan nahi nuen: euskaldun zintzo eta langilea, Ameriketara joaten ziren artzainen tankerakoa; Amama harro egoteko moduko gizon eredugarria.
Ikasturtea pasa ahala, klaseak serio hartzeari ekin nion, azken orduko komeriak ekiditzeko erabakia hartua bainuen. Etxetik klasera eta klasetik liburutegira ibiltzea eguneroko jarduna bihurtu zen. Lanari gogor ekinez gero, aisialdirako denbora lar nuela jabetu nintzen. Atzoko izerdia ogi bihurtu zen. Aitzitik, egunero liburutegian jo ta ke aritzen ziren ikasle ugarik ikasgai askotan “gutxiegi” zuten. Malaletxean jartzen ziren emaitzen aurrean, izan ere irailean berriro egingo baitzituzten ditxosozko azterketak. Akabo uda eta akabo udako abenturak.
Espainako gobernua ordutegi berria ezartzea aztertzen ari da; lan jardunaldiak luzeegi direlarik, langile espainolarra (hegoaldeko euskalduna barne) ez baita eraginkorra. Bada neuk ez dakit neurri honek arazoa konponduko duen, lantegira lehena heltzeak eta azkena ateratzeak ei baitatza langile sutsuaren ereduak. Egunean zehar lanean jarduten duen edo telefonoz hizketan eta kafeak hartzen ibiltzen den berdin dio, aldez aurretik txapelduna baitzaigu. Berdin digu orduak, ilundu aurretik ez baikara etxera joango. Nagusiak ez gaitzala alpertzat hartu, zer gerta ere.