Krisiak areagotutako topikoak desegiten

enrique-baigorri

Euskal Herrian ez omen gara arrazistak eta xenofoboak. Ea hurrengo baieztapenetatik zenbatekin egiten duzun bat.

Etorkinek prestazio sozialak eta diru-laguntzak kentzen dizkigute. Azterketa guztien arabera, etorkinek jasotzen dutena baino ekarpen handiagoa egiten diote Gizarte Segurantzari. Aintzat hartzekoa da gehienak gazteak direla –lanerako adinean, beraz– eta erregularizatua dutela beren egoera –Euskal Herriko etorkinen %80-85ak erregularizatuta du bere egoera eta egoitza-baimena du–, eta ondorioz zergak ordaintzen dituztela, gainerakoon moduan (Espainiako Estatuan iaz argitaratutako Inmigración y Estado de bienestar en España txostenaren arabera, bi edo hiru aldiz handiagoa da egiten duten ekarpena, sortzen duten gastua baino). Gainera, ez dago atzerritarrentzat propio pentsatutako inongo prestazio edo diru-laguntzarik; norberaren egoera pertsonalaren eta betetzen dituen baldintza ekonomiko eta sozialen arabera jasotzen dira laguntzak. Euskal Herriko datu zehatzik ez dagoen arren, “ongizate baldintza onenak ditugu, eta beraz, prestazioen atzetik baletoz, Euskal Herrira etorriko lirateke, baina etorkin kopurua handiagoa da Espainiako Estatuko beste zonaldeetan, batik bat Valentzian, Murtzian, Andaluzian… Nekazaritzan, turismoan edo (orain arte) eraikuntzan aritzeko aukera hobea dutelako han”, diosku Gorka Moreno soziologo eta Ikuspegi Immigrazioaren Behatokiko zuzendariak. Alegia, joerek erakusten dute lan merkatuagatik mugitzen direla etorkinak, eta ez diru-laguntzek erakarrita.

(Jatorrizko artikulua Mikel Garciak idatzi du, Argia aldizkarian)

Etorkinak laguntzera bideratutako gastu publikoak are gehiago hondoratzen gaitu, krisi garaian. Egia esan, hainbatek (sustatu) duen pertzepzio faltsua da gehiegizko gastu publikoak eraman gaituela krisi ekonomikora. Politika neoliberalak areagotzearen ondorioz, 1990eko hamarkadatik babes sozialerako neurri eta inbertsioek behera egin dute Europar Batasunean, eta zehazki Espainiako Estatuan, duen aberastasun mailarekin legokiokeena baino askoz gutxiago inbertitzen da gizarte-ongizatean. Espainia da, hain zuzen, herritar bakoitzeko inbertsio publiko gutxien egiten duen Europar Batasuneko Estatua.

Osasun zerbitzuak gainkargatzen dituzte. Gezurra. Ikerketa guztiek diote atzerritarrek oso gutxi kontsumitzen dituztela zerbitzuok. Ivan Vergara mediku nafarrak berretsi zigunez, “etorkinen taldea gehienbat lanera etortzen den jende gazte osasuntsua da eta ikerketa pila bat ditugu argi uzten dutenak bertako herritarrek baino gutxiago erabiltzen dituztela baliabideak”. Osasun zerbitzuak batez ere adineko jendeak kontsumitzen ditu, eta hori hala dela jakinik, Gorka Morenok azaldu du EAEn 65 urtetik gorako etorkinak %2 baino ez direla. Atera kontuak. Espainiako Estatuan, Osasun Medikuntzako Espainiako Elkartearen ikerketek diote bertakoak baino %50 gutxiago doazela medikutara atzerritarrak.

Lana kentzen digute. Soziologoaren esanetan, ikerketek frogatu dute bertakook utzitako zuloak edo hutsuneak betetzen dituztela etorkinek. Eusko Jaurlaritzak duela bi urte egindako azterketaren arabera, etorkinen artean lan sektore garrantzitsuena etxeko lan eta zaintzarena da. Oro har, lanpostu prekarioak eta soldata baxuak dituzte, eta oso sistema duala da EAEkoa: “Bertakoen gehiengoa ongi bizi garela erakusten dute datuek, eta kanpotik etorritakoen gehiengoa berriz, egoera prekarioan”.

Baina krisi garaiotan, gure konpetentzia dira. Aurreko ildoari lotuta, egunetik gauera etorkinak konpetentzia bilakatu direla dirudi, lana bilatzeko orduan adibidez, eta gaizki begiratzen ditugu. Horren adierazgarri dira Talaiaren arabera aldatzen da pertzepzioa erreportajeko hitzok: “Bertan jaiotakoen egoera ekonomikoa zenbat eta hurbilago egon etorkinenetik, orduan eta okerragoa da atzerritarrenganako pertzepzioa. Lan prekarioak dituztenak, langabezian daudenak, gizarte-laguntzak jasotzen dituztenak… agertzen dira ikerketetan immigranteak begi txarrenez ikusten dituztenen artean, lehiakidetzat dituztelako”. Bada, batetik, Eusko Jaurlaritzak 2012an kaleratutako EAEko datuen arabera, krisiaren eraginez pobrezia egoeran dauden bertakoen portzentajea %3,3 da, eta immigranteena %39,9. Eta bestetik, benetan konpetentzia balira, zilegi litzateke, ala ez dituzte gure eskubide berak merezi?

Gaizkileak dira. Espainian iaz Carlos III unibertsitateak egindako ikerketaren arabera, azken urteetan etorkin gehiago iristeak ez du delinkuentzia areagotu. Beste gauza bat da kartzelan etorkin gehiago egotea, zigor-sistema zorrotzago jasaten dutelako bertakoek baino. Ez dago Euskal Herriko datu zehatzik, baina Morenok dio abiapuntua argi izan behar dugula: lanera datoz etorkinak. “Lapurtzen dutela? Ez behintzat horretara datozelako, baizik eta bazterketa eta pobrezia askoz handiagoa delako etorkinen artean”. Hedabideek, sarri, ez dute gehiegi laguntzen, delituak jatorri atzerritarrarekin lotzen baitituzte maiz.

Analfabetoak dira. SOS Arrazakeriak egindako azterketen arabera, Ekialdeko Europatik eta Latinoamerikatik etorritako jendeak guk baino ikasketa maila altuagoak ditu, batez beste. Maila altuagoa izan arren, ordea, lan okerragoak lortzen dituzte.

Etorkin-oldea etorri da. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarren %6,9 dira etorkinak, eta Nafarroako %10,7. Bestalde, daukagun ongizate maila mantendu nahi badugu, ikuspuntu demografiko batetik, ezinbestekoak dira etorkinak, Morenok azpimarratu duenez.

Ez dute integratu nahi. Soziologoak azaldu digunez, meskitekin izan diren polemikak polemika, etorkinen artean egindako inkestek diote Euskal Herrira etorri direla hemen geratzeko eta bizitzeko asmoz, eta integratuta sentitzen direla.

Tira, krisiarekin arrazakeriak eta xenofobiak gora egin ohi duen arren –adibide garbia dugu Grezian sortu den Urrezko Egunsentia alderdi ultra-eskuindarra–, gure kasuan baikorra da Gorka Moreno soziologoa. Krisiak ez omen du immigranteenganako jarrera ezkorra areagotu, eta krisiaren biktimatzat ditugu gehiago, eragile baino. Nabarmendu du, gainera, Euskal Herriko politikariek oro har –”eta salbuespenak salbuespen”– arduratsu jokatu dutela eta ez dutela immigrazioaren erabilera alderdikoirik egin, “eta hori oso garrantzitsua da, arrisku faltsuak ez sortzeko”.

(Jatorrizko artikulua Mikel Garciak idatzi du, Argia aldizkarian)

arrazismoa, xenofobia

ZuZeu-ko editoreek sarean aurkitzen dituzten artikulu interesgarriak, CC-BY-SA 3.0 lizentziapean.

Zer duzu buruan “Krisiak areagotutako topikoak desegiten”-ri buruz

  • Euskal Herrian xenoboak ez garela (orokorrean) gezur galanta dunk geo.

    Artikuluaren gehiengoarekin bat nator datu hoiek ezagunak nituelako (eta beste jpertsona askotxo ere, eta ala ere arrazitak izaten jarraitzen dute).

    Hau esanda bai lana kentzen dizkigutela, bainan ez beraien erruz , gu bere egoeran berdina egingo genukelako.

    Baina gezurra da beraiek gu nahi ez ditugun lanak egiten dituztela, hemengo jendea lanbide mota guztietan ibiltzen da baita agureak zaintzen.

    Gertatzen dana da etorkinak dialako beraietaz aprobetxatzen diala eta agintariak baimentzen dute, hemengoak azkenean soldaten beherapenak eta lan baldintza okerragoak onartu ditzaten.
    Adibide bat jarriko dut, Intxaurrondoko satorra eiteko, latinoamerikar dan koadrilla oso bat zeon lanean (15 edo zian), benetan inor sinistuko al du etorkinak %6a dianean, azpiegitura askok egiterakoan lanean daudenen portzentaia %40a izatea? Lehengo eskutik dakit sindikatuak egiaztatu duten gauza dela, baina ez da etorkinen errua, ahalbidetzen dituztenen errua baizik. Sindikatuak langile atzerritarrak konbentzitu behar izan dituzte soldata haundiagoa jaso behar dutela jakin zezaten, eta hau beti salatzen dute.
    Hau dena betikoa da, agintariak arazoak daudenean etorkinak arreta desbideratzeko balio izaten zaie.
    Konpetentzia eiteko eskubidea dute, bainan agintzen dutenak legez kanpo dian gauzak langileei ezar diezaieten baimentzen badute, hau aregagotu eingo da, eta ez da etorkinen erruagatik izango bainan beraiek ordainduko dute beti bezala.

    Bukatzeko, askotan arrazista denari galdetu diot, zuk beste Herri batera joan behar bazea, nora joango zinateke lehengo, lana daoen herri batera edo laguntza sozial asko dagoen Herri batera bainan lan gutxi.
    Beti erraten dute beraiek lanera joango ziala, eta orduan nik erraten diet, eta zergatik hona etortzen dianak, gutaz aprobetxatzera datoz? Mutu gelditzen dia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude