Koldo Izagirrek, atzoko eta gaurko ezkertiarrez
Manifestua
Zutik, lurrean kondenatu… Bai, aldian behin, zutitu egiten dira lurrean kondenatuak dauden langileak. Lurrean kondenatuak eta historiatik kanporatuak. Eta hala ere, ahaztuak direnok historia egiten saiatu izan ziren.
Historia egin, historia aldatu.
Kondenatu haiek, historiak baztertu haiek, lurra eta kontzientzia dira gaur.
Eta lurretik zutitzen ari dira mende erdi luzeko hezurrak, memoriaren eskuek.
Ez dira hezurrak ordea, frogak dira, izenik gabeko lurretik, hil-putzutik, erahilketa inpunetik, programaturiko ahanzturatik, hautsetik goratzen direnak.
Aita hautsa futurora zoazena,
Jainkoak dizula bide, hauspo eta hegal,
Aita hautsa futurora zoazena.
Hautsa hegal bihurtu zen, futuroa jo zuen, orain hau. Eta hegan jarraituko du biharko orainetara bonbardaturiko herrietatik, Cesar Vallejok eskatzen zuen bezala, Peruko poeta handi hark, Hiletazko arrada Durangoko zakarrei izeneko poeman.
Hautsa, hezurrak, saboteatu diguten memoria konpontzeko ore anonimoa.
XX. mendeko 30ko urteetan bizi izan zuen Euskal Herriak bere heldutasun politikoaren lehen froga.
Berdintasunezko gizarte baten aldeko borrokan, sozialismoa boterean zegoela, estatu burgesaren alternantzian, alderdi komunistaren sorreran, altxamendu faxistaren aurkako erresistentzian, nazioarteko elkartasunean, nazien gerragintzaren aurrean isolaturik, porrotean, herbestean, zapalketan, espetxean, epaiketarik gabeko sententzietan eta defentsarik gabeko epaiketetan, goiznabarreko fusilaketetan, ikaraz, heriotzez hartu zuen heldutasun politikoa Euskal Herrian. Eta erresistentzian, berriro.
Gizonezko eta emakumezko, buruzagi eta militante xume, milaka euskal herritarrek egin zuten bat ideal hartan: Euskal Herria libre eta sozialista.
Bonbardatuak eta erraustuak, hil-bizi luzean egon ditugu zain Euskal Herria noiz zaien batuko.
Pixkanaka, lege eta politika traba guztien gainetik, haien hezurrekin batera jaso ditugu hegalak: askatasun eta berdintasun sozialeko ideala.
Horregatik, kapitalismoaren ideologiaren mende, aldaketarako saio guztiak eragozten dituen etsipen sozialeko garaiotan, oroimen historikoak eta kontzientzia politikoak eskatzen digun zeregina da totalitarismoari azken ondorioetaraino aurre egin zioten borrokalari haien mezua eta eredua ezagutzera ematea.
Monumentuak eta omenaldiak beharrezkoak dira memoriaren jarraipenerako.
Baina oroimen eragilea borrokalari haien hitzen eta eginen bitartez transmititzen da, orain honetan eman dezaketen argian.
Historia betea delako garaile ez izanagatik gizateriaren aurrerapenean mugarri izan ditugun borrokez.”
Egitaraua
Larunbatean aurrera eramango diren ekitaldiak:
11:00etan, Gernika plazan, 1931ko langileen grebako manifestazioan hil zituzten si pasaitarrei omenaldia. Plaka jarriko dute.
12:00etan, Trintxerpeko Alkateordetzan, hitzaldia.
-Gaia: ‘Atzo eta gaurko euskal mugimendu ezkertiarrak’.
-Hizlariak: Iñaki Gil de San Vicente eta Antonio Alvarez Solis.
14:00etan, Trintxerpeko pilotalekuan, herri bazkaria. Txartelek 15 euro balio dute. Baserriko produktuekin egingo dituzte jakiak. Xabier Silveira eta Freddy Paia bertsolariek parte hartuko dute bazkarian.
17:00etan Trintxerpeko alkateordetzan, hitzaldia.
-Gaia: ‘Marxismoa eta independentzia’.
-Hizlaria: Itziar Aizpurua.
19:00etan, Trintxerpeko pilotalekuan, ekitaldi politikoa.
22:00etan kontzertua San Pedroko Udal Aretoan
Informazio gehiago hemen.