Hau da hau “garbiketa morea”! (Iruñean eta euskararen kontra)

Hau da hau “garbiketa morea”! (Iruñean eta euskararen kontra) –

Amelia Barquinek idatzia eta Kinka blogetik jasoa.

“Gabiketa more” (purple washing) moduan nahiko kasu flipantea, alajaina. Larunbat arratsaldean Iruñean euskararen kontrako manifestazioan paskin txiki batzuk bota zituzten deitzaileek hiriaren erdigunean. Ale bat gorde nuen, zelako perla:

Hau da hau “garbiketa morea”! (Iruñean eta euskararen kontra)

Garbiketa morea da –labur esanda–  emakumeen aldeko diskurtsoa erabiltzea, norberaren irudia zuritzeko eta beste helburu batzuk lortzeko, emakumeekin loturarik ez dutenak eta, areago, emakumeen kontra joan daitezkeenak.

Azken aldi honetan adibide potolo bat izan da Israelek Eurovision festibala irabaztea Netta Barzilairen kanta bati esker, feminista moduan ulertua izan dena. “I´m not your toy”, esaten zion Barzilaik gizon bati bere abestian. Ze moderno, erreibindikatzaile eta aitzindari gelditzen diren kantaria eta ordezkatzen duen herrialdea… bertan emakume palestinarrak (gizonez gain) egunero heriotzara eramaten dituzten bitartean.

Euskararen kontrako paskinetan, Iruñean Manada delakoak egin zuen bortxaketa erabiltzen da. Eta baita tratu txarren kontrako diskurtsoa ere (“ez da maitasuna, indarkeria da”, “ez da ez”, alegia). Zer adierazteko oraingo honetan? Euskara bultzatzea ez dela maitasuna, bortxaketa baizik; eta Nafarroak EAEtik omen datorren eraso abertzale horri ezetz esaten diola.

Irudiek islatzen dutenaren arabera, Nafarroa ihes egiten duen emakume bat da, eta erasotzaileak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia dira, talde moduan eta labanekin armatuta, emakume horren atzetik korrika egiten dutenak, bortxatzeko asmoz. Gizon jazarleak emakume babesgabearen kontra. Hemen ere, emakume metaforiko horren defentsaren izenean, paskina egin dutenei ahazten zaie Nafarroan emakume ez gutxik euskararen aldeko jarrera dutela; are gehiago, emakume ez gutxi euskaraz bizi direla. Manifestazioaren deitzaileak haien kontra aritzen dira.

Tira, garbiketa morearen adibide biribila. Ez da gure artean aurkitu ahal izan dugun bakarra: duela urte gutxi Arabako Foru Aldundiak garbiketa morearen beste ale eder bat eskaini zigun, kasu horretan etorkinen kontra (azalpena hemen).

Emakumeen aldeko diskurtsoa horrela manipulatzea zikin jokatzea da? Bai, dezente. Baina irudikatu dezaket estrategia eraginkorra izan daitekeela eta populazioaren parte batera helduko dela…

Goizean, hiri berean, Alternatiben Herria ekimenean esperantzarako aukerak jorratu ziren. Pozgarria.

Hau da hau “garbiketa morea”! (Iruñean eta euskararen kontra) Hau da hau “garbiketa morea”! (Iruñean eta euskararen kontra)

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.