Koldo Izagirre: “Diskoaren desagerpena kaltegarria da gure entzumenaren eta kulturaren garapenerako”

Bart arratsean hasi zuen Koldo Izagirrek ‘Parisen bizi naiz’ (Susa, 2013) poema liburua aurkezteko errezitaldi bira Zarauzko Garoa liburudendan. Lagun eta ezagun artean errezitatu zituen Donostiaz, hiriez eta oraingo garaiaz askotan era sarkastiko batean mintzo diren poemak. Hitzekin jolasean abila da Izagirre, eta ZuZeuk bere kultur ohiturez galdetu zion liburudendako sotoan. Hona hemen bere erantzunak.

Koldo Izagirre
Koldo Izagirre Zarauzko Garoa Liburudendan

Zer ari zara orain irakurtzen?

Orain Juan Goytisoloren nobelak ari naiz irakurtzen. Batzuk lehen aldikoz, eta beste batzuk gogoratzen.

Zinema gustatzen zaizu? Zer ikusi duzu azken aldian eta zer gomendatuko zeniguke?

Ez naiz zinemara joaten.

Eta etxean?

Bai ‘Arte’ ikusteko ohitura badut. Zenbait pelikula ikusi ohi dut bertan. Baina ez naiz telebistazalea, dokumentalak eta filmak besterik ez ditut ikusten. Dibertimendu programa txukunik ez dut topatzen. Eta teleberri txukunik ere ez.

Prentsari dagokionez, zer egunkari erosten duzu?

Berria erosten dut. Dena den, gaur egun eskura dauden baliabideekin mundu guztiko prentsa irakur daiteke.

“Ez naiz zinemara joaten”


Zer hedabide digitaletan sartu ohi zara?

Bada, Rue 89, Liberation eta Frantziako prentsan, Hegoamerikakoan baita… Webgune politikoagoetan ere sartzen naiz, Voltaire sarean adibidez. ZuZeun baita, eta kolaboratu izan dut noiz edo noiz eta sartzen naiz, baina, konplikatua egiten zait. Dinamika hain handia du, ezen batzuetan gauza konkreturen baten bila hasten naizenean galtzen bainaiz. Interesgarria da, askotan bestela ikusiko ez nituen gauzak topatzen ditut.

Zer musika gomendatuko zenioke ZuZeulariari?

Klasikoak. Betiko kantagintza klasiko hori, ez bainago oso egunean. Euskal kantagintza jarraitzen dut, baina, gainerakoa ez dut asko dominatzen egia esan. Nere gaztetako kantagintza asko maite dut, mundu guztiak bezela. Eta saiatzen naiz oraindik ere CDak erosten.

CD zale nostalgikoa zara orduan?

Bai, beldurra ematen dit dekonstrukzioak edo intangible bihurtzen den horrek eta lehengo egunean, beste kontu batengatik elkarrizketa bat ikusi eta entzun nuen -interneti esker- George Moustakirena. Eta horrekin ari nintzela, beste lotura batekin egin nuen topo. Musikari baten iritzia zen, musikari eta mundu digital honi buruz; CDa edo disko formatua desagertzea kaltegarria litzateke, horrela gure gustuko menua egingo baikenuke eta ez baikenuke sekula sorpresarik hartuko. Orain disko osoa ez da obra gisa ulertzen eta piluletara jotzeko ohitura da nagusi. Hori kaltegarria da musikarientzako eta baita guretzako ere, gure entzumenaren garapenerako, gure kulturaren garapenerako. Oso gauza nabarmena da.

Andu Lertxundi eta Koldo izagirre eta Garoa
Andu Lertxundi eta Koldo Izagirre Garoa liburudendan atzoko errezitaldiaren aurretik
Koldo Izagirre
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude