Carlisle: “Hil indiarra gizona salbatzeko”

Carlisle: “Hil indiarra gizona salbatzeko”

Hezkuntza lege honen helburu nagusia ikasleak espainiartzea da“. Wert ministro ohiak utzi digun momentu onena izan dela deritzot, zalantzarik gabe. Trikimailuen, zentzu bikoitzen eta azpijokoen eremua da “maila altuko” politika, eta eskertzekoa da noizbehinka norbaitek garbi hitz egitea.

Eskuinak normalean ez ditu gauzak argi esaten, guztia mozorrotu behar du hitz eta kontzeptu politez, eskuineko bozka ematen duen pertsona bera asalda ez dadin. Horregatik primeran etortzen zaigu Wertek utzitako esaldi hura, eztabaida sinplifikatzen du.

Hezkuntza munduan gauzak oso garbi esaten zituen beste elementu bat Richard Henry Pratt zen. Carlisle izeneko eskola eraiki zuen 1879an, jatorrizko herrietako haurrentzat bakarrik. Aurrera zeraman hezkuntza politika berak idatzitako esaldi batean dago laburbilduta: “Hil indiarra gizona salbatzeko“.

Amerikako Estatu Batuetan aurkitzen ziren tribu guztietako haurrak bahitu zituzten, senideengandik banatuz. Mutilei ilea moztu zieten; euren arropak ostu eta zuriz jantzi zituzten; bakoitzak etxetik zekarren jatorrizko hizkuntza debekatu eta ingelesa hutsez ematen zitzaien “hezkuntza industriala” deitu daitekeen antzeko zerbait. Diziplina ikaragarria zen, eta eskolan 200 ume baino gehiago hil zituzten.

Argazkiak ikaragarrizko tristura helarazten dit. Genozidio kulturala irudi batean.

Carlisle: "Hil indiarra gizona salbatzeko"

Geroz eta gehiago entzuten dut kosmobisio hitza.  Kultura batek egiten duen munduaren deskribapena edota irakurketa da, bereziki ikuspuntu filosofiko batetik. Formak aldatu arren, inperioa izan diren herri askok euren kosmobisioa mantentzen dute muinean, alderdi baten edo bestearen koloreaz gaindi. Ez dakigu nork osatuko duen estatu espainiarrean hurrengo gobernua, baina hezkuntzari dagokionez, orain arte kakaren aukera bezala simaurra eman digute. Aukera duin bakarra gure hezkuntza komunitateak adostutako euskal curriculumean dagoela iruditzen zait.

Ez dakit zuei, baina niri “ikasleak espainiartzea” eta “hil euskalduna gizona salba dadin” oso antzekoak egiten zaizkit. 

Carlisle: “Hil indiarra gizona salbatzeko