Kontuz txakurrekin, mesedez (eta II?)

Kontuz txakurrekin, mesedez (eta II?) > 

Kontuz txakurrekin, mesedez (eta II?)

Hamar bat egun pasatu dira zoritxarreko arratsaldetik, eta arkumeak ongi daude. Zorte handia izan zuten –genuen–. Egun batzuk pasatu zituzten etxean, errekuperatzen, denbora osoa amekin. Orain dela bost bat egun hasi ziren mendira igotzen, berriz ere.

Gu ere hobeto gaude, sustoa pasaturik, baina beldurrak –paranoiak zenbaitetan– etxean hartu du ostatu. Eguraldi ona ikusi eta txakur-jabeak mendian ibiliko ote diren beldur gara. Hasten gara kalkuluak egiten –non ibiliko dira gehien?–, eta horien arabera erabakitzen dugu bide bat edo bestea hartu. Asteburua izanez gero, beldurra izu bilakatzen da; eta, nahiz eta larre gutxi egon, askotan, etxeko belardietan uzten ditugu, badaezpada ere.

Beti ere, txakurrak mendian aske ikusiz gero, jabeengana gerturatzen gara, ardiak mendian dabiltzala esateko, kontuz ibiltzeko, txakurrak zer joera atera dezakeen ez badaki, hobe lotuta eramatea… arriskua izan daitekeela… Ohartarazpen horien aurrean, normalean, jendeak jarrera ona izaten du. Noski, nik gero ez dakit zer egiten duten, baina konfiantza izan nahi dut, eta pentsatzen dut lotu egiten dituztela.  Kontuz txakurrekin

Kasu zehatzetatik haratuago, hausnarketarako aukera aprobetxatu nahiko nuke.

Hasteko, mendia denona dela sinesten dut, denok badugula tokia mendian –eta izan behar dugula, gainera–, baina gakoa da zer egiten dugun eta nola –gaurkoan, halere, txakurren aferara mugatuko naiz–.

Txakurrek gure gizartean zer funtzio duten askotan galdetu izan diot neure buruari. Nire bizitzan argi dut: lanerako dira. Argi dut gure etxean bi funtzio betetzen dituztela: artzain eta etxe-zaintzaile; eta ziur aski, horretarako ez balira, ez nituzke izango; konpainia hutsagatik, adibidez, ez nuke txakurrik izango –beharbada, txakurzaletasunik ez dago nire barnean–. Jakin badakit txakurrak izateak bere arriskuak dituela, eta ondorioak ere bai. Jakin badakit gure txakurren batek txirrindulari bati, adibidez, kosk eginez gero, aseguruari jakinarazi beharko diodala eta kalteak neure gain hartu.

Irudipena dut txakur-jabe askok ahaztu egin dutela zer ardura dakarren txakurra izateak, txakurrak bere sena duela eta, hezi ezean, hari jarraituko diola, eta ez jabearen oihu desesperatuei. Ez zaizue zalantza hau inoiz sortu: nork atera du nor pasieran, jabeak txakurra ala alderantziz? Beste batzuetan txakur-jabe batzuk ikusten ditut zera balira: gidatzeko baimena atera berriak BMWa gidatzen autopista batean, 140 km orduko abiaduran. Halakoetan alarma guztiak pizten zaizkit.

Ardien eta txakurren arteko harreman honetan indarrak desorekan daudela uste dut. Egoera ahulean ardiak ikusten ditut; haiek ez baitiote inori eraso egingo, jasan egingo dute, eta hainbatetan hil erasoaren ondorioz. Txakurrak du arma –hortzak–, eta senari jarraitu egingo dio, hezita edota lotuta ez badago. Ez, ez dut on eta gaiztoen filma egin nahi; ez dut uste txakurrek gaiztoen papera betetzen dutenik, inondik inora; baina bai uste dut izaerari jarraituta, kalte egin dezakeela, eta txakurraren jabeak horretaz konturatu egin behar duela –dugula–.

Zoritxarrez, beti ez da horrela izaten eta batzuetan txakurren jabeek ez dute euren gain hartzen egindako kalteak. Mendia euren txakurren pasealekua dela uste dute, kalean dauden arauetatik ihesi etortzen dira mendira eta hemen dena libre dela sentitzen dute; eta ez hori bakarrik, zenbaitek uste du ardiak euren maskotaren jostailua dela -agian, sparringa?–.

Horiekin hitz egitea alfer-alferrik da. Gertatu izan zaigu, bai, baten txakurrak gure bi ardi hil, jabea alde egiten saiatu –eskerrak pertsona batek ikusi zuen gertatutakoa eta etxera ekarri zuen–, berarekin hitz egin eta kargu egin nahi ez. Eta hara non eta hurrengo astean berdin-berdin bere txakurrarekin –aske, jakina– korrika egiten ikusi, lasai asko.

Hark eta beste batzuek ez dute ikusten beren txakurren ekintzaren ondoriorik:

  • Artaldeak pasatutako une txarra. Egun batzuk behar izaten dira bere onera etortzeko

  • Ardiek izandako zauriak eta horiek dituzten albo ondorioak:

    • Berezko sufrimendua; kasu askotan, heriotza; bereziki zaila baita txakurrek eragindako zauriak osatzea

    • Botikak eman behar izatea (artzainari beste lan bat gehitzen zaio)

    • Ardi horren esnea jetzi eta bota egin behar da, gazta egiteko –gure kasuan– ezin baita erabili; hortaz, ardi horrek eskatu duen lanaren etekina galdu egiten da

  • Ardiak buelta ematen ez badio, norberak hil behar izaten du, sufrimendua ez luzatzearren –halakorik ez diot inori opa–

  • Gastuak: albaitaria, botikak, zainketan eman behar den denbora, ekoizpenean sortzen den galera… Animalia hilez gero, gorpua eraman dezan, Ganadua Biltzen zerbitzuari deitu behar zaio (10€ buruko)

Nik guztiontzako mendian sinesten dut –lehen ere esan dut–, ez dut nahi gure ardientzako soilik den mendia, mendi bizia nahi dut, txirrindulariak eta mendizaleak dituena, txakurdunak edota txakurgabeak; baina aldi berean ardiak lasai nahi ditut –baita osorik eta bizirik ere!–, larrean edo hausnarrean. Eta hori ez da utopia, ardura eta zentzu kontua baizik.

Kontuz txakurrekin, mesedez (eta II?)
Josebe Blanco

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude