Kiratsa dario
Kiratsa dario –
Askatasuna gero eta estuago jarri eta gero eta maiteago dut. Amerikako Estatu Batuetatik Europako estatu banatuetaraino muturreko eskuinak, harik eta faxistak izateraino, oinarrizko askatasunen aurkako erasoaldi latza egiten ari dira. Espainiako Estatuan ere egoera ez da samurra, askatasunaren aldeko erasoaldiari kiratsa dario.
Joan den otsailaren zortzian ETB1ean Euskalduna naiz eta zu? Umorezko telesaioan Espainia hizpide izan zuten. Ikusi nuen, berriz ere ikusi nahi izan dudanean, ordea, EITBko zentsoreek ezabatu dute, ez dago nahi eran ikusterik. Maite dugu askatasuna eta ez zaigu zentsurarik bat ere gustatzen. Gure buruaz barre egiten dakigu, telesaio horretan bertan ikusi ahal izan dugu.
Euskaldunak estuak gara, ez dugu txortan egiten ligatzen ez dakigulako, biolentoak gara, kamutsak, ez jakinak, astakirtenak, dotore janzten ez dakigunak, gure burua handiesten dugunak, beste herriak gutxiesten ditugunak eta abar iraingarria. Astero astero esan dizkigu horiek eta are handiagoak ere; astelehenitatik domekatxo bitartean. Barre egin dugu. Barre egin dugu gure zortzi deiturekin ere. Batzuk mindu dira, egia da, baina ez zuen inork salatu euskaldunen bizkar egiten zen umore zabarra. Agian bateren batek egin beharko zukeen. Baina ez zuen inork egin. Are gehiago, euskaldunen telebista publikoa izan da tankerako ikuskizunak ordaindu eta gehien zabaldu duena. Euskaldunenganako gutxiespenetan txapeldunak gu.
Ikus-entzuleen proportzioari begiratuz gero Euskalduna naiz eta zu? Telesaio ikusienetako izan da. Behingoagatik telebistaren programazioan zerbait berri eta freskoa ikusteko aukera izan baitugu. Espainiak ez du oso irudi onik euskaldunen artean, egia da, kiratsa dario, eta Espainiako alderdiek eta agintariek euren zentsura gosea eta umore eskasiarekin areagotuko dute Espainiaren irudi txarra.
EITBri eskatuko nioke zentsuratzeari uztea, ezabatutako Euskalduna naiz eta zu? Telesaioa berriro ikusgai jartzea eta, batez ere, adierazpen askatasuna defenda dezala. Azken buru, ETB telebista publikoa baita, euskandunona ere.
Kontua ez da bakarrik ETBri zentsurarik ez izateko eskatzea.
Sakonagoa da hemen arazoa: Espainiak irentsi egiten gaitu eta guk ez dugu ezer egiten horren kontra. Protesta bigunen bat noizean behin.
Baina bake soziala eta bizikidetza dela medio, gure erantzuna espainolitatea irenstea eta dijeritzea da: espainol sistemak eta erakundeak irentsi; espainolen kultur moldeak eta ohiturak irentsi eta geure egin; ikurrak, kirol sistemak eta sareak irentsi; gutaz barre egiten dutenean ere, haien umorea irentsi eta propio egin; espainolago egingo gaituen espainol hizkuntza etengabe irentsi; gaztelaniaren erabilera lurralde euskaldunetan ere normalizatu eta gureago egin (zeinen ondo betetzen duen lan hori ETB1ek teleberrietan!); barbarismo espainolak neurririk gabe irentsi eta gure hizkuntzari erantsi eta euskara gero eta pobreago bihurtu…
Zentsuraren arazoa txikikeria bat besterik ez da jadanik onetsia dugun erabateko espainolizazio prozesu honetan.
Dena ez dago galduta meredith. Denok ez daukagu onetsia erabateko espainolizazio prozesua, ezta urrik ere! Esaten dituzunak neurri hadian partitzen dut. Sentitzen dut benetan etsita eta abailduta egotea meredith. Ni ez, segituko dut euskara eta Euskal Herriaren alde borrokatzen eta, jakina, adierazpen askatasunaren alde ere. Osasuna eta Askatasuna.
Independentzia behar dugu, benetan. Ez dut nahi espainiako estatuaren parte izan. EZ DUT NAHI!!