Laborarien iraultzak

Laborarien iraultzak –

Aljeriako soldaduzkatik itzulia 1960ko abenduan, Enbata kazetako taldean sartu nintzen ondoko apirilean, zazpigarren kidea. Laborari seme izanez, baita sail horretako ingeniaria, laborantzako gaiei lotu nintzen berehala. Lehenik euskaraz idatzi nuen Lapurdiko itsasaldea hirigune luze bat genuela, zalu hazten ari zena ; beraz hori zela, hurbiltasunez ere, Euskal Herri barneko laborarien merkatu naturala, beraz ekoizpena horri zuzendu behar ziotela nagusiki.

Laborarien iraultzak

Laster, udari buruz, Bretainiako nekazariek manifestaldi erraldoi andana bat antolatu zuten auto eta traktoreekin, eta hemengoek ere bat egin zuten Baionan, ez hain handia: horretan parte hartu zuten abertzale bakarrek, haien artean zeudela Mixel Eppherre eta Xan Hiriart zenak. Iraultza baten hastapena zen laborantzan, eta dosier horretaz artikulu sorta bat idatzi nuen Enbata hilabetekarian, frantsesez, urte zenbaitez.

Laborariak erronka handi batean sartzen hasiak ziren aitzineko hamarkada erditsutik: lehenbiziko traktoreak, onkailu kimikoak, belar-pozoiak, abereentako zaldareak, amerikano arto hibridoak Donapaleuko Lur Berri kooperatiben inguruan… Aholkulari zituzten ingeniari bakar batzuk, “Frantzia behere hortarik” etorriak. Laster agertu beharrak ginen euskaldunak, joriago : Iribarne, Etchamendy, Larralde, Joanes Goyhenetche, ni… eta berantxago Txomin Davant, F. Dascon, A. Errotabehere, B. Arbelbide, Pessans…

Erronka ohiko lurlanetik sistema berrira pasatzea zen, autokontsumoa mugatuz merkaturantz gehiago itzultzea teknika berriei esker : orokorki kimikak leku gehiago hartu behar zuen, motorrak abereen tokia bete, otarra edo iraztorra labakitu behar zuten, patarregi ez zen ber. Ondorioz ekoizpena emendatu zen, ekoizkinen prezioa tinkatuz. Hortik piztu ziren aipatu berri ditudan matxinadak. Berantago Europako merkatu batuak inportazioak mugatu zituen, eta barneko nekazariei prezio zuzenen finkatzeko sistema segurtatu. Frantziako Errepublikan, de Gaulle presidente zelarik, laborantzako ministro handi bat agertu zen, Pisani, gizon argi eta kementsua : laborarien aldeko legedi aurrerakoi bat bultzatu zuena, bereziki erakaskuntza indartuz, elkarlana lagunduz, erretreta sistema bat eraikiz.

Duela 60 urte hasiriko iraultza kimikoa urrunegi joan da,
eta orain iraultza biologiko bat hasten dute puntako nekazariek.

Bitartean arazo eta erreforma berri horiek ikertuak nituen Enbatan, nire aburuak eta proposamenak zehaztuz, euskaldun laborarien herritargoaz ene iritzia gehituz, ikuspegi abertzale batetik prefosta, baina zeharka, hiztegi neurtuan. 1970ko udan dosiera euskaraz itzuli nuen, Baionako Biltzarraren aholkuak kontutan harturik, liburu batean agertu nahiz. Eta Iparraldean ez baigenuen oraiko ahalmen teknikorik ezta behar zen dirurik, Hegoaldean merkeago argitaratzera saiatu nintzen, baina frankisten zentsurak debekatu zidan.

Bestalde mendiko laborantza bulta batez bazter utzia izan zen, artoak ez baitzuen hor lekurik, ezta labakiak, herri beherean garapenaren bi ardatzak izan zirelarik. Azkenean Jean Pitrauren kemen izigarriak bide bat ireki zion. Pitrau ez zen abertzalea, haatik ekonomiako borroketan lankide ginen.

Laborarien iraultzakDena dela, hasieran bultzatu genuen garapena orekatua zen, hazkuntza eta zerealak uztartuz, ongarri biologikoak eta kimikoak parean baliatuz. Baina denborarekin agroindustriako teknikalariek gaina hartu dute, irakasleen eta departamenduko laborantza ganbera ofizialekoen aholkuak zokoratuz: onkailu kimikoen, pestiziden, makinen eta zaldareen salmenta zinez bultzatu dute. Beraz laborantza gero eta gehiago industrializatu da, artoaren monokultura karioak eta hazkuntza intentsibo artifizialak osoki gaina hartu dute, makinekin eta ureztatzearekin batera.

Laborantzan ere kapitala nagusitu da, jendea menderatuz, etxalde franko suntsituz, nekazariak isolatuz etengabeko lanean eta zorren azpian, ingurumena zikinduz eta fundituz ber denboran, beharbada janari batzuk ere pozoituz. Europako merkatua liberalizatu da, Brasili eta Estatu Batuei zabaldu da, haien lehiaketa desleiala onartuz, haienganiko soja burrustan irentsiz.

Haatik, Euskal Herrian bereziki, nekazarien atal on batek ingurada berri bat hartzen du, biologiari, etxeko bazkei, ingurumenari, elkarlanari eta janarien kalitateari leku gehiago emanez, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen laguntzarekin: iraultza berri bat hasten da laborantzan.

 

Jean Louis Davant

Laborarien iraultzak
Laborarien iraultzak
Laborarien iraultzak
Laborarien iraultzak

Idazle zuberotarra eta euskaltzain emeritua. Laborantzako irakasle ohia. Enbata eta EHAS-en sortzaileetakoa.