Kultur aniztasuna eta eskola, elkarrekin hazten eta hezten

Kultur aniztasuna eta eskola, elkarrekin hazten eta hezten (*) –

Haur euskaldunak sakabanatzen ez dituen eskolaOtsailaren 19ko BERRIAn Ikasle etorkinak eta eskola, elkarrekin hazten izenburuko artikulu bat irakurtzeko aukera izan genuen. Irakurleari luzatutakoa Amelia Barquin Mondragon Unibertsitateko irakaslearen esanetan oinarrituta dago.

Ez naiz ikerlaria, ez naiz irakaslea. Euskalduna eta atzerritarra den ume baten ama naiz (aita ez da euskalduna). 9 urterekin Asiatik Euskal Herrira bizitzen etorritako ikasle baten guraso naiz.

Alaba D eredua eskaintzen duen sare publikoko ikastetxe batean dabil. Ez gintuen beldurtzen bere gelan «ikasle atzerritarrak» aurkitzeak, direla Espainiaz haragokoak edo Espainia barrukoak. Kultur aniztasunean hazi eta hezia dago alaba etxean, kalean eta eskolan. Aniztasunean (zentzurik zabalenean), baina oraingoan Euskal Herrian bizitzeko aukera ematea izan zen gure aukera.

BERRIAko testua irakurtzean, hamaika galdera zetozkidan burura. Nortzuk dira ikasle etorkinak? Eta autoktonoak? Elkarrekin hazten bai, eta hezten? Zein da bigarren mailakoa? Diagnosia partekatu ezean zaila da elkarrekin aurrera egitea.

Azken boladan, kulturartekotasunari, migrazioari edota segregazioari buruz hitz egiten dugunean, Hego Euskal Herrian D eredua duten ikastetxeak bertoko hizkuntza eta kultura aldetik homogeneoak bailiran aurkeztuak dira sarri. Kezka handia agertzen da etorkinen inguruan ere, edota bertoko beste talde batzuenganako, ijitoenganako-eta. Behin ere ez dut oraindik irakurri, joan den azaroan Arnas Dezagun guraso taldearen manifestua irakurri arte, gune erdaldunetako D ereduetan matrikulatutako haur euskal hiztunen inguruko kezkarik, edota ikasle guztiei onuragarri litzaieken planteamendu seriorik jatorrian oinarritutako segregazioari aurre egiteko eta bide batez euskara (eta euskaldunak) dagokion tokian jartzeko. Irakurtzen ari naizena ez dakit nongo D eredua izango den. Ez behintzat Hegoaldeko gune erdaldunduetako argazkia.

Alabaren D ereduko ikastetxean, Espainia da erreferentzia nagusia arnastu eta ikasten duten ia guztian.

Alabak iaz gelakideekin euskaraz zertxobait mintzatzeko aukera zeukan (bera gaztelania jakin gabe etorri zen, aldiz euskara eta beste bi hizkuntza hitz egiten zituen). Aurten ez du norekin euskaraz hitz egin modu naturalean, gela berri batean dago. Ez da euskaraz hitz egiteko libre sentitzen. Besteak bezalakoa izan nahi du. Erabat ulergarria. Eskolatik kanpo berriro da euskalduna.

Nire alabak eta gelakideek jasotzen duten zeharkako mezua da euskarak eta Euskadik (ahaztu Euskal Herriari buruz hitz egitea) ez dutela baliorik, Euskararen Egun ofizialean eta beste pare bat egunetan ez bada. Bigarren mailako hizkuntza dugula eta bigarren mailako herria garela. Hori ez da motibaziorik onena euskarara hurbildu eta bizi diren herria hobeto ezagutu eta maitatzeko. Hemengo eskolako euskararen erabilpen mugatuarekin, gure alabak ez zukeen atzerrian bertoko eskolako hizkuntza (ez zena ez gurasoena ezta kalean nagusia) bereganatu izango egin duen modura.

Gure eskolek Euskarari eta gure herriari merezitako tokia eta errespetua erakutsita, seguru nago gure eskoletako ikasle guztiak, bertokoak eta kanpokoak, arinago eta hobeto euskaldunduko liratekeela. Umeak eta nerabeak esponjak dira hizkuntzak ikasteko orduan. Bertako ikasle asko elebidunak dira, etorkin berri asko bezala (are, hirueledunak ere). Latinoamerikatik datozenetatik asko dira, Madril edo Murtziatik etorritako ikasle etorkinen modura, gazteleradun elebakarrak. Baina badira Amerikako jatorriko hizkuntzetan mintzatzen direnak ere. Aukera badago D ereduan euskara ikasi eta erabil dezaten, eta etxeko sentitu. Horietako asko, gainera, Euskal Herrian jaioak dira (gurasoak etorkinak izanik).

Gure atzerriko eta bertoko esperientzian oinarrituta, metodologia da aldatu beharrekoa. Metodologia euskaraz irakasteko, eta kulturartekotasuna integraziorako tresna moduan ulertzeko txipa aldatu.

Ikasle etorkinei buruzko gure diskurtsoari babeskeria dario; gurera hurbildu behar dutela; gurea ikasi. Eta guk eurengandik ez daukagu zer ikasi? Alabari aurten proposatu dio irakasle batek bera bizi izan den herrialde biri buruzko aurkezpena egitea gelaren aurrean. Hori proposatu ziotenean izugarri poztu zen (bere jatorriaren parte baten aintzatespena zelako). Ariketa polita izan da. Eskolan ariketa berdina ikasle guztiei egiteko aukera ematea proposatuko dut. Eta uste dut, kasu honetan, irakasleak azaldu behar liekeela Euskal Herri osoa.

Atzerrira duela hogei urte joan nintzenean Hegoaldean talde kultural handi bi genituen; bat euskalduna, bestea gazteleraduna. Ez orduan eta ez orain, D ereduko ikasle guztiek ez zuten euskara maila berbera. Ikasle etorkinen eta orokorrean erdaldunen kopurua (etxetik euskararik ez dakartenena) hazi egin da D ereduko sare publikoan, eta gaztelera bilakatu da harreman hizkuntza nagusi eta ia bakar. Non geratzen dira ume euskal hiztunen eskubideak itsaso zabal horretan, eta konkretuki gune erdaldunduetan?

Amaitzeko, Ikasle etorkinak eta eskola, elkarrekin hazten, ala Kultur aniztasuna eta eskola, elkarrekin hazten eta hezten? Azken bi hamarkadetan gure eskolen aniztasuna hazi egin da (eta ez kultur jatorriei dagokienez bakarrik). Orain dugun erronka da kopuruan haztetik elkarrekin hazi eta heztera pasatzea, ikasle talderik atzean utzi gabe.

(*) 2022/03/22an BERRIA-n argitaratua: berria.eus/kultur-aniztasuna-eta-eskola-elkarrekin-hazten-eta-hezten

Kultur aniztasuna eta eskola, elkarrekin hazten eta hezten

7 pentsamendu “Kultur aniztasuna eta eskola, elkarrekin hazten eta hezten”-ri buruz

  • Welcome to the Basque Country “euskal” eskola (laster Basque School, Jaurlaritzaren idiolektoan).
    Zure alabari gertatutakoa izurritea da EAEko ikastetxeetan (Nafarroa, Iparraldea… snif!): haur euskaldunak sakabanatzen dituzte, haurrei gelan ere erdaraz egiten uzten zaie gero eta sarriagotan, erdara da gelaz kanpoko hizkuntza nagusi erabat, eta bai, haur euskaldunak “rara avis” gisa ikusiak dira ikaskide erdaldunen (gehiengoaren) aldetik.
    Eta ez, haur euskaldunek ez dute babesik ez ingurune erosorik izaten (gehienetan) euskaraz jardun ahal izateko, horregatik erdarara lerratzen dira ahal duten bezain laster, euskara soilik irakasleekin jarduteko hizkuntza dela (kasurik onenean) jabeturik, egundoko atsekabea eta kolpea hartuta euskara etxeko hizkuntza zutenek.
    Baina lasai, Ainhitze, d’ont worry! Dena da “eleaniztasunaren” eta “inklusioaren” mesedetan. Gero eta “eleanitzagoak” eta “mundutarragoak” omen gara euskaldun-ohiok. Españolez hemen, eta frantsesez bestaldean, hori bai.

  • Ainhitze B.B. 2022-03-11 14:00

    Arrazoia ez zaizu falta. Zure hausnarketak beste artikulu baterako ematen du: inguruan kultura bakar eta elebakarraren pentsamoldearen gaitzaren ondorioa. Fenomeno hau oso europarra (eta amerikarra – europarron eraginez) da; euskaldunon artean ere bai. Ez aldiz asiarra eta afrikarra, non elebidun edo eleanitz izatea ez den rara avis.

    Etxean askori ahoa aniztasuna eta inklusioa bezalako hitz potoloekin betetzen zaie, hemen berezko aniztasuna, etorkin berriak duela bi hamarkada etortzen hasi aurretik, bagenuela ezin ikusiarena eginez. Hau onartezina da. Orain anitzagoak gara (zentzu guztietan). Baina baginen eta bagara berez anitzak. Horregatik nahiago dut kultur aniztasunaz hitz egitea (bertoko bat euskalduna izanik). ikasle etorkinei mugatzea baino. Etorkin berriak etorri aurretik, bageneukan aniztasunean hazi eta hezteko erronka. Hazi, hazi gara elkarrekin. Orain elkarrekin ere heztea dagokigu. Euskara eta euskal kulturari ere dagokion begirunea eta tokia bermatuz bereziki egungo D ereduan, edota etorkizuneko honen baliokidean.

    “Don’t worry, Don’t be happy” (euskaldunok ezin egun bizi dugun egoeragatik “Be Happy”-rik abestu). May be in the future? Inshallah. Hala bedi.

  • Ainhitze B.B. 2022-03-11 14:13

    Hau esan nahi nuen: “Worry, Don’t be happy” (euskaldunok ezin egun bizi dugun egoeragatik “Don’t Worry Be Happy”-rik abestu). May be in the future? Inshallah. Hala bedi.

  • Arazoetako bat da, Euskal Herrian “aniztasuna” kontzeptua erdaldunen ahotan entzun izan dugula, euskaldunoi “exklusioa” leporatzen zigutelarik, nortzuek eta erdaldun elebakar ziren horiek!
    Euskal Herrian gizarte-aniztasunik ez dago. Gizarte ia erabat españolizatu edo frantsestuan bizi gara, eta gazteleradun / frantsesdunen azpian bizi gara euskaldun multzo oraindik mardul-antzeko bat, eta beste herrialde batzuetatik etorritako askotariko (dozenaka) talde txikiagoak eta norbanakoak. Normalean, etorri berri horien seme-alabak gazteleradun edo frantsesdun izaten dira gainera; eta soilik arnasguneetan (oro har) baita euskaldun ere.
    Europan estatu-nazio elebakarrak eraiki dira gehien-gehienetan, eta estatu horien barneko herrion hizkuntzak eta kulturak ezabatzea izan da eta da estatu horien gehienen lehentasuna.
    Euskal Herrian “aniztasunari” egin diezaiokegun ekarpenik handiena euskara eta euskaldungoa, babestea eta sustazea da. Etorri berrien hizkuntzak eta kulturak aintzat hartuz bai, baina ez gurearen pare jarriz, belaunaldi pare batean guztiok gazteleradun / frantsesdun bukatu nahi ez badugu behintzat…

  • Oso argigarria da nola gaztelaniaz ez zekien alaba urtebetean eskolan erdaldundu egin zen…Arnas Dezaguneko manifestuan diogun bezalaxe: euskara etxetik dakarten haurren euskalduntzea, osatu beharrean, oztopatu egiten da, erdara nagusi delako jolas eta jantoki orduetan eta, sarri, baita klase barruan ere.
    Etsigarria da benetan egoera … eskerrik asko bizipena partekatzeagatik eta animo, ez dugu etsiko!!

  • Ainhitze B.B. 2022-03-23 11:48

    Urtebetean ez, arinago eldaldundu zen eskolari esker. Bi-hiru hilabetetan gaztelaniara pasatu zen, berea kaxkarragoa bazen ere “berdina” izan nahi zuelako. Egungo hezkuntza sistemak ez du etxetik euskara ekarri ala euskaraz egin nahi dutenenganako enpatiarik sustatzen. Horrela ikasle guztiek galtzen dute hizkuntza eta balioen kontutan.

    Eskolan bera BELARRI PREST da, eta AHO BIZI kalean, mundua aldetarntziz, bizi garen gune erdaldundu batean.

    Eskerrik asko Arnas Dezagun guraso-ekimena martxan jarri duzuen guztioi!

  • Ainhitze B.B. 2022-03-25 11:23

    Honaino heldu bazara, Arnas Dezagun ekimena zuzenean ezagutu eta babesten gonbidatzen zaitut: https://arnasdezagun.eus/