Kordobako buruzagi musulmanen euskal odola
Kordobako buruzagi musulmanen euskal odola –
Musulmanak Iberiar Penintsulara sartu orduko, hau da, VIII. mendetik aitzina, euskaldunen eta musulmanen arteko harremanak izan ziren, gerrazkoak batzuetan, bakezkoak besteetan. Iruñeko erresuman hasieran eta Nafarroakoan gero, badirudi musulmanen presentzia eta eragina erabatekoak izan zirela, bai Tutera aldean Banu-Kasi familiarekin, eta baita Iruñerrian ere. Dena den, oraingo artikulu honetan, bakar-bakarrik arituko naiz, X. mendean, Kordobako emir eta kalifak mundura ekarri zituzten emakume baskoiez.
Horrela, jakin badakigu, Eneko Haritzaren biloba zen Fortun Gartzeitz Ia (821-905), Iruñeko hirugarren erregea izan zena, musulmanek preso hartu zutela Milagroko gazteluaren borrokan, eta Kordoban hogei urtez gatibu izan zutela, Muhammed I.a emirrak libratu zuen arte. Harekin batera Oneka alaba gatibu izan zen, gerora emirraren seme premua zen Abd Allah-ekin ezkondu zena. Oneka biziki ederra omen zen eta arabieraz Durr, hau da, perla, deitzen zioten. Hiru seme-alaba izan zituzten, bi neska eta mutiko bat. Erran beharra dago, Abd Allah I.aren ama ere baskoia zela, Ushar izeneko emakume ederra.
Onekaren semea emir izan zen Muhammed II. izenarekin, eta hau ere Muzna edo Muzayna (euria edo hodeia arabieraz) deitzen zuten esklabo baskoiarekin elkartu zen. Hauen semea izan zen Abd ar-Rahman III.a (889-961), Kordobako lehen kalifa handia izan zena. Eta gaur, arras bitxia irudi badakiguke ere, kalifa honen lau aitatxi-amatxietatik, hiru euskaldunak ziren. Eta ez hori bakarrik, ama Muzna baskoia zuen, eta baita amatxi Oneka eta Ushar berramatxia ere.
Orduko kronika arabiarrek kontatzen digutenez, Kordobako omeiarren kalifa handiak ez omen zuen arabiar itxura handirik, euskal sudurra zuen, larru zuri-zuria, begi urdinak eta ile gorrixka, beltzez tindatzen zuena.
Haren seme zaharrena, Al-Hakam II.a izan zen hurrengo kalifa.
Kalifa honek literatura, musika eta arteak izugarri maite zituen, eta arlo horretan ahalegin handiak egin zituen. Badirudi mutil gazte ederrekiko zaletasun handia ere bazuela. Radhia bere emazte ofizialarekin seme-alabarik izan ez zuenez, Subh (goizaldia arabieraz) izeneko euskal neska esklaboarekin seme bat izan zuen, geroago Hisham II.a kalifa izan zena.
Subh izaera handiko emakumea omen zen, Bagdadeko modari jarraituz, mutilez janzten zena, eta izugarri ongi kantatzen omen zuen.
Al-Hakam II.ak Yafar gizon izenaz deitzen zion.
978an Al-Mansur (Almanzor ere deitua) buruzagi militarrak estatu kolpea jo eta Kordobako boterea eskuratu zuen. Honek omeiarren lurraldeak ikaragarri zabaldu zituen bai penintsulan eta baita Ipar Afrikan ere. Nafarroarekin bakea egin nahian, Antso II.aren Urraka alabarekin ezkondu zen. Honela sortu zen hurrengo kalifa, Abd ar-Rahman Antso izena izan zuena eta nafarrek Antso ttikia edo Santxuelo deitu izan zutena. Al-Jatib kronistak idatzi zuenez, 992. urte inguruan, irailaren 4 batez, Nafarroako Antso II.ak, Kordobara egin zuen bisitan, biloba ezagutu zuen eta oinetan musuak eman omen zizkion.
Eta artikulu hau bukatzeko, jadanik denok buruan daukagun galdera eginen dut. Eta emir eta kalifa horiek euskaraz ba al zekiten? Ez dugu inolako daturik baiezko edo ezezko erantzunik emateko, hala eta guztiz ere, arras logikoa dirudi horietako batzuek euskaraz mintzatzen jakitea. Abd ar-Rahman III.ak, adibidez, ama, amatxia eta berramatxia euskaldunak baitzituen, eta Iruñeko Haritza eta Ximeno familiekin senideturik baitzegoen. Ziur aski euskaraz ongi moldatzen zen, euskara berarentzat ttipi-ttipitatik, familian entzundako mintzaira baitzen.
Osora, eta bost belaunaldiz jarraian, Kordobako emir edota kalifen ama baskoia izan zen. Emakume horiei Umm walad (printze premuaren ama) titulua eman zieten hasieran, eta ondoren Sayyida al-walida, hau da, sultana edo ama-erregina.
Historiaren bideak ainitzetan bihurriak eta korapilatsuak izaten dira, eta hauxe da horietako bat, etorkizunean belaunaldi berriek ongi eta sakon aztertu beharko luketena.
Nire ustez buruçagui hauen ama hizcunça euscara cen, naffarrera aleguia. Hortacotz hautatzen çuten ama euscalduna. Certaracotz, bercela?
Ez dut uste Kordobako kalifen ama hizkuntza euskara zenik. Funtsean euskal emakume hauek kalifen esklabak ziren, Aristarrak hara bidalitakoak. Aristarrek ordaindu behar zuten zerga Panpilona inguruan botere edo aginte piska bat lortzeko.Gainera Panpilonako buruzagien( ez dut uste errege izatera iritsi zirenik) hasierako dokumentazioa arabieraz zegoen.