“Krisia eta kudeaketa publikoa Euskal Herrian” ikastaroa, ezagutza kritiko sakona egiteko
Krisi ekonomiko-finantzarioak gogor kolpatu du Euskal Herria. Gure egoera sozioekonomikoa hobetze aldera, eragile publikoen parte-hartzea ezinbestekoa da: politika publiko egokiak martxan jarri behar ditugu, oinarri teoriko sendoekin. Horretarako, krisiaren inguruko ezagutza kritiko sakona izatea beharrezkoa da. Alor horretan, gizarteratze lan garrantzitsua egin beharra dago.
Hori da, hain zuzen ere, UEUko Ekonomia Sailaren egitekoa: ekonomiarekin lotutako ezagutza zientifikoa gizarteratzea, euskaraz eta ikuspegi kritikoz, beti ere Euskal Herria bera ardatz hartuta. Azken finean, gure herriko egoera sozio-ekonomikoa hobetzeko ideiak sareratu nahi ditugu. Horretarako hainbat jarduera xume antolatu ditugu azken hilabeteetan: hitzaldiak, liburu eta artikulu aipamenak, liburu aurkezpenak eta ikastaroak.
Oraingo honetan, EKAI CENTER-eko ikerlariek UEUren udazkeneko eskaintzaren baitan ikastaro interesgarri bat emango dute: Krisia eta kudeaketa publikoa Euskal Herrian. Ikastaroa on line izango da, aurrez-aurreko bi saio praktikoekin. Ikastaroaren helburua Euskal Herriko egoera sozioekonomikoari buruzko ezagutza transmititzea da, ikasleari hausnarketarako, eztabaidarako eta kritikarako oinarri teoriko sendoak eskeiniz.
EKAI CENTER politika sozio-ekonomikoetaz arduratzen den Fundazioa da. Adrian Zelaia bertako presidente exekutiboa da, Arrasateko Talde Kooperatiboaren presidente ohia eta UEUko Ekonomia Saileko kidea. Hainbat lan argitaratu ditu politika-ekonomikoen eta kooperatibismoaren inguruan. EKAI CENTER-en zenbait artikulu unibertsitatea.net atariko Otarrea dokumentuen biltegian ikusgai dituzue. Nabarmentzekoa, maiatzean UEUko Ekonomia Sailaren bitartez eta Berbaro Euskara Elkartearen laguntzarekin eman zuen saioa, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian: “Toki garapena krisi garaian: planteamendu bat Durangaldearentzat”.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskal Unibertsitatearen aldeko ekimenen artean, UEUren graduondoko eta on line eskaintzaren lerroak babestuko ditu eta horren ondorioz, gipuzkoarrek dirulaguntza interesgarriak izango dituzte UEUko udazkeneko ikastaro guztietan. Informazio gehiago, UEUko webgunean.
Argazkia: http://ow.ly/pgGxT