Krisi hirukoitzari aurre egiteko, desberdintasunari ekin
Krisi hirukoitzari aurre egiteko, desberdintasunari ekin –
Huts egin duen estrategia horren bidez Urkulluren eta Chiviteren gobernuak, bakoitza bere erara, saiatu dira osasuna babestearekin batera ekonomia bere hortan uzten. Haatik, ez dute ez bata, ez bestea lortu.
Pandemiari aurre egiteko estrategia premiaz aldatu behar da; izan ere, ebidentziak esaten duen moduan soilik jendearen osasuna bermatuz eta behin pandemia kontrolatuta izango baita posible jarduera ekonomikoari eutsi eta enplegua lehengoratzea.
Agerikoa da krisi hirukoitz honi (sanitarioa, ekonomikoa eta soziala) beste irtenbide bat eman behar zaiola. Inork ez du zalantzan jarriko erronka izugarria eta oso konplexua denik, baina honez gero ez gaude otsailean eta ondorio batzuk atera behar ditugu. Ezin da onartu planifikazio eza eta deus ez egitea. Ulergaitza da pandemia ematen ari zaigun ikasgaiak aintzat hartu ez izana. Norabidea aldatzea urgentea da.
Birusa isolatu eta kontrolatzeko neurri eta murrizketak ezin dira ezarri behin gaitza kontrolik gabe hedatzen ari denean. Erabaki horien lidergoa komunitate zientifikoaren esku utzi ez izana (kudeatzaileak jarri baitituzte haien lekuan) argigarria da.
Ezin da ulertu erabaki politikorik hartu ez izana osasun sistema publikoa eta zaintza sarea (zahar-etxeak, eguneko zentroak, etxez etxeko laguntza…) sendotzeko. Sektoreotan inbertsioa gehitu ordez kontrakoa ari gara ikusten: zerbitzuaren gainbehera eta lantaldeen akidura emozionala.
“Oinarrizkoak garela esaten dute, baina erabili eta botatzekoak bagina bezalako tratua ematen digute”. Zoritxarrez esaldi hau langile askok esaten dute, greban edo mobilizatzen ari diren sektoreetan (kaleko agerraldietan argi dago gehienak emakumeak direla).
Gotzone Sagardui EAEko Osasun sailburuak Osakidetzako sanitario eta langile azpikontratatuen aurrean esaten duenez, zerbitzuan “ez dago murrizketarik”; baina aztarnariak lehen arretako zentroetatik hartzen dira, ez dituzte ordezkatzen, ez eta baja, hutsune eta erretiro kasuak ere, eta gainera zentro batzuetako ordutegia murriztu egiten da. Arazo estrukturala dago honen oinarrian, gure zerbitzu publikoek urtetan pairatu duten utzikeriaren ondorioa.
Hezkuntzan bi gobernuetako sailen planifikazio eza (EAEn baliabide askorik ez da gehitu, eta Nafarroan promesa faltsuak egin dira) zentroetako arduradun eta langileek osatu behar izan dute beren konpromisoarekin eta lan karga gaineratuari aurre eginez.
Zaintza eredua dugu konpondu gabeko beste arazoa. ELAk azaroaren 17an greba deitu zuen aldarrikatzeko sektorea publifikatu eta 10.000 lanpostu sortu behar direla. Egungo ereduaren ezaugarriak dira lan baldintza kaskarrak (soldata-arrakala handia tarteko dela) eta erabiltzaileentzako arreta eskasa (diru publikoz finantziatua, bestalde); hau ez dago ontzat ematerik. Zaintza lana, edozein eratakoa dela ere, ezin da negozio bilakatu.
Bestalde, premia larria da krisiaren ondorioa gehien jasaten ari diren pertsona eta sektoreei laguntza ematea. Ahalegin horretan espainiar Estatua gastu publikoari dagokionez Europako azken postuetan dago. Eta are atzerago geratzen dira Urkulluren eta Chiviteren gobernuak.
Nafarroan dagoeneko ezagutu dugu aurrekontu proiektua (Gobernuak EH Bildurekin hitzartua): Egoera latz honi aurreko egiteko aurrekontu “hazkorra” aurreikusi dute… 2020koa baino %1,9 handiagoa. Aurrekontu honek ez ditu beharrizan sozialak asetuko, eta baliabideak gehitzeko zerga-erreforma baztertu dute. Aurrekontu bat ezkerreko eta progresista izango bada oso bestelako erabakiak hartu behar dira.
EAEn, berriz, oraindik ez dago aurrekontu egitasmorik, baina ziurrenik kontinuista izango da, Nafarroan egin denaren oso antzekoa. Gauza bat badakigu: Urkulluren gobernua Berpiztu eta tankera horretako planak plazaratzen ari da, hots, konpromisorik ez dakarten propaganda ariketak, eta ostalarientzako zuzeneko laguntzak (hauek beti ere ahal den urrien eta gizartearen presiopean, ez bere borondatez).
Horraino iristen dira Eusko Jaurlaritzaren urratsak; Europako funtsak ere izango dira, agian, baina murrizketa sozial gehiago ezartzekotan; hor dugu, esaterako, pentsioen erreforma iragarrria… Inork ez daki diru hori noiz etorriko den, baina badakigu zertarako ez den izango (osasuna, hezkuntza, zaintza…) eta nortzuek jasoko dituzten (batik bat enpresa handiek).
ELAren ustez hurrengo aurrekontuek joera hazkorra izan beharko lukete beharrizan horiei aurre egiteko eta murrizketak ekiditeko, baina behin eta berriz puntu berera heltzen gara: gure gobernuek ez dute zerga-erreformarik egin nahi. Nola liteke egoera honetan gehien duten enpresa eta pertsonek gehiago ez ordaintzea? Gaur eremu politikoa (oso zabala, aurrekontuetarako akordioei erreparatuz gero) kontu batean bat dator, tamalez: gehien dutenak bakean utzi behar dira.
Beste irtenbide bat bilatu behar da eta alde batera utzi gure gobernuen inertzia politiko arriskutsua, krisi hau gainditzeko ez baitute baliabide gehiago inbertitu nahi.
Klase politiko ustel eta totalitario batekiko beldurraren, menpekotasunaren eta obedientziaren birusa da benetan desagerrarazi behar dena.