“Kristauak lehoietara!” edo Kaldereriako gatazka (Iruñea 1986)

 

Ekintza antiklerikalak I: “Kristauak lehoietara!” edo Kaldereriako gatazka (Iruñea 1986).

Atzo prozesio ateoa ekarri zuen ZUZEU orainkarira Margaritxonek, baina Iruñekoa, tamalez, ezohikoa da egun gurean. Hego Euskal Herrian bederen badira txano-pikodunak karriketan ortozik eta txima-luzeak egurrezko gurutzeak aldean hartuta; Seguran, Durangon, Corellan edo Lagranen izan, Hondarribian, Balmasedan, Guardian edo Lizarran izan; zeresanik ez Bilbon -Medinaceliko Kristoa- eta Gasteizen -Isiltasunaren prozesioa-, esaterako. Bitartean, oso gutxi dira jendaurreko ekitaldi antiklerikalak.

Baina 80ko hamarkadan ugariagoak izan ziren elizaren kontra egiteko asmoa zuten prozesio eta ekitaldiak, umorez eta gordin eginak gehienak. Herenegungo Iruñeko prozesio ateoa aitzakia erabilita, hauek gogoraraztera gatoz, Jon Martinez Larreak EHU-n egindako “Procesiones ateas y otras manifestaciones anticlericales en Euskal Herria durante los 80” lana baliatuta. Iruñea dugu jomugan: “Kaldereriako gatazka”.

 

"Kristauak lehoietara" edo Kaldereriako gatazka (Iruñea 1986)Kaldereriako gatazka 80ko hamarkadan

Ekintza antiklerikalak direla-eta, 80ko hamarkadan Iruñean zegoen ekintza antiklerikalen kontua indartsuen Euskal Herrian -dio Martinez Larreak-, tradizio elizkoi handiko hirian. Are Opus Deik bertan duen presentzia kontutan hartuta, abortua lako gaietan gizarte mugimendu indartsua sortu baitzuen, Nafarroan kasik ezinezko praktika bihurtuz.

Lehen prozesio ateoa 1986ko Aste Santuan jazo zen, eta KKKK (Komite Kristo Krucificado Kopon) izeneko taldeak deitu zuen; Katakrak gazte mugimenduaren eta Eguzki irrati librearen inguruan sortua. Eguen Santu goizez artzapezpikutza aurrean Inkisizioaren parodia egin zuten, erlijio liburuak errez. Eta arratsaldez lehen prozesio ateoa, ehun bat lagunen partaidetzarekin; “Kristianos a los leones” argazkian ikusten denez, “Menos Iglesias más bodegas” edo “Judas, gogoan zaitugu” leloak oihukatuta.

Prozesioan zehar liskarrak izan ziren udaltzainekin. Tentsio giroan eta gaueko hamarretan, prozesio katolikoa Alde Zaharreko Kaldereria kaletik agertu zenean, gazte talde batek tu egin eta botilak jaurti zizkioten, eta botila batek Kristo Gurutziltzatua bete-betean jo zuen! Udaltzaingoak eta prozesio katolikoko kideek aurre egin zieten orduan gazte ateoei, Polizia Nazionala etorri eta gazte bat atxilotu zuten arte.

«Prozesio katolikoa alde zaharreko Kaldereria kaletik agertu zenean, gazte talde batek tu egin eta botilak jaurti zituzten; batek bete-betean jo zuen Kristo Gurutziltzatua»

Gertakari hauekin, hein batean, prozesio ateoko bultzatzaileek lortu zuten helburua: polemika piztea.

Javier Rouzaut, Pasioaren Anaitasuneko prioreak, gertatutakoari garrantzia kendu nahi izan zion Diario de Navarrari egindako adierazpenetan: “sentitzen dugun bakarra lastima da, besteak errespetatzen ez dakiten horienganakoa; seguruenera, beraien bihotzetan, gu baino gehiago ari dira sufritzen-eta”. Aldi berean, penitente batzuen jokabidea ere babestu zuen, izan ere, Rouzaut-en ustez “batzuetan ekidinezina da gauza batzuk esan edo egitea; Kristok beste masaila jartzen erakutsi zigun, baina bi baino ez ditugu”.

Gazteek, beren aldetik, Resiste fanzinean argitaratutako gutun baten bidez eman zuten beren bertsioa, eta kriminalizazio saiakera salatu: “Hortik diote ahulena erasotu dugula, eliza!! GEZURRA!! Elizak abortuaren kontrako ekintzak babestu eta bultzatzen ditu, askatasun sexualaren kontra, beraiek `hezkuntza askatasuna´ deitzen dioten horren alde; kristauak izan ala ez izan, guztiok ordaindua den Estatutik kobratzen jarraitzen dute, eta bidezkoena zera izan beharko litzateke, `bizio bat nahi duenak berea ordaintzea´, guri beraiek esaten diguten bezala”.

Hurrengo urtean manifestaldia deitu zen berriro, baina honakoan Eguen Santuan, Bariku Santuko prozesio ofizialarekin topo ez egiteko, eta istiluak ekiditeko. Alde Zaharra gurutzeak buruz-behera zituztela ibili zuten, eta buruan txanoak zituztela, penitenteak imitatuz.

 

kristauak lehoietara edo kaldereriako gatazka“Con la iglesia hemos topado”, Eguzki irratia

1988an RATA izeneko talde antiklerikala sortu zen (Roedores Anticlericales Totalmente Ateos) -San Agustin elizako apaizak gazte ateoak arratoitzat hartu ei zituen eta-, Eguzki irratian emititu zen “Con la Iglesia hemos topado” saiotik abiatuta; apaizak gonbidatu zituzten bertara, Opus Deikoa bata eta Jesús Lezaun bestea, Askapen Teologiatik hurbil zena. Irratsaioan zehar gai ezberdinak erabili zituzten, prozesio ateoak edo homosexualitatea, besteak beste, eta Opus Deiko kideak saioa bukatu baino lehen egin zuen alde, entzule andanak deitu baitzuen irratira berau kritikatzeko.

Eta Aste Santuan, liskar larriak sortu ziren berriro, penitenteen eta haiei `harrera´ egin zien bost lagun inguruko taldearen artean; ateoek adar-joka kantu erlijiosoak abestu eta biraoren bat jaurti zieten. Penitente batek tortxa batekin gazte bat erasotu zuenean bi aldeen arteko borroka piztu zen. Arratsaldean ere gelditu zuten prozesioa, antiklerikalek Bakardadearen Ama Birjinari botilak jaurti baitzizkioten.

Victor Manuel Arbeloa agintari sozialista eta kristaua prozesio katolikoan zen liskarrak izan zirenean, eta honakoak esan zituen Diario de Navarran: “hurbiletik ikusi dut nola, Kaldereria sarreratik irainak eta biraoak bota dizkiguten, edalontziak eta botilak. Kristauak lehoietara oihua dela-eta, bertara botako gintuzketenek alkohol gehiegi zeramaten aldean; droga gehiegi hartzen dute gu beldurtzeko”. Gizonak, gizalegezko portaera erakusten ez zuten iruindarrak erbesteratzea defendatzen zuen.

 «Batzuek “La Dolorosa” irudikatzen zuen pauso bat zeramaten, buru legez kaskezurra zuena eta ahoan porrua; artzapezpikutzarantz jotzea erabaki zuten eta…»

Bizpahiru urte geroago berriro prozesio ateoa deitu zuten, berrehun gazte inguru batu zituena. Batzuk “La Dolorosa” irudikatzen zuen pauso bat zeramaten, oihal beltzez jantzia, buru legez kaskezurra zuena eta ahoan porrua. Ibilbidea bukatzear zutela, talde batek artzapezpikutzarantz jotzea erabaki eta bidean Pasioaren Anaitasunaren lokalean gelditu ziren. Ate joka eta atarian txiza egiten ari zirela, barrutik kofradiakideak gauzak botatzen hasi eta sekulako kalapita piztu bide zen. Polizia Nazionala etorri eta bost lagun atxilotu zituzten.

Gau hartan gertatu ziren istiluek eta hauek izan zuten oihartzun mediatikoak eztabaida sortu zuten ekintza antiklerikalen aldeko taldeetan ere, eta batzuek urrutiegi joan zirela iritzi zioten, beraien asmoetarako ere emaitza kaltegarriak ekarri zituela-eta. Beraz, ondorengo urteetan ez zen prozesio ateorik deitu.

Hala ere, 1992an, Opus Deiko fundatzaile Jose María Escrivá de Balaguer beatifikatu behar zutela-eta, parodia bat egitea erabaki zuten, umoretsua, arrakasta handia izan zuena. Beatifikazioa egin zuten, baina Takonera parkean zen Txarli tximino ezagunarena, nahiko lotsabakoa bera -egun osoa kanpaia jotzen ematen ei zuen-. Ekitaldian tximinoaren mirariak goratu zituzten.

 

ZUZEUko erredakzio kide

Zer duzu buruan ““Kristauak lehoietara!” edo Kaldereriako gatazka (Iruñea 1986)”-ri buruz