Lagun gehiegi ditu gazteak
Lagun gehiegi ditu gazteak
Bizitzaz idaztea beti izaten da heriotzaz idaztea baino errazagoa. “Gazte zarenean bizi egin behar duzu, ez hil” esaten zidan beti lagun batek. Baina zorionez edo zoritxarrez gazteak ere hiltzen dira (gara). Azken aldian, ezbehar kate bat tarteko, gazte bat baino gehiago joan dira inguruan. Gazte izanagatik, Hasier Etxreberriak joan den asteko artikulu batean aipatu bezala, geuk ere aurkitzen ditugu hil eta handik denbora batera, ezustean, euren zenbakiak sakeleko telefonoan.
Zahartzean hiltzeko prestatua dagoen gizarte batean bizi gara. Tanatorioak lagun gehienak hilak dituztenen tamainara eginda daude; gela txiki, ezin inpertsonalagoak. Aiton- amonek egunero arretaz irakurtzen dituzte egunkariko (noski, Diario Vascoko) eskelak. Gazteok ordea ez dugu, oraindik, ohiturarik; eta sare sozialak horretarako ibiltzea sotilegia da akaso. Elizkizunekin agurtzen ditugu, gehienetan, ingurukoak; nahiz eta, hildakoak ez duen azken 10 urteetan elizarik zapaldu. Baina gizartea zaharrak hiltzeko pentsatua dago, ez gazteak.
Heriotzaren inguruko parafernalia guztia ere ez da nolanahikoa. Izan ere, hiltzean ez dio batek erabakitzeari uzten; eskela non jarri, zein kutxatan sartu, erre edo enterratu. Oroitzen dut aitaren lagun batek bere hileta aurrez prestatua utzi zuela, merienda eta guzti. Minaren kudeaketa errazteko sortutako ipuinek (erlijioek) mesede baino kalte gehiago egiten dute sarri. Heriotza ukatzea baino onartzea eta hark bizitza erakargarriago egiten duela gogoratzea besterik ez da geratzen.
19 urterekin lehenengoz lagun bat hil zitzaidanean galdu nituen gaztetasun urte batzuk. Hilezkor, betiereko izateari utzi nion, eta hauskor, hilkor bihurtu nintzen. Zaharrari onartzen zaio hiltzea baina gaztea legeak hautsiz doa, baimenik eskatu gabe; azkarregi, zalapartaka. Lagun gehiegi ditu tanatorioko gela txiki inpertsonalerako. Zaharrak irabazia du heriotza, merezia. Baina gazteak oraindik asko du egiteko, desegiteko. Gizartea zaharrak hiltzeko pentsatua dago, ez gazteak.
Lagun gehiegi ditu gazteak