Lan mundua euskalduntzeko konferentzia ostegunean Arrasaten

Orrialde osoko fax-inprimaketaDatorren ostegunean, ekainaren 13an, Lan mundua euskalduntzeko konferentzia egingo da Arrasaten, Garaia berrikuntza-zentroan. Bertan lan munduaren euskalduntzean zeresana duten lau aktore nagusiek hartuko dute hitza: enpresek, langileek, kontsumitzaileek eta instituzioek. Oraindik izena emateko aukera zabalik da: kontseilua@kontseilua.org edo 943 591 200 baliatuz.

KONFERENTZIAZKENEGITARAUA

Lan munduaren euskalduntzean zeresana duten lau aktore nagusiek izango dute zeinek bere ekarpena egiteko aukera. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok adierazi bezala: “Lan munduaren euskalduntzean zeresana duten aktore garrantzitsuak badira, eta Konferentziaren bidez ordezkari horiek bildu eta horri buruz hizketan jarri nahi ditugu”.

Hartara, azken hilabeteotan Hego Euskal Herriko hainbat enpresak eta eragilek Kontseiluak lan mundua euskalduntzeko dokumentuari egindako ekarpenak egin izan dizkiote, eta horren ostean, zenbait enpresarekin batera Kontseiluak lan-saio bat egin du. Konferentzian MAPSA, BATZ eta IMH enpresetako ordezkariek ekarpen horiek eta ondorioak aurkeztuko dituzte.

Langileriari dagokionez, hiru sindikatuk egin dizkiote ekarpenak Kontseiluaren dokumentuari, eta, ondorioz, CCOO, ELA eta LABeko ordezkarien ekarpenak entzuteko aukera izango da Konferentzian.

Hirugarren hanka ordezkatzeko, Euskal Kontsumitzaileen Antolakundeko José Luis Segurak hitzaldia eskainiko du lan munduaren euskalduntzean kontsumitzaileen elkarteek bete dezaketen funtzioaz.

Kontseiluko ordezkariak gogoratu nahi izan du instituzioek ere zeresan handia dutela lan munduaren euskalduntzean “horrexegatik Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundietako zein Eusko Jaurlaritzako ordezkarien iritziak jasotzeko aukera egongo da” azaldu du Bilbaok.

Instituzioei lotuta, beste hizkuntza-komunitate batzuetan aurrera eramandako politiken garrantzia azpimarratu nahi du Kontseiluak konferentzian, eta horretarako, Kataluniako Generalitateko ordezkari Joan Ramon Sole Durany jaunak instituzioen esku-hartze politikei buruzko hitzaldia eskainiko du.

Azkenik, Kontseiluak prestatu duen Lan mundua euskalduntzeko adierazpena aurkezteko baliatu nahi du Konferentzia: “Lan munduaren euskalduntzean urrats esanguratsuak ematea beharrezkoa da, garaia dela eta posible dela uste dugu. Are gehiago, bideragarria eta eskuragarria dela uste dugu. Horrexegatik Kontseiluak bere ekarpena egin nahi du, bai eta lan munduaren euskalduntze prozesuan erantzukizunez konpromisoa hartu ere.” gaineratu du Kontseiluko ordezkariak

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.