Eskozia ez doa

Eskoziako Highland-etako behia.
Eskoziako Highland-etako behia.


Baliodun inkesta bakarra irailaren 18koa izango dela errepikatuko dute. Joko politikoaren parte dira adierazpen horiek. Publikoki ez dute esango, baina independentistek kezkaz irakurriko dituzte galtzaile jotzen dituzten inkestak. Hamar hilabete gelditzen zaizkie “itxaropena” salduz estatu bat irabazteko.

Lehen Ministro Alex Salmondek independentziaren Liburu Zuria argitara eman zuen asteartean (laburpena PDFn), etorkizuneko 650 galdera sortuz eta aldi berean erantzunez. 370.000 bisita izan ditu Eskoziako Gobernuaren webgunean eskegitako gidak. Datu zibernetikoari aipamen eginez, Salmonden arabera, “begi bistako gogo horrek erakusten du indepedentziak izango duen eraginaz interesa dutela eskoziarrek”. Eskoziako Gobernuak itxaropen handia jarri du dokumentu horretan. Hainbaten ustez gidaren aurkezpena baiezkoaren kanpainaren inflexio puntua da.

scotlands future

Igandearekin, Salmondek White Paper ibilbide-orriaren apologia egin du Herald Scotland egunkarira bidalitako gutunean. Aldi berean, Better Together kanpaina unionistari hatza begian sartu dio, “etorkizuneko ikuspegia” falta zaielakoan: “Now you know our vision for the future … where is the No campaign’s?”.

Gobernuak Liburu Zuriarekin eragin nahi izan duen bulkadak, ordea, ez du berehalako isladarik izan. Inkestetan berriz egin dute kale. Egia esan, beti atzetik egon dira, salbuespen bakarrarekin: SNP alderdiak irailean agindutako ikerketak %1 aurretik jarri zituen indy-ak. Baina, egunkariek eskatzen dituzten inkestek ez dute horrelako joerarik adierazten. Erresuma Batuko Daily Mail egunkari kontserbadoreak abenduaren 1ean kaleratutako inkestak bi aukeren arteko alde handia erakusten du: independentziari bai %27, ez %59, erabakitzeke %14. Lagina 1.100 lagunekoa izan da. Adinean gora egin ahala igotzen da unionisten aldeko botoa. Liburu Zuria aurkeztu eta biharamunean egin zituzten galderak.

Independentziaren aldekoak %27 dira, eta kontrakoak %59, azken inkestaren arabera

Inkesten sinesgarritasuna gorabehera, konbentzitzeko gizarte esparru zabala du oraindik Eskoziako Gobernu independentistak. Badirudi, argudio pisutsuak emanagatik ere —errepikatuena “hobeto biziko zara”— ez dutela egoerari buelta emateko tekla egokia aurkitu. Momentuz bederen. Politika fikzio apur bat eginez Imanol Muruak Berrian idatzi duenez (Unionisten grazia), “nahiago luke Salmondek gure unionisten estilo fin berarekin jokatuko balute bere unionistek, Londresi adio esateko gogoari hauspoa eman eta inkestei buelta emate aldera”.

Eskozia zenbakitan. Liburu Zuriaren infografia bat.
Eskozia zenbakitan. Liburu Zuriaren infografia bat.

Liburu Zuriaren helburuak eta kanpainako mezuak

Ian Bell zutabegilearen arabera, Liburu Zuriarekin independentziaren erronka “erromantikoa bezain praktikoa” dela erakutsi nahi izan du Eskoziako gobernuak (The dreich day in November destined to go down in history).

Aldiz, Meritxell Ramirez soziologoak idatzi du Liburu Zuriaren aurkezpenean Salmondek eta Surgeonek “epika politikoa baztertu eta proiektu independentista kudeaketa administratibo hutsa” balitz bezala komunikatu dutela. (El llibre escocès de la persuasió)

Biek ala biek bat egiten dute: Scotland’s Future dokumentuaren helburua pertsuasiboa da, urratsez urrats segiko den gida bat baino. Bide batez, indy-en argudioen ahulguneak erantzunez hornitzeko ere balio izan du. Esate baterako, NATOrekin, Erresuma Batuko monarkiarekin eta txanponarekin egingo dena behingoz paperaren ziurtasunean txertatzeko. Ramirezen arabera auziaren aurreko galdera aldatu du Liburu Zuriak: “Baldintzazko zer gertatuko litzatekeen Eskozia estatu balitz izatetik, posibilitatea erakusten duen zer gertatuko da Eskozia independientera”.

“Itxaropena” da baiezko mezuaren akuilua, “beldurra” ezezkoarena

Lehen otutzeak ere ezinezko ziruditen galderak erantzuten hasita, indy-ek arrazoien gudua irabazteko itxaropena handitu dute. Hain zuzen ere, independentziaren aldeko kanpainak hori du alde. Mezu positiboa, “Bai” bat, ezezko beti desatseginaren aurrean. Eta, gainera, lehen aipatutako “itxaropena” kontzeptu erakargarriaren monopolioa. Euan McColm kazetariak idatzi du Scotsman egunkarian horri buruz (Don’t abandon all hope just yet).

Hamar hilabeteko lana gelditzen zaie Yes Scotland eta Better Together kanpainetako antolatzaileei. Epe laburra dirudi herritarrak batera edo bestera mugitzeko. Horretarako, pertsuasio politikoaren arma guztiak erabiliko dituzte, beldurra eta itxaropena bezalako kontzeptu abstraktuak ahitu arte. Bi aldeek bozketaren egunera arte tentsio politikoa mantendu nahiko dute. Kezkatuta dauden independentistek partida hasi baino lehen ez galtzeko, eta, unionistek,  gaur gaurkoz gehiengoa dutenez gero, boto ihesaren zirrikituak estali eta bozketa egunean mobilizazioa bermatzeko.

Larrun aldizkariak beste prozesu independentista bati buruzko monografikoa argitaratu du orain gutxi: ‘Katalunia badoa‘. Baieztapen ausarta da. ‘Eskozia ez doa’ esatearen tamainakoa ziur aski.

Gaiaz gehiago:

Subiranotasunaz, Urtzi Urrutikoetxea.

Eskozia, independentzia, inkestak, liburu zuria
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

3 pentsamendu “Eskozia ez doa”-ri buruz

  • Eskoziarrek independentziaren aurka bozkatuko dutela?
    Bueno, niretzat pena bat izango zen, baina azken finean beraiek demokratikoki hartutako erabakia izango da. Eta hori da gakoa: erabakitzeko eskubidea eta aukera daukatela, erabakia aurrerago aldatzeko aukera izango dutela hala nahi izanez gero.
    .
    Eta guk hemen koskorrekoak, zigorrak eta mehatxuak etengabe jasotzen.

  • Eskozia herri okupatua dela onartzen badugu, eskoziarrek demokratikoki independentziaren aurka bozkatzearen aukerak ez du zentzurik. Inglesak izan nahi duten erabaki ahal izateko aurrez independienteak izan behar dute.

  • Gaztelerazko “moneda” euskaraz ez da beti “txanpona”. Ingelesezko “coin” esateko, bai, baina “currency” esateko ez. Euroa edo dolarra ez dira “txanponak”. Horretarako, “moneta” edo, arruntago, “dirua” (“errubloa da Errusiako dirua”, esaterako).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude