Apirilaren 23an, zatoz Zientzia Azokara!

Apirilaren 23an, zatoz Zientzia Azokara!

  • Ikertzaile gazteen proiektuak eta ekitaldiak, Bilboko Plaza Barrian, egun osoz
  • Apirilaren 20an aurkeztuko da prentsaurrekoan, 11tan, Bilboko udaletxeko prentsa-aretoan

Apirilaren 23an, zatoz Zientzia Azokara!

Egitarau bete-betearekin dator aurtengo Zientzia Azoka. Eguerdiko 12tan hasi eta iluntzeko 8ak arte, ikertzaile gazteek ikasturtean landutako ikerketa-proiektuak eta proiektu teknologikoak erakutsiko dituzte Plaza Barrian. Hala, 12-18 urteko gazteen ia ehun talde eta haien lanak izango dira protagonistak.

Horrekin batera, zientzia-ikuskizunekin eta esperimentuekin gozatzeko aukera izango dute bertaratzen duten guztiek. Amaieran, egindako lanaren aitortza jasoko dute; besteak beste, talde batzuek Espainiako zein atzerriko beste azoka batzuetara joateko aukera izango dute.

Xehetasun guztiak azaltzeko, apirilaren 20an prentsaurrekoa emango dute 11tan, udaletxeko prentsa-aretoan Begoña Garamendi Ibarrak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak; Koldo Narbaiza Olaskoagak, Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza zinegotziak; eta Leire Cancio Oruetak, Elhuyarreko zuzendari nagusiak

Aipatzekoa da Zientzia Azoka, Elhuyarrek antolatzen badu ere, Euskal Herriko Zientzia eta Teknologia Sarearekin elkarlanean egiten dela. Hain zuzen, UPV/EHUko, Mondragon Unibertsitateko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko eta Deustuko Unibertsitateko ikertzaileen laguntza jasotzen dute gazteek.

Gazteengan zientziaren eta teknologiaren arloetako gaitasunak lantzea, bokazioak piztea eta alorreko pertsonak hurbiltzea dira ekimenaren helburu nagusiak, eta , eta erakunde hauek finantzatzen dute: Bilboko Udalak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, Iberdrolak, Euskaltelek, Visiontech4Life kontsortzioak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta FECYT erakundeak (Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa).

Babes horren erakusgarri, Zientzia Azokaren babesle eta kolaboratzaile guztiak egongo dira irekieran, 12tan Zatoz zu ere Bilboko Plaza Barrira!

Apirilaren 23an, zatoz Zientzia Azokara!

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.