Peru III: Ez duzu Condorrak baino garaiago hegorik zabalduko

Condorra dantzan – Oier Aranzabal cc

Chivaytik Cabanacondera doan autobusaren burrunba eta sargoriagatik, edo harbide hartako koxka eta zuloetan zehar malguki aski amortizatuek egin dardaragatik zela huste nuen. Taupadaka neraman burukomina, bihotza burura igo balitzait legez. Gutxira ordea, argia ni, asmatu nuen ondoezaren arrazoia ez  zela garraioaren egoera tamalgarria, garaiera gaitza baizik. Itsasoaren maila berean bizi garen kalekumeon ajeak.

Autobus hartan sudur estudun bakarrak ginen Myriam eta biok. Gainontzeko guztiek zuten sudur xapala hobi zabalduna, 4000 metrotako oxigeno hutsala harrapatzeko zizelkatua balute bezala. Bakarrak ginen azal xuri-xurikoak, gainontzeko guztiek kafesnetik gorako morenoa baitzuten, ez erretzeko-edo, eguzkiak hain hurbiletik zelatatzen duen Colcako arroilan. Denek janzten zituzten kolore anitzeko oihalak eta, hiru lau kandela gainean paratuz gero, bertako okindegietan sarri ikusten diren tarta amultsuak ziruditen kapelak. Guk ordea, kamiseta lau-lauak, itzaliak, generamatzan atentzioa ez deitzeko-edo, preseski kontrakoa lortuz Andeen hegoaldeko paraje haietako edozein lekutan. Gringoekin eta argentinarrekin nahasten gintuzten gehienetan, baita billete-sorta batekin ere. Aurretik aipatu guztiagatik izango zen.

Garaiera gaitzak ere ezin zidan galarazi harrizko pareta erraldoi haien edertasunaz ohartzea. Bertako bizilagunentzat arruntak ziren zerua ukitzen duten horma natural haiek. Condorrarentzat bizitoki, goizeko lehen haize beroekin hegaka irtetzeko. Guretzat ipuinen bateko eszenatokia, film batean antzeko zerbait ikustetik ezaguna zitzaigun murrua.

Arequipatik turista hordak iristen dira ‘Cruz del Condor’ izeneko behatokira, argazki kamera eskuan, goizeko lehen orduetatik desagertze arriskuan dagoen hegazti handi honi postaleko argazkiren bat ateratzera. Eta gero bueltan berriz ere hirira. Inkentzat sakratua* zen Condorrak bihurtu du Colca arroila esplotazio turistikorako nukleo. Espezie hau ikusteko leku aproposenetariko bat da arroila, goiz argian, eguzkiaren lehen printzekin berotzen hasten baitira bertan, gero hegaldia hasteko. Begiratokiko ertzetan artisau andana dago lekua hartuta, turistari eten gabe amuak boteaz, ezer saltzeko esperantzan. Gu ere halaxe ikusi gintuzten autobus malapartatu hartatik jaisten, billete sorta xamur bezala.

Kolibria Colca arroilan – Oier Aranzabal cc

Ibaiaren zarata islatzen zen murruetan. Hamaika txorik egiten zuen kantuan inguruan, baina belatzak ziren condor erraldoiari aurre egiten zioten bakarrak, haien lurra eta airea babesteko. Inguruko gringoek (hala deitzeko lizentzia harroputza hartuko dut) condorrarentzat baino ez zuten begirik. Baina han inguruan baziren kolibriak; hain zuzen, munduko hegaztirik txikienak. Baziren moko ingurua gorrixka duten txolarre antzeko batzuk… Baita harriarekin mimetizatzen diren muskerrak. Turistoi begira denak, turiston indiferentziaz gozatzen.

Eta hauek guztiek, eta taupaka neraman burukominak gogora arazten ziguten, gu ginela han arrotzak. Gu ginela lekuz kanpo. Ez dugula inoiz condorrak baino garaiago hegorik zabalduko, ez garela harriarekin sekula mimetizatuko. Denen begiradak errespetu itzela sortzeraino, tamaina bereko gozatua emanateraino.

 

Condorraren hegaldia – Oier Aranzabal cc

 

*Quechua herriak animalien zein gizakien sakrifizioak egiten zituen naturan gurtutako jainkoei opariak egiteko. Eta hauek egin ostean, haragi freskoa jatera hurbiltzen ziren condorrak. Horretxegatik izpirituak zerura eramaten zituzten hegazti sakratutzat zuten.

bidaia, bidaiak, kronika, Peru
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.