Kukutzaren alde, Kukutzaren kontra

KukutzaKukutzarekin gertatutakoa asteko eztabaida-gaia izan da, ez du inor isilik utzi. Etxean, tabernan, lanean, interneten… Gaur goizean, autobusaren zain nengoela, atentzioa eman didan elkarrizketa bat entzun dut. Bi emakume zeuden Kukutzan gertatutakoari buruz hizketan.  Adin bera izango zuten, 30-35 urte inguru. Bata Kukutzaren alde eta bestea, kontra.

–Aizu, “ze fuertea” Kutzakoa, ezta?

–Bilboko gaztetxe horrena?

–Bai, hori da.

–Ba ez dakit zer esan…

–Zer esaten ari zara!? Ez al zaude haserre gertatu den guztiarekin?

–Ez, ez da hori. Oso gaizki iruditzen zait Ertzaintzak egin duena eta hori guztia, eta Kukutzaren proiektuarekin guztiz bat nator, oso gauza interesgarriak egin dituzte irakurri dudanaren arabera. Baina, ez al duzu pentsatu eraikin horrek jabe bat duela?

–Zer esan nahi duzu?

–Gaztetxea fabrika zahar batean zegoen ezta?

–Bai, abandonatutako fabrika batean.

–Hori ba, eraikin horrek jabe bat izan behar du.

–Baina abandonatuta zegoen.

–Eta zer. Ez dakit nongo paperetan X pertsona eraikin horren jabe dela jarri beharko du. Eta jabeak bere jabetzarekin nahi duena egiteko eskubidea dauka.

–Eta jaberik ez badu?

–Hori eziezkoa da, ezin da jabetzarik gabeko eraikinik egon. Entzun: eraikin hori hutsik badago eta okupatu egiten badute, berdin zait gaztetxe, etxebizitza edo gosez akabatzen dauden haurrentzako ospitale bihurtzen badute, hori ez da legala, hori lapurreta egitea bezala da. Zuk orain telefono mugikor bat kalean botata aurkituko bazenu, zeuretzat hartuko zenuke? Ez, ezta? Udaltzaingora eramango zenuke jabea agertu arte, edo zeure kasa bilatzen hasiko zinateke agendako zenbakietatik abiatuta.

–Tira, mugikor “guapo” horietako bat bada… eta kalean badago…

–Baina gaizki jarduten ari zarela ez didazu ukatuko.

–Ez. Baina pentsa ezazu beste modura, niregatik ez balitz, mugikor hori alferrik galduko litzateke. Eta berdin eraikinarekin.

–Eta ni mugikor horren jabea izango banintz, eta egunen batean kalean zurekin topo egingo banu eta mugikorraren jabea naizela frogatzen badizut, zer egingo zenuke?

–Joe! Hori oso zaila da!

–Zer egingo zenuke?

–Ba… itzuli egin beharko nizuke.

–Hor duzu erantzuna.

–Baina ezin dituzu gauza bat eta bestea erkatu! Oso bestelakoak dira. Kukutzak gauza asko egin ditu auzoaren alde, balio handiko gune sozio-kulturala zen. Gauza onak egiten zituzten eta kapitalista zikin horiek bi segundotan eraitsi dute eraikina.

–Esan dizut ez dudala Kukutzak egindako lana ukatzen. Esaten ari naizen gauza bakarra da eraikinak jabe bat duela, eta jabea ez direla Kukutzakoak; beraz, nahiz eta ez gustatu, ez dute eskubiderik, nahiz eta mila urtez okupatuta izan.

Elkarrizketa berotzen hasi denean, autobusa heldu da eta bi emakumeak igo egin dira. Nik nire autobusaren zain jarraitu dut. Ezin izan dut elkarrizketaren amaiera entzun. Lastima. Nor geratu ote da argudiorik gabe lehenago? Auskalo, baina bi emakume horietako batek sarrera hau irakurtzen badu, elkarrizketaren amaiera gurekin partekatzera gonbidatzen dut.

Egia esan, hotzean pentsatuta, ikuspuntu zeharo arrazional batetik ikusita eta sistema kapitalista basati batean bizi garela kontuan izanda, Kukutzaren kontra agertutako emakumeak arrazoia du. Beldurgarria da, baina halaxe da. Baina bidezkoa ote da Kukutzaren desagerpena? Ez. Kontraesanez betetako sistema batean bizi gara.

 

Kukutza

8 pentsamendu “Kukutzaren alde, Kukutzaren kontra”-ri buruz

  • Gari Garaialde 2011-09-27 09:55

    Kukutzaren kontra azaldutako emakume horrek egia batzuk ezkutatzen ditu edo ez dakizki. Ez naiz ni hemen zerrendatzen hasiko, asko idatzi baita egunotan.
    Eta jabetza pribatuaz gabiltzanean, zergatik ez diogu gauza bera instituzioek desjabetza bat gauzatzen duten bakoitzan?

  • 1- Informazio gisa, fabrika horren jabea narkotrafikoarekin lotuta zegoen. Hortik egin zuen dirua bere garaian eta horregatik abandonatu zuen fabrika.

    2- Duela urte batzuk arte terreno horretan ezin ziren etxebizitzak egin. Udaletxeak erabaki zuen rekalifikatzea eta horregatik jabeak dirua

    3 Jabeko pribatuaren “lapurketa” ohikoa da; desjabetza du izena eta askotan egiten da guztion intereserako bada. Jabeari terrenoa kendu eta horregatik X ordaindu ta listo.

    Hortaz, azken bi argumentuak kontutan izanda batez ere, hemen kasua ez da lokala jabeari kendu nahi diotela herritarrek zuzenean. Kasua da Udaletxearekin daudela haserre, udaletxeak hori egin dezakeelako eta justu kontrako modura jokatu duelako… lehenengo terrenoa rekalifikatuz, gero desalojatuz eta gero eraikina behera botaz.

    Portzierto!! Udaletxeak dirua aterako zuen rekalifikazio horrekin etabar; baina zenbat gastatu du azkenean iskanbilak direla eta? Bere garaian terreno hori desjabetu balute zenbat kostatuko litzaieke?

    Ba hori, igual pentsatzeko zerbait badela hurrengotarako…

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-09-27 15:45

    N.Lazkano, zure ustez, “ikuspuntu zeharo arrazional batetik ikusita eta sistema kapitalista basati batean bizi garela kontuan izanda, Kukutzaren kontra agertutako emakumeak arrazoia du”. Bada, ez da nahastu behar “ikuspuntu zeharo arrazionala” eta “sistema kapitalista basatian oinarritutako ikuspuntua”. Izan ere, jabetza pribatuaren aurka, Kukutzaren alde, eta halako milaka jarrera “idealista” oso arrazionalak izan daitezke, berdin-berdin. Are gehiago, askotan arrazionalagoak. Zuk diozun emakume horren ikuspuntua eta bestearena ez dira ezberdinak arrazionaltasun mailan, baizik eta batek sistemak ematen dizkigun “balizko arauak” (balizko diot, xabik esan bezala sistemak berak ere ez dituelako errespetatzen) dogma bihurtzen dituelako eta besteak ez (kasu honetan behintzat).
    Bidebatez, eskerrik asko xabi, oso datu interesgarriak idatzi dituzu.

  • Garik dioenari helduz, gertatzen dena da jendeak ikusi nahi duena bakarrik ikusten duela.
    Eta ondorioz, deus ere jakin gabe hasten dira hizketan. Guztiarekin gertatzen den bezala. Gainera, lepoa egingo nuke kukutzaren kontra dagoen emakumeak pisu bat duela hutsik nonbait.

  • Kukutzaren aurka ari den emakumeak arrazoi duela esatea gehitxo iruditzen zait.
    Ezin da legedia arrazoiarekin nahastu. ez eta justua eta etikoa izatearekin.
    Iran inbaditu eta gerra egitea (zibilak akatuz) legezkoa da…. eta horrek ez du esan nahi hori egin dutenak arrazoi dutenik… baina legearen babesean egin dute…. bestalde… ezin da legedia hain zorrotz aztertu… ez behintzat gaur egun eraikin huts horien jabe direnak, aberats izatera iristeko, legez kanpo dauden trikimailuak erabili dituztenean….. eta legeak nahi duena esan dezake baina ezin gure jarrerak horren arabera neurtu….. etxebizitza izatea eskubide bat da…. eta eskubide hori betetzen ez denean…. zilegi al da horrelako eraikin bat hutsik izatea?
    beraz…. agian horrelako eraikin bat hiltzen usten duenak….. eraikin horrekiko ere eskubide batzuk galdu beharko lituzke ezta?

    eta egia esan kukutzaren inguruko eztabaida guztietan puntu honetan ataskatuak gaudela iruditzen zait eta faltan bota dut puntu hori… badirudi denok onartzen dugula jabeak bere eskubidea duela etxe horrekiko… gaur egungo egoeran eraikin bat hutsik hiltzen ustearen jarrera ez du inork kritikatu!!! nola da posible hau?!¿!?¿!

  • Asteazkeneko manifan (ikusgarria aurrean zihoazen kukutzatar eta errekaldetarren kemena, esango nuke urteetan ez zela horrelakorik ikusten)baziren EHko lau bazterretatik etorritakoak, tartean jende ezaguna (musikariak, bertsolariak, etab.). Kontuan izanik arratsaldeko 17etan jarri ginela martxan, ez dago txarto.
    Etzi beranduago izango da deialdia, 19.30tan Jesusen Bihotzean (kamiseta laranjarekin ahal bada). Uste dut merezi duela kmtroak egitea eta nagiak astinduta, Bilbora hurreratzea. Zabaldu deialdia, mundiala izan ahal da.

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-09-27 19:42

    Hodei, ni ados.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude