KRML Bizirik, ikastola hil bat biziberritzen
KRML Bizirik, ikastola hil bat biziberritzen
Santutxuko Karmelo ikastolak bi urte daramatza itxirik. Espazioari erabilera bat emateko asmoz joan den azarotik hainbat ekimen abiarazi ditu KRML Bizirik plataformak; besteak beste, haurrentzako ludoteka, eskupilota entrenamenduak, ikasketa-gela, bilera-gela edota zeramika-ikastaroa. Orain ordea, udalaren babesik eza salatu dute: “Udalak espaziora sartzeko ateak itxi eta egiten ari garen lanean interesik gabeko jarrera argia azaldu duela”.
Lokalaren egoera urteak pasa ahala gero eta okerragoa da. Plataformako kideak penaz bizi dute espazioaren higadura, izan ere, lokal horiek inguruko auzokide askoren esfortzu eta diruarekin eraiki ziren. Erabilera eman eta auzoa biziberritzeko aukera izan nahi du KRML Bizirik plataformak.
Hori dela eta, adin ezberdinetako jendea batu eta pixkanaka lokala berritze lanetan dabiltza, Santutxo zein Bilboko biztanleei espazio berri bat eskaintzeko asmoz.
Urtarrilak 23rako egun osoko egitaratua prestatu dute, bazkari eta guzti. Ahal duten guztiak bertara hurbildu eta babesa adierazteko deia egin dute. Ikastola zaharra, ikasteko, bizitzeko eta gozatzeko espazio berri bat bilakatzeko.