Koulu

Koulu –

KouluHitz egin dezagun hezkuntzaz. Bai, harrapatu nauzue, nik ere igandean Salvados ikusi nuen, eta aspaldian ez bezala, nahiko ase utzi ninduen. Behingoz gai batekin nahiko sakondu zueneko sentsazioarekin amaitu nuen saioa. Hezkuntza sistemak pairatzen dituen benetako hainbat arazoren aipamena egin zelakoan nago, oraingoan, ez beste hamaika aldiz bezala, non La Sexta katearen progresismo light horrek erdizka uzten nauen.

Azken hilabeteotan espainiar aurrerakoitasun horren erreleboa hartu duen Jordi Évoleri, gaurko espainiar hezkuntza sistema finlandiarrarekin konparatzea burutu zitzaion. Kontatzen zutenez, Finlandian, eskolen %95a baina gehiago publikoa da, eta, han, publikoa izateak, matrikula, janaria eta liburuak, esaterako, doan direla esan nahi du, besteak beste.

Konparaketa itzela da, baina hasieran aipatzen nuen asetze hori ez zidaten datu xume batzuek ekarri, bestalde harritzekoak ez zaizkigunak, baizik eta irakaslearen figura aipatu zutenean tentetu ziren nire belarriak. Aspaldi nago ni horrekin, arazo nagusietakoa irakaslearen figurari egozten. Finlandiarren azalpenen arabera, bertan irakasle izateko, oinarrizko ikasketez gain, master bat egitea ere derrigorra da. Baina guztietan onena ez da hau. Onena da, irakasle-ikasketak egin nahi dituztenen ehuneko hamar edo hamabost batek soilik lortzen duela finean ikasketak burutzea. Hau bai xelebrea.

Nork ez du lagun edo ezagunik bere momentuan zer ikasi ez jakin eta irakasle eskolara sartu zena. Edo, nork ote du lagun, ezagun edo ezagunaren ezagunik irakasle-ikasketak utzi edo amaitu ezin izan dituena. Nik ez dut kasurik ezagutzen behintzat. Hala ere, xelebrekeria azkar desagertzen da birritan pentsa eta konturatzean diplomadun, barka, gradudun hauek bihar gure seme-alaben irakasle izango direla. Bitartean, bota kulpa murrizketei.

IRUNTZI DANA