Sautrela 356. saioaren aurrerapena

Joxean Agirre
Aste honetako erreportajean poesia izango dugu jaun eta jabe. Aurtengo abuztu akaberan hil zen Seamus Heaney poeta handia. Irlandako tradizio poetiko joriko azkeneko katebegia, poesia garaikideko autorerik garrantzitsuenetakoa da ezbairik gabe ipar-irlandarra. Nobel saria jaso zuen 1995. urtean eta etenik gabe landu du bere genero kutuna Human Chain (Giza katea) izeneko 2010eko azkeneko bilduma arte. Euskaraz ez dugu apenas ezer itzulirik zoritxarrez, Luigi Anselmi eta Patxi Ezkiagak egin zenbait euskarapenetatik landa. Haatik, Heaneyren poesiaren zalerik ez dugu falta, Antonio Casado da Rocha poeta kasu. Azken honekin eta Ezkiagarekin elkartu gara poeta zendu berriaren poesiaren gako nagusiak ezagutzeko. Zer itxura hartzen du gaur egun egiten den poesiak? Edo, behinik behin, ze itxura hartzen du Heaneyren baitan?

Elkarrizketaren atalean, Joxean Agirreren azkeneko nobela izango dugu mintzagai, betiko legez, autorearekin. Adiskide bat nuen du izena eta azpeitiarraren zortzigarren nobela dugu. Agirreren heldutasun literarioari dagokion lana da, autorearen literaturako gai eta ezaugarri printzipalak agertzen direna: gizon-emakumeen arteko harremanak, sexua, umorea… Adiskide bat nueni buruz, bada, jardungo gara idazlearekin, nobelaren korapiloak argitu nahian.

Beñat Sarasolak, aldiz, iraganeko liburuen errepasoan, gure literaturako nobela gotorrenetako bat ekarriko digu: Jon Etxaide-ren Joanak joan. Pierre Topet Etxahun artzain eta koblakariaren istorioa kontatzen digun nobela, klasiko handienetako bat dugu oraindik ere.

Hori guztia izango dugu, beraz, larunbatean 15.00etatik aurrera; betiko moduan, Sautrela bereizten duten taxukera, pitxi eta bestelakoekin.

2 pentsamendu “Sautrela 356. saioaren aurrerapena”-ri buruz

  • Irakurri dut dagoeneko Joxeanen liburua. Ederra, fiña. Idazle europar baten tonua.

  • Oraintxe ikusi dut, konpletoa elkarrizketa. Joxean serioegi, beharbada, baina maila altuan.