Konfrontazioa alde batera utzi

Konfrontazioa alde batera utzi –

ELAk mahaia utzi du, ELAk uko egin dio, ELA ez da joan, ELA ez da eseri, ELAk ez du sinatu.…Esaldi horiek agertzen dira bilatzailean ELA hitza jartzen duzunean.

Konfrontazioa alde batera utzi

Ez nau harritzen; azken bolada honetan sindikatuaren buruak tentsionatu egin ditu Eusko Jaurlaritzarekin eta ordezkatzen dudan alderdiarekin izan dituen harremanak. Txiki Muñoz jaunak bi jomuga baino ez dauzka: EAJ-PNV eta Eusko Jaurlaritza. Eta zintzotasunez pentsatzen dut oker dabilela.

Euskal Herriko bigarren sindikatuak ere, LABek, hala esaten zion hezkuntza publikoaren gatazkan. Garbiñe Aranburu idazkari nagusiari entzun nion ELAk ez ziola akordioari heldu nahi eta konfrontazioa bilatu zuela bere istorioaren propaganda egiteko.

Denbora luze daramat pentsatzen ELA sartu dela legitimatuta ez dagoen esparru batean: politikan. Sindikatu batek ordezkatzen dituen langileen aldeko lana egin behar du. Tinko borrokatu behar du lan baldintzak hobetzeko, baita enpleguaren kalitatea eta egonkortasuna eta alde guztietako elkarrizketa sustatzeko ere. Baina ez. Bere indar guztia, handia baita, (100.000 pertsona ordezkatzen ditu eta lehenengo sindikatua da), erabiltzen du kritikatzeko, kontraboterea egiteko eta boikotatzeko beste sindikatuekin, patronalarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin adostutako planak eta ekintzak. Gomendatuko nieke egoera larria marrazteko alferrik gastatzen duten energia oso hori bideratzeko eta erabiltzeko legitimatuta dauden gauzetarako, langileek horrela nahi izan dutelako.

Momentu latzak bizi ditugu: lan harremanak ez dira errazak, batzuetan apurtuta daude; sindikatuek elkarri leporatzen diote bere eredu sindikala inposatu nahia, eta uko egiten diote elkarrizketari eta irtenbidearen giltza duten eragileekin elkarlanean aritzeari. Erronka handiak ditugu, eta horiek bultzatu beharko gaituzte konfiantza eta ulermena indartzera. Euskadik berez estrategia konpartituak, elkarrizketa eta akordioa behar ditu; Euskadiko enpresak eta langileak honela exijitzen ari dira. Gehiengo sindikal horrek –eta bere lana errespetatzen dut- eseri eta hitz egin behar du nola lagundu herri honi aurrera joaten.

Duela gutxi, Iñigo Urkullu Lehendakariak esan zuen ez dugula konfrontatu behar, elkarrekin lan egin baizik. Ea hurrengoan bilatzailean ELA hitza idazten dudanean, esaldi hauek ateratzen zaizkidan: ELAk adostu du, ELAk negoziatu du, ELA eseri da….Aurkitu dut bat: “ELAk aurreakordioa lortu du Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmenean”, eta uste dut benetan albiste ona dela. Ona izango litzateke Herriarentzat, garapen sozial eta ekonomikoarentzat, horrelakoek jarraipena izatea eta lan harremanei heltzeko modu berri bat bilakatzea. Nola uste duzue langileek jasotzen dituztela tirabirak eta ika-mikak? ELAk ba al du uste osoa eta borondatea elkarrekin lan egiteko arazoak konpondu daitezen?

Konfrontazioak gauzak okerragotu besterik ez du egiten.

Konfrontazioa alde batera utzi

Abokatua eta ama. Bizkaiko Abokatuen Bazkunea. Legebiltzarkidea (EAJ)

4 pentsamendu “Konfrontazioa alde batera utzi”-ri buruz

  • Hona hemen zer erantzun utzi dion Amaia Arregiri uonederra delako batek Uriola atarian:

    Ordezkatzen dituen langileen aldeko lanean dabil ELA eta emaitzak lortzen ditu: Barcelo hoteletako garbitzaileak (https://www.mrafundazioa.eus/eu/artikuluak/occi…), Euskaldunako azpikontratatuak (https://www.mrafundazioa.eus/eu/artikuluak/eule…), Bizkaiko erresidentziak (http://www.argia.eus/blogak/begi-bistan/2017/10…), Gipuzkoako hotelak (https://www.ela.eus/eu/zerbitzuak/albisteak/gip…), eta beste hainbat gehiago (https://www.mrafundazioa.eus/eu/artikuluak/tag/…). Zuk diozun bezala tinko borrokatu behar da emaitza hauek lortzeko, langileen lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko. Bai enpresetan, bai enpresetatik kanpo. Horregatik, proposamenak egiten dituenean (DSBEren aldeko ILPa, 1.080 euroko pentsioak, sistema publiko duina, atzo Iruñean egin genuen Alternatiben herria…) eta langileak kaltetzen dituzten politikak salatzen dituenean (agintean dagoena dagoela) ordezkatzen dituen langileen aldeko lanean dabil ELA.

  • Bai, erantzun hori utzi diot Uriolan. Ni naiz uonederra delakoa. Mila esker hona ekartzeagatik, garrett delakoa 😉

  • Bitxia Amaiaren iritzia. honako hau, besteak beste: “Denbora luze daramat pentsatzen ELA sartu dela legitimatuta ez dagoen esparru batean: politikan”. ELA, sindikatu guztiek, herri-mugimendu guztiek eta baita herritar guztiok ere , juridikoki berdinak garen neurrian politikan aritzeko eskubide osoa dugu. Alderdiek politikaren monopolioa dutela pentsatzea oso adierazgarria da.

  • Muturra behar da esateko konfrontazioa alde batera utzi behar dela. Itsu gaude ala? Ehundaka mila gazte daude lanpostu duin bat topatu, gurasoen etxetik alde eta familia bat osatu ezinik, hilabete gutxira begirako bizi planak egiten etorkizuna erabat ziurgabea zaielako. Zer espero duzu bada, denari amen egitea?