Arte[faktua] 75: Itxaro Borda, Susmaezinak, Lucien Etxezaharreta, Lucía Baskaran

Arte[faktua] 75: Itxaro Borda –

Itxaro Borda idazle baionarra da aste honetako Arte[faktua] literatur saioko gonbidatu nagusia. Bere sorlekuan elkartu gara berarekin, Alberdania argitaletxearekin plazaratutako Susmaezinak eleberriaz solastatzeko. Kontakizuna 1980ko berunezko urteetan dago girotua, eta Iparraldeko komando bateko lau kide eta haien ingurukoak dira protagonista. Halere, fikzioaren bidez, alde guztietakoen ikuspegi eta ahotsak islatu nahi izan ditu Bordak. Alde bakarra eskaini beharrean, hainbat ikuspuntu muturreko eta kontrajarriak bildu ditu.

Historian lizentziaduna da, betidanik gustatu baitzaizkio historia eta historiak. Seaskako lehendakaria ere izan zen garai batean. Bere esanetan, hura beti izan da elkarte indartsu bat, nahiz eta egoera ekonomiko zailak bizi izan dituen. Postari lanetan ere jardundakoa da. Neurri batean, istorioak eraikitzen lagundu omen dio. Lan horrek bost urtez Parisen bizitzea ekarri zion, eta, ondorioz, Euskal Herritik kanpoko beste errealitate sozial, ekonomiko eta kultural bat ezagutzea.

Lucien Etxezaharreta kazetari eta idazlea gonbidatu du Bordak elkarrizketara. Aspaldiko adiskideak izateaz gain, Maiatz literatura aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen Borda eta beste batzuekin batera. Harrezkero, bertako koordinatzailea da Etxezaharreta. Urtero bi zenbaki ateratzen dituzte. Susmaezinak liburuaz dio bi munduen elkar-ulertzea errazten duen lan bat dela. Bere iritziz, Euskal Herriaren bi aldeetan desberdin bizi izan den gatazka horren gorrotoak konpondu edo, behintzat, ulertzeko balio du literaturak.

Gorputz madarikatuak eleberria kaleratu berri duen Lucía Baskaran idazle zarauztarra izango dugu, gainera, aste honetako Artefaktu[egilea] tarteko protagonista.

Bestalde, irakurlearen atalean, Joxe Iriarte Bikila-k Svetlana Aleksiévich-en Gerrak ez du emakume aurpegirik liburuaren gomendioa egingo digu.

Aste honetako Galdetegia-n, berriz, Hasier Larretxeak, Castillo Suarezek eta Fito Rodriguezek, astero legez, literaturaren inguruko galdera banari erantzungo diote.

Horretaz gain, Armentia Ikastolako Maddi Agirrek Libre eta Sorgin belarra liburuak gomendatuko dizkigu Booktuber atalean.

Azkenik, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Garoa, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.

Hori guztia, larunbatean, arratsaldeko 15:00etan, ETB1en.

Arte[faktua] 75: Itxaro Borda, Susmaezinak, Luzien Etxezaharreta, Lucía Baskaran
Ikusi saioaren aurrerapena hemen
Arte[faktua] 75: Itxaro Borda, Susmaezinak, Luzien Etxezaharreta, Lucía Baskaran

Arte[faktua] literatur saioa ETBn